Artolazabalek otsailaren 14an utziko du sailburu postua

EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Esan duenez, «oso gustuko» izango luke bere ordezkoa emakume arabar bat izatea.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, iazko azaroan, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko otsailaren 2a
12:37
Entzun

Beatriz Artolazabalek otsailaren 14an utziko du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan EAJren Gasteizko alkategaia izango da, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du sailburu kargua. Nabarmendu du bere ordezkoaren berri Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emango duela, baina «oso gustuko» izango lukeela emakume arabar bat ikustea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila zuzentzen.

Artolazabalek Radio Euskadi irrati katean adierazi du sailburu berriak «gaitasuna, eskarmentua eta gobernuarekiko konpromisoa» izango dituela, eta «amaitu gabe dauden proiektuak» aurrera eraman beharko dituela. «Datozen urteetan ere gizarte politikek lehentasuna izango dute, familiak eta euskal gizartea ez baitira bolada ona pasatzen ari», esan du sailburuak.

Artolazabal sei urtez izan da sailburu Urkulluren gobernuan. 2016 eta 2020 bitartean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izan zen, eta, 2020tik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketakoa da. Eusko Jaurlaritzako lehen Berdintasun sailburua izatea «pozgarria» izan dela adierazi du, «emakume eta feminista moduan». Espetxe eskumenaren eskualdatzeari ere garrantzia eman dio, baina esan du «denbora» behar dela. Bestalde, azaldu du oraindik ere ez duela informazio zuzenik Arana klinika errefuxiatuentzako zentro bat bihurtzeko proiektuaren inguruan.

Alkategai

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal. Esana du Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzaile» bat gidatuko duela, hirian «ilusioa eta konfiantza» sortzeko. Beste lau emakumerekin lehiatuko da Gasteizko alkatetza eskuratzeko: Maider Etxebarria (PSE-EE), Rocio Vitero (EH Bildu), Ainhoa Domaika (PP) eta Garbiñe Ruiz (Ahal Dugu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.