Albistea entzun

Aresen heriotza

Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagi izandakoa hil da

Bilbon hil da, 68 urterekin. 2009-2012ko legealdian, Patxi Lopez lehendakari zela, Barne sailburu izan zen; tartean, Ertzaintzak Iñigo Cabacas gomazko pilota batekin hil zuenean. Loiolako eta Genevako negoziazioetan aritu zen, PSE-EEren ordezkari.

Aresek esanak, eta harrotutako hautsak

Rodolfo Ares
Rodolfo Ares Raul Bogajo / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2023ko urtarrilak 26

Rodolfo Ares PSE-EEkoko buruzagi ohia hil da, 68 urte zituela. Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izan zen, 2009 eta 2012 artean. Aurretik, 1994tik 2009ra, Eusko Legebiltzarreko kide zen, eta Fernando Buesaren lekukoa hartu zuen parlamentuan PSEko bozeramaile gisara, ETAk 2000. urtean hura hil ostean. Barne sailburu izaten utzita ere, 2016ra arte legebiltzarkide izan zen Ares. PSEren Koordinazio eta Antolakuntza idazkari izan zen 1995etik 2009ra, Ramon Jauregiren, Nicolas Redondoren eta Patxi Lopezen garaietan.

PSEko buruzagia izanda, azken bi hamarkadetan rol garrantzitsua izan zuen Euskal Herriko politikan. Bera zen alderdiaren buruetako bat Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik Txillarreko elkarrizketak hasi zituztenean. Loiolako negoziazio prozesuan PSEko negoziatzaileetako bat izan zen, Egigurenekin batera. Esana da alderdi sozialistan bera zela Loiolako elkarrizketetan Madrilekin mezuak trukatzen zituena. Genevako negoziazioetan ere, Batasuneko eta ETAko ordezkariekin bildu zen. Aresek, baina, gogor jokatu zuen beti euskal gatazkan. «Ezkutuko» buruzagia, Madrilgo zuzendaritzaren «mezularia»: horiek eta beste esan izan dira Rodolfo Aresi buruz.

Ikusi gehiago: Aresek esanak, eta harrotutako hautsak

ETAren aurkako borrokan tematu zen Ares. Espainiako segurtasun indarrekin elkarlana estutu zuen legealdiaren hasieratik, eta erabateko sintonia izan zuen Alfredo Perez Rubalcabarekin. Barne sailburu zela, Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako Unitatea sortu zuen, eta kalean zeuden euskal presoen argazkien eta haien eskubideen aldeko ikurren kontrako borroka abiatu zuen. Eta erakutsi bere xedea zela errealitate politiko bat ezabatzea. Ezker abertzalearekin zerikusia izan zezakeen edozein adierazpen kentzen aritu baitzen Ertzaintza.

ETAk jardun armatua utzi ostean ere, atxiloketekin jarraitzeko asmoari eutsi zion Aresek. Horiekin lotuta, aurre egin behar izan zien tortura salaketei ere. Hala, 2010eko urtarrileko operazio batean atxilotutakoei dagokienez, esaterako, Barne Sailak tratu txarrak ikertu ez, eta Aresek kereila jarri zuen haien abokatuen aurka; Urtza Alkortak Ertzaintzaren atxiloaldian salatu zituen torturen erantzule zela esan zuen Alfontso Zenonek. 2014an, Zenonen aurkako epaiketa irabazi zuen.

Halaber, Ares sailburu zela hil zuen Ertzaintzak Iñigo Cabacas Athleticen zalea, 2012ko apirilean, futbol partida baten ostean, gomazko pilota batekin. «Nik nire betebeharra bete dut», esan zuen urtebete geroago. Aresek ertzainen jokabidearen inguruko azalpen ugari eman behar izan zituen legebiltzarrean. Cabacasen heriotzagatik ez ezik, Gasteizen Xuban Nafarrateren zauri larriengatik, Bilbon Kukutza gaztetxea hustean erabilitako bortxagatik... Ertzaintzaren defentsa sutsua egin zuen Aresek; adierazi zuen jasotako kritikek Ertzaintzaren irudia zikintzeko xedea baino ez zutela, eta «horren guztiaren» erantzule egin zuen ezker abertzalea.

Galizian jaio zen Ares, eta haurra zela etorri zen Euskal Herrira, Bilboko Otxarkoaga auzora. Ibilbide politikoa 1983an hasi zuen, Bilboko Udaleko alderdi sozialistako zinegotzi izateko hautatu zutenean. 1991ko udal hauteskundeetan, Bilboko PSE-EEren alkategai izan zen.

Erreakzio ugari

Erreakzio soka eragin du Aresen heriotzak. Alderdikideena, lehenik. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, «pertsona oso garrantzitsua» izan da alderdiko militanteentzat. Baina haren lana ez da PSE-EEra mugatu: «Gaur Euskadi bakean bizi bada, neurri handi batean Rodolfo Aresen dedikazioagatik bizi da hala, buru-belarri ibili zelako eta konpromiso politikoa izan zuelako». Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak ere haren lana goraipatu du: «Bere bizitzako minutu erdi batean ere ez dio utzi sozialismoaren zerbitzura egoteari». Eta sozialismoaren zerbitzura bai, baina nabarmendu du «gizartearen zerbitzura» ere egon izan zela, eta «askatasuna» erdiestera bideratu zuela bere jarduna. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela izan zen Herrizaingo sailburu Ares, eta hitz egin du hark ere, sare sozialen bidez. «Atsekabetuta» agertu da, «erresistente ordezkaezin bat» hil delako: «Euskadi eta Espainia beti zorretan egongo dira zurekin».

Eusko Jaurlaritzaren erreakzioak ere iritsi dira. Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du «Euskadirentzat onena» nahi izan zuela: «Terrorismoaren aurkako borrokan ezinbesteko lana egin zuen, bere bizitza arriskuan jarriz». Bingen Zupiria bozeramaileak, berriz, esan du «galera humano handia» dela Aresen heriotza, «eta politikoki garrantzitsua». Antzera mintzatu da EAJ: Twitter bidez adierazi du «atsekabez eta minez» jaso dutela «euskal sozialismoaren erreferentea» hil den albistea, eta doluminak eman dizkie senideei eta alderdikideei.

Oposizioan ere zeresana eman du. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordintzaile nagusiak Twitter bidez hartu du hitza. Azaldu du denbora batean harekin elkarrizketak izan zituela eta negoziazioan elkarrekin aritu zirela: «Desadostasunak izan arren, elkarrizketa zintzoa izan genuen».

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez ere mintzatu da. Nabarmendu du «euskal sozialismoaren historiko bat» joan dela, «zerbitzari publiko bat ausardiaz lan egin zuena ETAren amaieraren eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.