Albistea entzun

Zinema

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. Ikuspuntu jaialdia Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2023ko urtarrilak 31 09:05

Martxoaren 27tik apirilaren 1era bitarte egingo dute Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko jaialdiaren XVII. aldia, Iruñean, eta Sail Ofizialeko lehian izango diren filmen berri eman dute. Besteak beste, Ignacio Aguero, Miryam Charles, Alassane Diago eta Sharon Lockhart zinemagile ezagunek parte hartuko dute, baita Peru Galbete, Gabor Varga eta Malena Zambrani hasiberriek ere.

Denera, 800 film inguru aurkeztu dituzte, 60 bat herrialdetakoak. Hautatutako hemezortzi filmak hamalau herrialdetan eginak dira; bi, Euskal Herrian: Peru Galbeteren Bide bazterrean hi eta ni kantari, Joxean Artzeren poema batzuei buruzko interpretazio pertsonal bat; eta Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren Al borde del agua (Uraren ertzean), Super 8 formatuan filmatutako irudiak nahasiz sortutako film labur bat.

Jaialdiak, ohi duen modu berean, hamar programatan elkartu ditu filmak. Galbeteren laburrarekin batera pantailaratuko dute, hala, Charlesen Cette maison (Etxe hau), neska gazte baten argitu gabeko krimenari buruzkoa. Elorzaren eta Salaberriaren filmarekin batera, berriz, Agueroren Notas para una película (Film baterako oharrak) erakutsiko dute, Gustave Vernioryk Txilera iristean idatzi zuen egunerokotik abiatutako kontakizun bat.

Gainontzean, film hauek emango dituzte: Yunyi Zhuren De songes au songe d'un autre miroir (Beste ispilu bateko ametsean amesteaz) eta Lydie Wisshaupt-Claudelen Éclaireuses (Esplotatzaileak); Peruko Colectivo Silencioren El polvo ya no nubla nuestros ojos (Hautsak jada ez ditu lausotzen gure begiak) eta Mexikoko Unidad de Montaje Dialecticoren Tótem; Rainer Komersen Miyama, Kyoto Prefecture eta Zambraniren Teléfono, Navidad (Telefonoa, Gabonak); Lockharten Eventide (Ilunabarra), fotograma finko baten bidezko gogoeta, eta Comes Chahbazianen Notre village (Gure herria), Karabakh Garaiko gerran girotutakoa; Julius Richard Tamayoren Apocalipsis 20 21 22 eta Vargaren Nagyapám kertje (Aitonaren baratzea); Elvira Sanchez Poxonen eta Christian Bagnaten Tembiapo Pyharegua, Cuencan (Espainia) finkatuta dagoen eta guaranieraz mintzo den Paraguaiko komunitate baten bizitzaren kronika zinematografikoa; Juliette Acharden eta Ian Menoyoten Boulevards de la Senne (Senneko bulebarrak) eta Diagoren Maayo Wonaa Keerol (Ibaia ez da muga bat), Senegalgo sarraski batzuei buruzkoa; eta Claire Teperren eta Paul Pirritanoren Chaylla, indarkeriazko harreman bati buruzkoa.

Lan horietatik sei lehen aldiz erakutsiko dituzte jendaurrean: Bide bazterrean hi eta ni kantari; Al borde del agua; Teléfono, Navidad; Apocalipsis 20 21 22; Tembiapo Pyharegua; eta Boulevards de la Senne. Dena dela, beste guztiak ere lehen aldiz pantailaratuko dituzte Euskal Herrian.

Sail Ofizialeko filmen artean banatuko ditu nazioarteko epaimahaiak —laster esango dute zein diren epaimahaikideak— filmik onenaren sari nagusia (10.000 euro), zuzendaririk onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro) eta film labur onenaren saria (3.000 euro, EITBren babesarekin). Ikusleen sari berezia (1.650 euro) eta gazteen saria ere (1.500 euro) emango dituzte.

Filmak hautatzeko batzordean aritu dira, Manuel Asin jaialdiko zuzendariaz gain, Pablo Garcia Canga, Lur Olaizola, Lucia Salas eta Miguel Zozaia programatzaileak.

Peter Nestler Iruñean

Ikuspuntu jaialdiaren antolatzaileek jada esana zuen Peter Nestler zinemagile alemaniarrari buruzko atzera begirako zikloa egingo dutela festibalean: Bestelako garaiak datoz jarri diote izena. Programa horretan, bereziki nabarmenduko dituzte zinemagileak Zsoka Nestler emaztearekin eta beste kolaboratzaile batzuekin zuzendutako filmak. «Europako dokumental garaikidearen arloan, talderik garrantzitsuenetako bat da», antolatzaileen esanetan, nahiz eta haien lana ez den oso ezaguna Euskal Herrian.

Nestlerrek berak parte hartuko du programa horretan, eta Ikuspuntuk haren ibilbidea aztertuko du urtero argitaratzen duen liburuan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...