EMBko beste 80 autobus sabotatu dituzte, eta hainbat zerbitzu eten dira Ezkerraldean

EMBren autobusen kontrako azaroko sabotaia. BERRIA
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 27a
09:27
Entzun

Beste sabotaje bat izan da EMB autobus konpainian, goizaldean, eta, horren ondorioz, hainbat autobus zerbitzua eman ezinik dira gaur goizean Ezkerraldean (Bizkaia). EMBk ez du oraindik salaketa aurkeztu, baina Bizkaibuseko 80 autobusi kalte egin dietela kalkulatu dute. Aparkabisako aparkalekuan zeuden, Trabapaganen, eta ezezagun batzuek beirak eta ispiluak margotu dituzte.

Sabotajearen ondorioz, Ezkerraldean Bizkaibusen hainbat garraio zerbitzu bertan behera geratu dira gaur goizean. Beirak eta ispiluak garbitu ahala aterako dira autobus horiek errepidera. Guztiak garbitzeko goiz osoa behar izatea espero da, aurrekoetan gertatu den moduan.

EMBk azken hilabeteetan jasan duen hirugarren sabotajea da; azaroan eta abenduan izan ziren aurrekoak. Bizkaibusek Ezkerraldean ematen du zerbitzua, eta lan gatazka batean murgilduta dago. EMBko langileak lan hitzarmena negoziatu nahian ari dira, eta soldata igotzeko eskatzen dute, besteak beste.

EMBko langileek zenbait greba egin dituzte azken hilabeteetan. Azkena herenegun egin zuten, eta langile guztiek egin zuten bat, CCOO sindikatuak jakinarazi zuenez. Juan Carlos Gonzalez sindikatu horretako errepideetako sektoreko arduradunak azaldu zuen ez dela posible Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten konpainia batzuek soldata igotzeari uko egitea, beste batzuek igotzen dituzten bitartean. Erantzukizunaren zati bat Bizkaiko Aldundiarena dela gaineratu zuen, eta horren esku dagoela egoera bideratzea.

Hurrengo grebak egun hauetan izango dira: urtarrilaren 31n; otsailaren 6an, 16an, 22an eta 28an; eta martxoaren 6an, 16an, 22an eta 28an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.