Albistea entzun

Hauteskunde sindikalak

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina LAB da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan.
Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko otsailak 2 11:08

Aldaketa handirik ez du ekarri hauteskunde sindikalen epealdi trinkoak, hau da, hauteskunde sindikal gehien egiten den denborak. ELA da oraindik ere alde handiz lehen sindikatua Hego Euskal Herrian, 8.823 ordezkarirekin (%30,08), ordezkaritza pixka bat galdu duen arren lau urteko zikloan (-0,2) eta azken urtean ere (-0,25).

Bigarren lekuan CCOO dago, 4.888 ordezkarirekin (%19,99). Egonkor dago 2018 amaierarekin alderatuz gero, baina 0,23 puntu galdu ditu azken urtean.

Puntu portzentual batera dauka LAB, 4.633 ordezkarirekin (%18,94). Sindikatu abertzaleak 0,29 puntu galdu ditu azken urtean, baina hura da 2018arekin alderatuz gero gora egin duen bakarra (+0,60).

Badirudi UGTk lortu egin duela bere gainbehera geratzea: azken urtean ordezkaritza handitu du (+0,13), eta ia ez du galerarik 2018arekin alderatuta (-0.02).

LABek jakinarazi ditu emaitzak, eta nabarmendu du epealdi trinkoaren «lehen txanpa» baizik ez dela amaitu, hainbat hauteskunde atzeratu direlako. Maiatza bitartean bozak izango dituzte enpresa pribatu askotan eta administrazio publikoan. Azken horretan ordezkaritza handia du LABek, eta batzuetan lehen indarra ere bada. EAEko irakaskuntza publikoan martxoan egingo dituzte hauteskundeak, eta maiatzean, berriz, Nafarroako administrazio publikoan.

EAEn, LAB bigarren

Hego Euskal Herriko bi administrazio eremuen artean bada alderik —horien arabera dute sindikatuek lekua ordezkaritza organoetan—.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ELAk hurrengo bi sindikatuek batuta baino ordezkari gehiago ditu (%40,74), baina haren atzetik ez dago CCOO (%18,57), LAB baizik (%19,59).

CCOOk askotan aldarrikatu du bigarren posizioa berreskuratu nahi duela, baina kontrakoa ari da gertatzen, gutxika LAB aldea handitzen ari baitzaio: 87 ordezkariren aldea zegoen 2018an, eta 183 ziren 2022an. UGT da laugarren, baina nahiko urrun (%10,69).

Nafarroan, ordea, UGT bera da lehen indarra (%24,83), baina gertu ditu CCOO (%23,93) eta ELA (%23,10). Atzerago dago LAB (%17,16), baina tartea jaten ari dela azpimarratu du sindikatu abertzaleak: 2010an, UGTk hemezortzi punturen aldea ateratzen zion, baina, gaur egun, zortzi baino gutxiago dira.

LABen afiliazioa, gora

Hauteskunde sindikalen emaitzak ez ezik, bere afiliazioarenak ere eman ditu LABek. Igoera «ikusgarria» dela dio, azken lau urteetan %14 handitu duelako kideen kopurua. 2018an 41.889 zituen, eta 47.742 ziren abenduaren bukaeran. «LAB sindikatuak lan baldintza prekarioak dituzten sektoreengana gerturatzeko egiten ari den ahaleginaren emaitzetako bat da».

Sektore feminizatuak dira, hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrenak dituztenetako gehienak. Horrek azaltzen du, LABen esanetan, bere afiliatuen %43,58 izatea emakumeak (%41,9 2018an).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan. ©E. L. / EFE

Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz

Imanol Magro Eizmendi

Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute

Burgen Kingek inoizko moto eskari handiena egin zion iaz. ©Nuuk

Nuuk enpresaren kapitalean sartu da Eusko Jaurlaritza

Aitor Biain

Hiru milioi euroko inbertsioa egin du, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez.

Budapesten martxan dauden CAFek egindako tranbiak. ©CAF

CAFek 100 milioi euroko bi kontratu erdietsi ditu Hungarian eta Espainian

Aitor Biain

Budapesterako 31 tranbia egingo ditu, eta sei Sevillako Alcala de Guadairarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...