Makroekonomia

Atzeraldiaren mamua urrundu du Nazioarteko Diru Funtsak

Uste du munduko ekonomia «inflexio puntu batean» dagoela. Interes tasak igotzen jarraitzea defendatu du, azpiko inflazioak beheranzko joera argia agertu arte.

Kristalina Georgieva NDF Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria, iazko urrian egindako agerraldian. LENIN NOLLY (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 31
13:31
Entzun

Munduko ekonomia errekuperazio sintomak erakusten ari dela nabarmendu du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Urrian egindako hazkunde aurreikuspenak hobetu ditu 2023rako. Zehazki, bi hamarren igo ditu, %2,9raino. NDFk astearte honetan kaleratu dituen datuek bat egiten dute beste erakunde eta gobernu batzuek azken asteetan eginikoekin. Atzeraldiaren mamua urruntzen ari da.

Lau arrazoi eman ditu horretarako. Lehenengoa izan da ekonomiak 2022an izan duen bilakaera uste baino hobea izan dela. Eta lau gertakari azpimarratu ditu: lan merkatua indartsu agertu dela, etxeko kontsumoari eta enpresen inbertsioei eutsi egin zaiela, eta herrialde gehienak «espero baino hobeto» egokitu direla energia krisira.

Bigarren arrazoia da, eta arrazoi nagusia NDFren arabera, inflazioa hobetzen hasi dela. Eta nabarmendu du banku zentralen interes tasen igoeren ondorio dela hori. Gainera, uste du inflazioak goia jo duela. Hirugarrenik, zero COVID politika amaitu ondoren Txinako ekonomia berriro irekitzea aipatu du. Eta horri dolarraren ahultzea gehitu dio.
Hala ere, 2023ko datua ez da ospatzeko modukoa, NDFren arabera. Izan ere, 2023rako aurreikusitako hazkundea 2022koa baino ahulagoa dela azpimarratu du, eta okerrera egiteko arriskuek bizirik jarraitzen dutela ohartarazi du.

«Lurreratze leuna»

NDFk oraindik arazo larritzat jotzen du herrialde askoren azpiko inflazio handia. Baina uste du komeni dela banku zentralek interes tasak igotzen jarraitzea azpiko inflazioak beheranzko joera argia agertu arte —EBZ ostegunean bilduko da, eta oso litekeena da erabaki hori hartzea—. «[Interes tasak] goizegi apaltzeak orain arte lortutako lorpen guztiak deuseztatuko lituzke», azpimarratu du NDFk.

Erakundeko analisten arabera, «lurreratze leunaren» hipotesia nagusitzen ari da; hau da, banku zentralak inflazioa kontrolatzeko gai izatea, atzeraldirik eragin gabe. Geldialdi ekonomikoak saihetsezina dirudien arren, nabarmendu du krisi energetikoaren aurkako erresistentzia handia dela, negu leunari eta gobernuen estimulu fiskal sendoei esker.

Beste arrisku batzuen artean, Ukrainako gerraren bilakaera eta COVID-19aren aurkako Txinako politikak nabarmendu ditu. Txinaren kasuan, NDFk dio «herritarren immunitate txikiak eta ospitaleen gaitasun eskasak» zeharkako ondorioak izan ditzaketela munduko gainerako herrialdeetako ekonomietan; beste beste, hornidura kate globalean sor daitezkeen arazoengatik. Horrekin batera, herrialde batzuen zorpetze handia azpimarratu du.

Era berean, NDFk ohartarazi du Ukrainako gerrak eta Errusiari jarritako nazioarteko zigorrek krisiaren aurreko tentsio geopolitikoak indartu ditzaketela; besteak beste, Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia komertzialarekin loturikoak.

Erresuma Batua, salbuespena

Ziurgabetasuna handia izan arren, aurreikuspenak ez dira urrikoak bezain ilunak. NDFren arabera, baliteke munduko ekonomia «inflexio puntu batean» egotea; uste du hazkundeak jada hondoa jo duela eta inflazioa kontrako norabidea hartzen hasi dela.

Euroguneari dagokionez, nazioarteko erakundeak uste du %0,7 bakarrik haziko dela 2023an, baina urrian aurreikusi baino bi hamarren gehiago da hori; 2024an, halaber, hazten jarraituko luke, %1,6, baina udazkenean iragarri baino bi hamarren gutxiago da hori —Hego Euskal Herrirako, aurten %1,3ko hazkundea aurreikusi du Laboral Kutxak—.

Aurreikuspenik txarrenak Erresuma Batuarentzat eman ditu. NDFren arabera, atzeraldiaren mamua ezin uxatuta dabil Rishi Sunaken gobernua. 2023rako, hazkunde aurreikuspen negatiboak eman ditu (-%0,6), eta urritik 0,9 puntu okertu ditu.

Gorabidean diren merkatuetako ekonomietan, erakundeak uste du moteltzeak hondoa jo zuela 2022an, eta 2023rako panorama hobea dela. Hori, neurri handi batean, Txinako ekonomia berriz irekitzearen emaitza litzateke. Aurten %5,2 haztea aurreikusten du, urrian kalkulatu baino zortzi hamarren gehiago. India %6,2 haziko litzateke.

AEBentzat, berriz, %1,4ko igoera aurreikusi du 2023rako, aurreikusi baino lau hamarren gehiago. 2024rako moteldu egin du hazkundea, %1eraino, bi hamarren gutxiago. Latinoamerikako bi ekonomia nagusietan —Brasil eta Mexiko—, 2023rako aurreikuspenak ere hobetu ditu: bi hamarren Brasilentzat, % 1,2raino, eta puntu erdi Mexikorentzat, % 1,7raino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.