Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Danbor hotsak isiltzen ari dira

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Danborren hilabetea da urtarrila Euskal Herrian. Donostian, Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan gogoz jo zituzten danborrak San Sebastian egunean, eta beste urtebeterako isildu dituzte. Baina munduan beste danbor batzuk ere isiltzen ari dira: atzeraldi bat datorrela esaten zutenak. Gogor jo zuten uda partean —«uda ongi doa, baina ikusiko duzu ji-ji ja-ja bukatzen denean», izan zen modako esaldia terrazetan—, baina orduko iragarpen beltzak ez dira bete, oraingoz.

Atzeraldi handi baten mamua Euskal Herritik nahiko urrun dagoela esan dute Eustatek eta Nastatek eman berri dituzten datuek. Bat egin dute esatean 2022an barne produktu gordina %4,3 hazi zela, eta udazkeneko hilabeteak, ezustean, udakoak baino hobeak izan zirela. 2023 hasiera okerragoa izango al da? Litekeena da, baina inflazioak ez badu beheranzko joera eteten, ez dirudi jarduera ekonomikoa hondoratuko denik.

Edonola ere, ekonomia txikia eta irekia da Euskal Herrikoa, eta, horregatik, kanpoko faktoreen menpe dago. Faktore horien hotsa ez zen oso atsegina, baina doinua aldatzen ari da. AEBek jakinarazi dute 2022ko azken hiruhilekoan %0,7 hazi zela hango ekonomia, uste zutenaren gainetik. Asteartera arte itxaron behar da eurogunekoa jakiteko, baina kalamitate handirik ez da espero; Espainiak ere espektatibak hautsi ditu, eta Alemania ere horretarako bidean da.

Berlingo Gobernuak %0,4ko uzkurtzea iragarri zuen udazkenean 2023rako, baina aste honetan esan du %0,2ko hazkundea espero duela. «Panorama okerrena ez da gertatu, eta ekonomia eta merkatuak dinamika positiboan daude. Krisi ekonomiko larri bat eragoztea lortu dugu. Hori da 2022ko mezua: krisia kontrolagarri egin dugu», esan du Robert Habeck Ekonomia ministroak, eta gogorarazi zuen iragarle ezkorrenak %12ko eroriko bat aurreikustera iritsi zirela Errusiako gasak iristeari uzten bazion. Bada, Errusiako gasa ez ezik, hango petrolioa ere erosteari utzi dio azken asteetan Alemaniak, eta ekonomia ez da geratu, eta herritarrak ez dira hotzez hil.

Habeckek onartu du 2023 hasieran izan daitezkeela hazkunde negatiboko hiruhileko batzuk, baina garrantzia kendu dio. Funtsean, BPGa negatiboa ala positiboa izateak neurri bateraino inporta du; aberastasuna neurtzeko modu bat da, eta auzitan dago neurgailu gisa, besteak beste, aberastasun horren banaketari buruz ezer esaten ez duelako.

Ikuspuntu sozial batetik, garrantzitsuagoa da enpleguak zer egiten duen, horrek erakusten baitu gizarteko sektoreko apalen zailtasunak handitzen ala txikitzen ari diren. Eta horretan ere, kasu partikularrak gorabehera, ez da hondamendirik gertatu azken hilabeteetan. Alemanian asko jota langabezia hamarren bat handituko dela uste du gobernuak; Hego Euskal Herrian, berriz, enplegu sorrera asko moteldu dela argi dago, baina datu kontrajarriak iristen ari dira.

Oro har, lanpostua galtzea baino, soldatarekin bizi ahal izatea da kezka handiagoa, eta horretan arazo ukaezina da: soldatak inflazioaren azpitik hazten ari dira, berriro ere. Badira salbuespenak, borrokaren ondorioz erosteko ahalmenari eusten dioten itunak; horiek gehiago izateko kalterik ez du egingo ekonomia atzeraldian ez sartzeak.

Giro uste baino argiago horretan bilduko da aste honetan Europako Banku Zentrala. Ezusteko ikaragarririk ez bada, puntu erdi bat igoko ditu orain interes tasak, eta beste puntu erdi bat martxoaren amaieran. Atzeraldiaren danborrak isildu dira, inflazioarenak ez, eta ikusita jarduera ekonomikoak eusten diola, norabidea aldatzeko arrazoirik ez du EBZk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.