MEDIKUEN GREBA NAFARROAN

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko urtarrilaren 31
18:20
Entzun

Apurtu da soka. Nafarroako Sindikatu Medikoak atzera bota du Osasun Departamentuak atzo egin zion eskaintza eta koska bat gorago jarri du eskakizunen langa: esklusibotasun «erabatekoa» nahi du sendagileentzat —ez inkonpatibilitatea, gobernuak proposatu zion bezala—, sare publikoaren soldata osagarria kobratu eta, aldi berean, sare pribatuan jardun ahal izateko. Horrez gain, soldata igoera are handiagoa exijitu dute: hilean 500 eurokoa aurten, «eta 2024. urtean beste 500 euro igotzeko konpromiso parlamentarioa». Eskaera horiei men egin ezean, bihartik aurrerako greba mugagabe deialdiari eutsiko diote.

Ultimatum horrek, baina, gehiago du jarrera irmoa erakusteko beharretik, adostasunerako gonbidapenetik baino. Izan ere, uko egin dio negoziazio batzordearen azken bilerara agertzeari, «grebako batzordea osatzen duten bost kideetatik bik beste betebehar asistentzial batzuk zituztelako». Sindikatuko arduradunek ohar batean azaldu dute ez zutela Osasun Departamentuari «itsuskeriarik egiteko asmorik», eta, bilerara agertu ez diren arren, ez dituztela negoziazioak apurtutzat eman: «Gaur 00:00ak arte eskaintza zoragarri bat egiten badigute eta ez badiogu eragozpenik antzematen, bertan behera utziko dugu greba». Oraingoz, Osasunbideak eginiko eskaintza guztiei ezezkoa eman dio Nafarroako Medikuen Sindikatuak. Honakoak dira desadostasun puntu nagusiak:

Soldata igoera

Sendagileen soldata oinarriari buruzko puntuan, hilean 400 euroko igoera proposatu zuen Nafarroako Gobernuak. Hori aski ez dela iritzita, 1.000 euroko igoera planteatu du sindikatuak, datozen bi urteetarako: aurtengo soldatan aplikatu beharreko igoera —500 eurokoa— atzera eraginez aplikatu beharko luke Osasunbideak, urtarrilaren 1etik aurrera. Datorren urtean beste 500 euro gehituko dizkietela ziurtatzeko, ordea, «konpromiso parlamentario bat» exijitu du Sindikatu Medikoak.

Osasun Departamentuak mahai gainean jarritako beste soldata igoerei dagokionez —dietak eta Barruko Mediku Egoiliarren tutoretzak—, elkarte sindikalak grebaren negoziazio mahaitik atera nahi izan ditu, halakoak «beste egoera batzuetan» eztabaidatu daitezkeela argudiatuta.

Lan karga

Lehen Arretako mediku bakoitzak, gehienez, egunean 32 paziente artatzeko plana helarazi zion Nafarroako Gobernuak medikuen sindikatuko ordezkariei. Horren ordez, elkarteak planteatu du «agenda asistentzialak 300 minutukoa izan beharko lukeela» aurrerantzean ere: «Agenda horren barruan daude jarduera asistentzial ugari, bakoitzak ezarritako denbora batekin, eta ziurtatu behar dena da agenda horretan ezin dela zitaziorik ezarri medikuak berariaz baimentzen ez badu. Horrez gain, birdefinitu beharra dago zeintzuk diren jarduera presentzialak eta ez presentzialak, eta zeintzuk diren asistentzialak eta zeintzuk ez».

Esklusibotasuna

Nafarroako Sindikatu Medikoarentzat, marra gorria da. Atzora arte, Osasun Departamentua prest zen esklusibotasuna kentzeko, sindikatuak eskatzen zuen bezala, baina atzo, irizpidea aldatu zuen: esklusibotasuna kendu bai, baina sendagileen «inkonpatibilitate» klausulari eutsi zion bere azken proposamenean. Horren arabera, medikuek aukera izanen lukete lan orduetatik kanpo beste jarduera edo lan batzuetan aritzeko, baina ez mediku gisara. Horrek bertan behera utziko luke Sindikatu Medikoaren hasierako asmoa: Osasunbidean aritzeagatik jasotzen duten esklusibotasun osagarria kobratzen segitzea —soldataren %50 inguru—, baina askatasuna izatea klinika pribatuetan ere lan egiteko, hala nahi izanez gero. Sindikatuak gogor kritikatu du departamentuaren irizpide aldaketa: «Harritu egin gaitu inkonpatibilitatearen kontzeptu hau orain sartzea, negoziazioen puntu honetan, eta akordiorako aukerak urrundu ditu».

Puntu honi dagokionez, gainera, gobernuaren eskuduntzez haragoko konpromiso bat exijitu du Sindikatu Medikoak: «Lege erreforma bat eskatzen dugu, edozein langilek aukera izan dezan bere aisialdian nahi duen jarduera egiteko, horregatik zigorrik jaso gabe. Horretarako, bertan behera utzi behar dira 11/92 Foru Legearen 10.3 eta 10.6 artikuluak». Aldaketa hori ezin du gobernuak bere kabuz egin, eta aliantzak bilatu beharko lituzke Nafarroako Parlamentuan. Gaur-gaurkoz, aukera horren kontra azaldu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, hortaz, medikuen sindikatua zeharka eskatzen ari dena da PSNren eta Navarra Sumaren arteko akordio bat, hauteskundeen bezperan.

Gainerako sindikatuak, bazterrera

Nafarroako Sindikatu Medikoaren aldarrikapenen zerrendan, beste puntu bat ageri da: solaskide bakarra izan du Nafarroako Gobernuarekin, medikuei dagozkien kontuetan. Hala, bere aldarrikapenak ez ditu eztabaidatu nahi gainerako sindikatuak ordezkaritza duten foroetan: ez Osasun Departamentuko mahai sektorialean, ezta Funtzio Publikoko mahai orokorrean ere. «Akordio bat lortuko balitz, agiri honetan jasotako aldarrikapenak greba bukatzeko itun baten izaera izanen lukete, eta ez dira eztabaidatuak, moldatuak edo berretsiak izanen beste ezein negoziazio mahaitan; aitzitik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira sinatu eta berehala, eta greba ez da bertan behera geldituko, hor argitaratuak izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.