Bidesariak

Garraiolarientzako arkuak aktibatu ditu Bizkaiak N-240an eta BI-625ean

N-240a osorik zeharkatzen dutenek 17,34 euro ordaindu beharko dituzte, eta BI-625 errepidearen ibilbidea osorik egiten dutenek, berriz, 4,50 euro.

BI-625 errepideko arku bat, Basaurin (Bizkaia). OSKAR MATXIN / FOKU
inaut matauko rada
2023ko urtarrilaren 25a
11:36
Entzun

Gipuzkoaren ostean, Bizkaia dator: N-240 eta BI-625 errepideak ordainpeko bihurtu ditu Foru Aldundiak ibilgailu astunentzat. Gaur hasi dira bide horiek erabiltzeagatik ordainarazten, baina, hala ere, Bizkaiko Aldundiaren asmoak ez dira hor amaitzen, udaberrian beste hiru errepide ordainpeko bihurtu nahi baitituzte garraiolarientzat: Txorierriko korridorea (Erletxe-Barakaldo), Kanpazarko bidea (Gipuzkoako mugatik Abadiñoraino) eta A-8aren zati bat (Abantotik Kantabriako mugaraino).

Ikusi gehiago:Euskal Herriko ordainpeko errepideen mapa.

Hasieran, Bizkaiko Aldundiak urtarrilaren 1ean bihurtu nahi zituen ordainpeko bi errepide horiek, baina gaur arte atzeratu dute azkenean. Izan ere, denbora tarte bat eman nahi izan diete garraiolariei ordainketa sistemak ezartzeko eta eskainiko dituen deskontuetarako izena emateko —astelehenean 636k eman zuten izena—. Gipuzkoako sistema bera erabiliko dute Bizkaian, zirkulazio libreko teleordainketa sistema: ibilgailuak kameraz betetako arkuen azpitik igaroko dira, geratu gabe, eta arkuek aterako dituzten argazkiekin jakingo du aldundiak kamioi bakoitzak errepidearen zer zati erabili duen. Ordainketa Via-T eta antzeko ordainketa sistema elektronikoen bitartez egin beharko dute ibilgailuen jabeek; halakorik ez badute, ordainketa agindua ibilgailuaren jabearen helbidera iritsiko da. Ordaintzen ez dutenei isuna jarriko diete.

BI-625 errepidea Basauritik Arakaldora doa, eta egunean 1.700 kamioik erabiltzen dute. N-240a, berriz, 1.600 ibilgailu astunek erabili ohi dute egunean, eta Ubidetik Galdakaora doa. Lehena osorik zeharkatzeagatik 4,50 euro ordaindu beharko dute kamioilariek, eta bigarrenean, berriz, 17,34 euro. Hala ere, deskontuak izango dira errepidea asko baliatzen dutenentzat: %13 gutxiago ordainduko dute hilean gutxienez hogei aldiz erabiliz gero, eta gutxien kutsatzen duten ibilgailuek, berriz, %25eko deskontua izango dute.

Nafarroan, bide bera

Nafarroako Gobernuak ere bost errepide ordainpeko bihurtu nahi ditu kamioilarientzat. A-1, A-15, A-10, A-68 eta N-121-A errepideak dira, baina bakoitzak bere prozesua eta epeak ditu. A-1a izango da lehena, Gipuzkoako mugatik Arabakora, Etzegaratetik Ziordira doana, eta Bernardo Ziriza Lurraldeko Kohesioko kontseilariak urrian Parlamentuan azaldu zuenez, 2023a amaitu aurretik ezarri nahi dute. Ordutik hona berritasunik ez dela izan esan diote sail horretako iturriek BERRIAri.

Iazko ekainean onartu zituen Nafarroako Parlamentuak bidesariak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin. Europako Batzordeari bidesariak jartzeko baimena eskatu dio gobernuak, baina oraingoz ez du erantzunik jaso. Hori lortutakoan, Nafarbide sozietate publikoa osatuko dute bidesariak kudeatzeko. Parlamentuko iturrien arabera, kanpoko aholkularitza etxe bat ari da haren estatutuak lantzen, baina oraindik ez zaie zirriborrorik aurkeztu taldeei.

Bildutako bidesariarekin Nafarroako errepide sarean egin beharreko konponketak egingo dituela ziurtatu du gobernuak, azken urteetan arlo horretan motz geratzen ari dela uste baitu. Haren kalkuluen arabera, urtero gutxienez 70 milioi euro behar dira 3.821 kilometroko errepide sarearen mantentze lanak finantzatzeko. Alta, azken hamar urteetan batez beste urtean 28 milioi euro inbertitu dira zeregin horretan; erdia baino gutxiago, alegia. Bidesariekin urtean 45 milioi jasotzea da asmoa.

2024an beste bi bide ordainpeko bihurtzekoak dira. Urtearen lehen erdian, A-68 autobidea, Castejon eta Cortes artean; amaieran, berriz, A-15a (Irurtzun-Leitza) eta A-10a (Irurtzun-Altsasu). Gehiago itxaron beharko da N-121-A errepidea ordainpekoa izateko: 2026 amaieran edo 2027 hasieran izango da, errepide hori zabaldu eta 2+1 moduko bide bat bihurtzen denean.

Edonola ere, Zirizak ohartarazi du data horiek behin-behinekoak direla eta alda daitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.