TELEBISTA
TV3eko ‘Zona Franca’ kolokan da, aurkezleak saioa utzi eta gero
Joel Diaz aurkezleak ez ezik, Magi Garcia umoristak ere laga du saioa. Egunotan ez dira saioa ematen ari. CUPek TV3eko zuzendariaren dimisioa eskatu du.

Manel Vidal kolaboratzailearen kaleratzearen ondotik, Joel Diaz Zona Franca programako aurkezleak TV3eko saioa uztea erabaki du. «Vidal kaleratzeko erabakia bidegabea eta onartezina da, mamian eta forman, bai hartu den moduan, bai jakinarazi den moduan», idatzi du Diazek sare sozialetan. TV3eko zuzendari Sigfrid Grasek hartu zuen Vidal kaleratzeko erabakia, saioa egiten duen Atomic Beat Media ekoiztetxearekin adostuta, programako platoan kolaboratzaileak egindako parte hartze baten eraginez. Hartan, Vidalek grafiko bat aurkeztu zuen, ezker-eskuin ideologia bereizteko ohiko ardatzarekin; gero, PSC alderdiko boto emaileak aipatu zituen, eta hurrengo grafikoan svastika handi baten tokian jarri zituen.
Vidalek gertatutakoaren inguruan idatzi zuen asteburuan Twitter sare sozialean. Gidoilariaren arabera, PSC ez da nazia, baina bai «eskuin muturrekoa». Iruditzen zaio egiten zuen satira politikoko atalarekin kezkatuta daudela Kataluniako Generalitatean, PSCko hiru ordezkari Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioan sartu direlako. «Generalitatea kudeatzaile agentzia bat bilakatu dute», gaineratu zuen.
Vidalen kaleratzearen ostean, programa ez du aurkezleak soilik utzi. Magi Garcia umorista eta gidoilariak ere bai. «Espero dut TV3ek saioko lantaldearen talentua aintzat hartzea, eta lanean jarraitzeko aukera izatea», idatzi du Garciak.
Kontua da egunotan Kataluniako katea ez dela programa ematen ari. TV3ek esan du sentitzen duela saioko aurkezleak utzi izana, eta iragarri du aztertu egingo duela programari eutsi ala ez. «Datozen egunetan ez da emango Zona Franca, baina TV3ek konpromisoa du ikusleria berriengana iritsi nahi duten edukiekin, eta batez ere ikus-entzule gazteengana iritsi nahi du, umore urratzailearekin eta lotsagabearekin».
CUP, Grasen dimisioa eske
Ostiralean, CUP alderdiko ordezkaria izan zen Vidalen alde sutsuen egin zuena. Gaur, berriz, CUPek gogor jo du TV3eko zuzendaritzaren aurka, eta Sigfrid Gras zuzendariaren dimisioa eskatu du. «TV3 kudeaketa alderdikoia eta iluna egiten ari da». Alderdi antikapitalistaren arabera, Vidalen kaleratzea «mugarri bat» izan da. «Irizten diogu umorea zentsuratu dela eta botere abusu bat izan dela, PSC, ERC eta Junts alderdietako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko ordezkariek bultzatua». CUPek exijitu du «bide alderdikoia gelditzeko», joera horrek disidentzia politikoaren, boterearen kritikaren eta satira politikoaren kontra egiten duelakoan.
Toni Soler TV3eko Està passant saioko aurkezleak, bestalde, «gehiegizkotzat» jo du Vidal kaleratu izana, eta «koherentetzat» jo du Diaz aurkezlearen erabakia. «Umorean ari garenontzat, atzerapauso bat da hau, eta besarkada bat bidali nahi diogu Zona Franca-ko lantaldeari», gaineratu du Solerrek bere programan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.