Albistea entzun

Krisia Osakidetzan

Donostia ospitaleko auzia «elkarrizketaren bidetik» konpontzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EAJren eta PSE-EEren testua onartu du ganberak. Oposizioak, berriz, salatu du Osasun Sailaren kudeaketa eredua dagoela auziaren erroan, eta galdegin du neurri oro partekatu dadila Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko zuzendaritza eta ordezkaritza organoekin.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaur goizean
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaur goizean Endika Portillo/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko otsailak 2 09:30

Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan abendu hasieran piztutako krisia hizpide izan du gaur Eusko Legebiltzarrak, urteko lehen osoko bilkuran. PP+C’s eta EH Bildu taldeek eraman dute gaia bilkurara, eta oposizioko talde guztiak bat etorri dira Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurka egindako kritiketan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat hitzartu dute, non Osakidetzaren gobernantza ereduari kritika zorrotzak egin dizkioten. Era berean, galdegin dute neurri oro partekatu dadila Donostialdeko ESIko zuzendaritza eta ordezkaritza organoekin. Alabaina, EAJren eta PSEren aurkako botoekin, ekinbidea atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. Horren ordez, jeltzaleen eta sozialisten testu bat onetsi dute: Osakidetzako profesionalekin partaidetza metodologia bat garatzeko eskatu dute, eta berretsi «elkarrizketa» eta «gardentasuna» direla Donostialdeko ESIan sortutako gatazka konpontzeko tresnarik onenak.p>

Donostia ospitaleko langileen eta Osakidetzaren arteko gatazka konpondu gabe dagoela ohartarazi du Laura Garrido PP+C's-ko bozeramaileak, eta erroan dauden arazoei konponbidea eman gabe auzia itxi nahi izateko «arriskua» dagoela uste du. «Auzi honek erakusten du Osakidetzaren kudeaketa eredua ez dela egokia». Osakidetzako arazoen zerrendan bat gehiago da Donostialdeko ESIkoa, Garridoren aburuz: Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako iruzurrak, COVID-19aren aurkako txertaketan izandako irregulartasunak, Basurtu ospitaleko arazoak eta itxaron zerrendak aipatu ditu, besteak beste. «Osakidetza inoiz ez bezalako krisi batean murgilduta dago, autoritarismoz eta sektarismoz kudeatzen ari direlako», Garridok salatu duenez. Gaineratu du gobernantza eredu «bertikala» inposatu duela Osasun Sailak, eta horren ondorioak herritarrak nozitzen ari direla, zerbitzuaren kalitatea apaldu egin baita.

Ikusi gehiago: Osasun Bidasoa plataformak herritarren arta bermatzeko neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari

«Donostiako ESIaren egoera Osakidetzako egoeraren sintoma bat da», Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. Esan du auziko alde guztiei entzunda lortuko dela konponbidea, eta hor kokatu du EAJk eta PSEk ateak itxi izana zuzendaritzako kide kargugabetuek legebiltzarrean agerraldia egiteari; «zentsura» zantzuak atzeman dizkio Uberak bi taldeen erabakiari.

Gaineratu du Osakidetzak autokritika egin beharko lukeela Donostialdeko ESIaren krisiaz, eta, zehazki, gobernantza ereduaren inguruan. Premiazkotzat jo du Donostialdeko ESIko goi kargudunen aukeraketa zerbitzuburuekin adostea, eta azpimarratu Donostialdeko ESIarena «gatazken kateko beste katebegi bat» dela, «beste sute bat». Uberaren iritziz, «egiturazko neurriak» behar dira Osakidetzaren «antolamendu zaharkitua» amaiarazteko. «Guretzat ez da nahikoa izango negoziazioan zerbitzuburu bakoitzak nahi duen zerbait ematea; unea da mahai gainean dauden egiturazko arazoei konponbidea emateko. Ez dugu onartuko auzia ustel gainean ixtea».

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen iritziz, krisiak azaleratu egin ditu Jaurlaritzaren osasun politiken gabeziak. «Ez da garrantzitsuena zerbitzuburuek protesta egin izana; garrantzitsuena da mahai gainean jarri dutela Osakidetzako kudeaketa txarrarekin duten ezinegona». Hernandezek azpimarratu du ezinegon hori aspalditik datorrela, osasun sistema hondatzen ari den seinale, eta Jaurlaritzak berandu baino lehen elkarrizketa abiatu behar duela.

Eusko Jaurlaritzako bazkideak

Donostialdeko ESIan egindako aldaketak «zilegiak» izan badira ere, «ezinegona» sortu dutela onartu du PSE-EEko Ekain Ricok, eta akordioaren bidea jorratzeko eskatu du. Elkarrizketa hasi izana txalotu du, eta profesionalen parte hartzea bermatzeko bideak indartzearen alde egin.

Luis Javier Telleriak (EAJ) pandemiaren ajeei egotzi die osasun sistemak gaur egun duen egoera. Donostialdeko ESIko zerbitzuburuen kargugabetzeak «normaltasunaren» barruan kokatu ditu jeltzaleak, erakunde guztietan ohikoak izaten direlako, baina uste du zerbitzuburu batzuengan konfiantza galtzen denean «logikoa» dela kargutik kentzea.

Oposizioari «arduragabekeriaz» aritzea egotzi dio Telleriak, sakoneko hausnarketa egin gabe kritikak egiteagatik, eta «hauteskunde kanpainan» egotea aurpegiratu dio. Halaber, Donostialdeko ESIaren negoziazioak diskrezioz egiten uzteko eskatu du.p>

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegiko egituratze eta egonkortze lanak, 2021ean. ©BERRIA

Zaldibarko zabortegiaren gainean industrialde bat eraiki zitekeen aztertzeko eskatu zuen Jaurlaritzak

Imanol Magro Eizmendi

Ez eraikitzea aholkatu du txostenak, askotariko arrazoiengatik, baina haien artean ez dago Joaquin Beltranen gorpuak bertan dirauela. Sprilur agentziaren bitartez egin zuen eskaera. Auziaren instrukzioa beste sei hilabetez luzatu dute.

Nekane Arratibel irakasle eta ikertzaileak <em>Zer behar dute gazteek?</em> jardunaldietan parte hartu zuen atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Euskara, gazteen ikuspegitik

Olatz Silva Rodrigo

Lehen mailako ikasleen profil linguistikoa ezagutzeko ikerketa egin du Mondragon Unibertsitateak. Azterlanaren arabera, testuinguruak eragina dauka gazteen hizkuntza ohituretan eta hautuetan
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»

Gotzon Hermosilla

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez periferian dauden gazteek «euren zentroak» sortzen dituztela azaldu du Jauregizuriak, eta hori «balioetsi» behar delakoan dago.
Maialen Mazonen hilketa salatzeko astelehenean Gasteizen egin zuten elkarretaratzeko irudi bat. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Indarkeria matxistaren biktimak babesteko protokoloa gogortu dute

Javi West Larrañaga

Gasteizko hilketagatik aldatu dute protokoloa Araban, urruntze agindua urratzen dutenak atxilotzeko, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den legez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.