Autogintza
Nissanek eta Renaultek euren arteko aliantza berritu dute
Akordioan jasotakoaren arabera, aurrerantzean Nissanen kapitalaren %15 izango du Renaultek. Orain arte, horren %43 zuen.

Zenbait tirabiraren ostean, akordiora heldu dira gaur Renault eta Nissan enpresak. Orain arte Japoniako konpainiaren kapitalaren %43 zuen Renaultek; baina, aurrerantzean, kapitalaren %15 izango du.
Akordioarekin pauso bat eman dute «gobernantza orekatu» baterantz, Nissanek prentsa oharrean adierazi duenaren arabera. Bada, orain bi enpresek izango dute bestearen kapitalaren %15. «Efizientzia operatiboa sustatzeko akzio partaidetza»; horrela definitu dute aldaketa. Horiek hala, Renaultek akzioen %28 galduko ditu. Baina onura ekonomikoak jasoko ditu akzio horiek guztiak saldu arte.
Batak bestearen enpresan duen partaidetzan egindako aldaketaz gain, beste erabaki batzuk ere hartu dituzte akordioan. Bien arteko lankidetza sustatuko dute auto elektrikoen ekoizpenean, eta euren salmentak sustatuko dituzte Europan, Indian eta Hego Amerikan. Are, Nissanek Amperen inbertituko du, hots, Renaultek ateratako auto elektrikoen dibisio berrian.
Dena den, akordioa ez da behin betikoa izango Renault, Nissan eta Mitsubishi —azken hori 2016an gehitu zen aliantzara— enpresetako administrazio kontseiluetako kideek onartu arte.
Gaur argitaratutako prentsa oharrean, Nissanek adierazi du akordioa «bilera eta elkarrizketa konstruktibo askoren ostean iritsitako emaitza» dela, eta «lorpen historikotzat» jo du. Duela bi hamarkada batu ziren Nissan eta Renault, 1999an. Garai hartan, Renaultek 3,5 milioi euro inguru inbertitu zituen Nissanen, eta horrek Frantziako enpresaren %15 erosi zuen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.