Albistea entzun

Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean
Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean Gorka Rubio/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko urtarrilak 31

«Neurri hori aplikatzera goaz». Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hitz horiek erabili ditu gaur, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei finantzaketa etengo zaiela iragartzeko. Atzo, Nafarroako Gobernuak bide beretik doan erabaki bat hartu zuen: irailetik aurrera, Nafarroako Gobernuak ez ditu diru publikoarekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak.

Orain arte ezin zitzaien ikastetxe horiei diru laguntza kendu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia bat tartean zegoelako, baina Bildarratzek azaldu du hori bertan behera utzi duela LOMLOE Espainiako hezkuntza legeak, bai eta itun berriekin Jaurlaritzak onartutako aginduak ere. Beraz, ikasleak sexuka bereizten dituzten ikastetxeei datorren ikasturtetik aurrera finantzaketa eteten hasiko da Jaurlaritza. «Ezin da egon finantzaketarik ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Eta guk hori aplikatuko dugu».

Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik: lau Bizkaian daude —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, eta bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—. Neskek soilik ikas dezakete Arangoyan, Ayalden eta Eskibelen, eta mutilak soilik hartzen dituzte Munabek, Gazteluetak eta Erainek. Ikastetxe horietan ez dira ikasleak sexuka banatzen Haur Hezkuntzan, baina bai Lehen Hezkuntzatik aurrera. Alde horretatik, eta neurri hori zer etapatan aplikatuko den zehaztu ez duen arren, azaldu du Jaurlaritzak dagoeneko jakinarazi diela ikastetxe horiei Jaurlaritzak «ezin duela onartu eta ez duela itunik egingo generoaren arabera bereizten duten ikastetxeekin».

Ikastetxe horiekin harremanetan da Hezkuntza Saila, «ahalik eta modu adostuenean» egiteko prozesu hori guztia, Bildarratzek azaldu duenez. Prozesua «berme juridikoekin» eta «curriculumaren garapenean eta hezkuntza integralean ahalik eta eragin txikienarekin» ezartzeko modua adosten saiatuko da Jaurlaritza.

Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela «ulertzen» sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeek finantzaketa jasotzea: «Uler dezakegu familia batzuek banaketa egon behar dela uste izatea, baina ulergaitza da administrazio publiko batek horrelako sistema bat aplikatzen duten ikastetxeak finantzatu behar izatea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nafarroan osasun publikoaren aldeko manifestazio sindikala, pasa den asteburuan, Iruñean / ©Jagoba Manterola / Foku

Bertan behera utzi dute Osasunbideko greba, LABek eta UGTk gobernuarekin akordioa lortuta

Ion Orzaiz

Osasun Departamentuaren azken eskaintzak beren aldarrikapenen «zati bat» bermatzen duela azaldu dute sindikatuek

Emakunderen aurtengo Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen ©Endika Portillo / Foku

Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera baztertu du Emakundek

Olatz Silva Rodrigo

Efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu du, 2024an jaiegun bat ezartzeko. Momentuz, onespen gehien jaso duen eguna azaroaren 5a izan da. 1933ko egun horretan, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zupiria, Aizpurua eta Dobaran, VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkezten, atzo, Donostian ©Jon Urbe / Foku

Euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira

Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete

VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %21,9k erabiltzen dute euskara erdara adina edo gehiago, 2016an baino 38.000 gehiagok. Gazteak aritzen dira gehien

Seaskako ikasleak, atzo, Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Parisen «mespretxua» salatu du Seaskak, eta borrokan segituko dutela erran

Ekhi Erremundegi Beloki

Jorajuriak erran du brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea «irabazi» dutela. Seaskako 120 ikaslek frantsesez eginen dituzte baxoko azterketak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...