Enpresak

Siemens Gamesari galerak bikoiztu zaizkio urritik abendura, 884 milioi euroraino

Taldearen arabera, instalatutako haize errotak berraztertzean atzemandako hutsegiteek eta inbertsio eta finantzaketa kostuen igoerak eragin dituzte emaitza txarrak.

Siemens Gamesa, Eguesibarren (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 2a
10:56
Entzun

Siemens Gamesak 404 milioi euro galdu zituen 2021eko urritik abendura, eta, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aurkeztu berri dituen emaitzen arabera, iaz epe berean 884 milioi euro galdu zituen. Kontuan harturik taldearentzat urrian hasi eta irailean amaitzen dela kontabilitatea egituratzeko eta txostenak lantzeko urtea, oso gaizki hasi du finantza urtea, emaitzak are gehiago gorritu baitzaizkio lehen hiruhilekoan.

Txostenak agerian uzten duenez, instalatutako haize errotak berraztertzen dihardute, eta berrikuspen tekniko horretan hutsegiteak antzeman dira hainbat osagaitan. Ondorioz, Siemens Gamesak mantentze lanen kostuen aurreikuspena berritu du, eta hasieran kalkulatu baino diru gehiago bideratu behar izan dute hornidurara. Siemens Gamesaren arabera, horrek 472 milioi euroko eragina izan du ustiapenaren emaitza garbietan.

Hiruhileko horretan, 1.609 milioi euroko eskariak lortu ditu, aurreko urtean epe berean baino %35 gutxiago. Siemens Gamesaren arabera, merkataritza jarduera apal dago inflazioak eragina izan duelako erosleen zein taldearen beraren kostuetan, eta kontratuak berrikusteko negoziazioetan buru-belarri dihardutelako. Taldearen asmoa da kontratuek «irabazien eta arriskuaren arteko oreka» bat izatea, lehengaien eta garraio prezioen aldakortasuna aintzat hartzeko.

Orotara, azken hamabi hilabeteetan onartutako eskariak 10.735 milioi eurorenak dira.

Azken bi urteetan nazioarteko hornidura kateetan izandako logistika arazoei erantzuten die egoera horrek. Bere hornidura kateari dagokionez, Siemens Gamesak azaldu du bere hornitzaileekin sinatutako kontratuetan kostuen gorabeherei eta hornidura arazoei aurre egiteko babes neurri hobeak dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.