Finantzak

BBVAk inoiz baino diru gehiago irabazi du: 6.420 milioi euro

Mexikok eman dizkio irabazien bi heren. Mozkinen erdia bere akziodunei banatuko die.

BBVAren egoitza nagusia, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 1a
12:13
Entzun

BBVAk eman die hasiera 2022ko emaitzen aurkezpenei, eta kopuru ikusgarri batekin egin du. Aurreko urtean 6.420 milioi euro irabazi ditu, 2021ean baino %38 gehiago.

Irabazien bi heren Mexikoko adarrak lortu ditu (4.182 milioi euro), baina Espainiako adarrak ere mozkin handiak eman dizkio, 1.678 milioi eurorenak (+%8,4). Turkian ere dirua irabazi du (509 milioi), baina aurreko urtean baino %31 gutxiago, hango egoera hiperrinflazionistaren ondorioz.

Inflazio handia kontrolatzeko EBZk eta beste banku zentralek interes tasen igoerak mesede handia egin die bankuen negozioari, eta hori ikus daiteke BBVAren emaitzetan ere. Interesen marjinak %30,4 egin du gora, eta 19.153 milioi euroren diru sarrerak eman dizkio. Bezeroei beren aurrezkiengatik ordaindutako interesak eta maileguak dituztenei kobratutako interesen arteko aldea da interesen marjina.

Bezeroei kobratutako komisioek ere gora egin dute, %12,3, hain zuzen ere.

Inflazio handiaren ondorioz, esplotazio gastuak ere asko hazi dira (+%12,9).

Mozkin historikoei etekin handia aterako diete BBVAren akziodunei. Bankuko zuzendaritzak erabaki du titulu bakoitzeko 43 zentimo ordainduko dituela: urrian ordaindutako hamabi zentimoei apirilean banatuko dituen beste 31 zentimo batuko zaizkie. 3.000 milioi banatuko ditu guztira, eta horren barruan izango dira 422 milioi bere akzioak erosteko.

BBVAk Bilbon du egoitza ofiziala, nahiz eta azken urteetan Madrildik zuzentzen duen negozioa.

Zerga berriaren aurkako helegitea

BBVAk hurrengo egunotan ordaindu beharko du lehen aldiz bankuen gaineko zerga berriari dagokion lehen zatia. Zehazki, Espainiako adarrak iaz egindako interesen eta komisioen marjinen %4,8 ordaindu beharko dituzte. Euskal Herrian egoitza duten bankuen artean, soilik BBVAk eta Kutxabankek pagatu beharko dute zerga hori, haien interesen eta komisioen marjinak 800 milioi eurotik gorakoak baitziren 2019. urtean. Laboral Kutxa, esaterako, 400 milioi euroren bueltan dabil bi atal horietan.

Espainiako Gobernuak argudiatu du tasa horrekin zergapetuko duela bankuek orain interes tasen igoera azkarrekin bilduko dituzten aparteko irabazien zati bat. Bankuek, ordea, «gaizki diseinatutako» zerga bat dela uste dute, eta auzitegietara jotzeko prestatzen ari dira. Haien ustez, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da, gauza berarengatik bi aldiz zergak ordaintzera behartzen dituelako: lortutako mozkinengatik (sozietate zerga) eta izandako diru sarrerengatik (zerga berria).

Hilaren 20a baino lehenago egin behar dute bankuek lehen ordainketa. Cinco Dias egunkariak kaleratu duenez, hori egin eta egun gutxira aurkeztuko dute helegitea, eta ordaindutako dirua itzultzeko ere eskatuko dute. Baliteke auzibideak bi eta bost urte artean irautea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.