Bertsolaritza

Pasio baten fruituak

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

jarraia223909.jpg
Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza
2023ko otsailaren 3a
10:14
Entzun

Izenaren jabe den bizikleta estatiko bat erdian; lan mahaia ezkerreko paretaren kontra; karpetak, liburuak, agiriak han eta hemen, lurretik hazten diren dorretxoetan, apaletan; kasetez eta bideo zintaz betetako kaxak; pareten kolorea ezin antzeman, kartelez eta posterrez josita. Xabier Unanueren (Zestoa, 1943) etxeko ganbaran pausoa emateko justuko tokia dago, baina harribitxiak topa daitezke nonahi. Esaterako, 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatua dauka.

Udalgintzan zaildutako gizona da: bi aldiz izan zen Zestoako alkate —1979tik 1983rako eta 1995etik 1999rako agintaldietan—, eta beste bederatziz zinegotzi. “Herri hau ondo ezagutzeko moduan”, dio. Hala ere, eta “saltsa guztietan sartutakoa” dela dioen arren, bizitzan “bereziki, hiru pasio” izan ditu: zinema, pilota eta bertsolaritza. Pasioari lana, ahalegina eta konpromisoa gehitu dizkio hiru arloetan; zinemari eta bertsolaritzari, bereziki.

Uztapideren itzala

Hain justu, azken horri lotuta, ekarpen aberatsa egin berri dio Unanuek Zestoa jaioterriko udal liburutegiari: hark transkribatutako 42.000 bertso eta beste hainbat dokumentuk osatutako bilduma utzi du dohaintzan, herritarrek eskura izan dezaten.

1976tik 2000ra arte Zestoan antolatutako 50 jaialditan kantatutako bertsoak, Zestoatik kanpoko ehundik gora saiotakoak, Manuel Olaizola Uztapide-ren 2.760 bertso, Fernando Aire Etxart Xalbador-en 1.588, Inazio Eizmendi Manterola Basarri-ren 2.730, Zestoan 1992tik 2016ra ia urte denetan santa eskean kantatutako koplak —10.000 bat—… Horiek guztiak eta gehiago dauzka transkribatuta, lehendabizi eskuz eta gero ordenagailuan. Digitalizatuta utzi du bilduma liburutegian, USB giltza batean; baina jatorrizko euskarri fisikoak ganbaran dauzka oraindik.

Ez luzerako, ordea: Bertsozale Elkartearen Xenpelar dokumentazio zentrora eramango ditu laster kaseteak —laurehun bat—, bostehun grabazio ordurekin baino gehiagorekin, han digitalizatu ditzaten. Unanuek transkribatutako bertsoen zati bat zentro horretan dago jada, azkenean osatu duen bildumaren zati bat.

Gaztetatik gozatu izan du Unanuek bertsolaritzarekin eta bertso munduarekin. Oroitzapenetan arakatzen hasita, gogora ekarri du lasalletarren San Jose eskolan San Jose egunean —martxoaren 19an— ospatzen zen festara urtero joaten ziren bertsolari handiekin sortu zitzaion lilura; hango irakasle Ignacio Iturriozen ekimenez, ikasle gazteak santa eskean irteten hasi zirenekoa; Zestoan ikastola martxan jarri zutenean hura sostengatzeko egiten zituzten jaialdiak; Basarri, Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Joxe Lizaso, Eusebio Eizmendi Txapel, Jon Azpillaga, Jose Luis Gorrotxategi… eta, nola ez, Uztapide: “Uztapide santa eskean ezagutu nuen nik, 15 urte nituela. Uztapidek hiru txapel atera zituenerako, guk 18-19 urte bagenituen. Uztapide zerbait bazen. Uztapide zera zen guretzat…Uztapide!”.

Pentsatu eta egin

“Grabazioak gordetzen nituen bitartean, inoiz ez nuen pentsatu bilduma osatuko nuenik”, aitortu du Unanuek. “Baina 2004an aurretiko erretiroa hartu nuen, 60 urterekin, eta etxean gordeta neukan material guztia behar bezala sailkatzen eta txukuntzen hasi nintzen. Pila bat nuen”. Orduan hasi zen, “denbora-pasa”, gordeta zeuzkan bertso grabazioak transkribatzen ere. “Baina, bertsoak transkribatzen hasi nintzenean ere, artean ez neukan buruan bilduma osatzearena. Duela bizpahiru urte, santa eskeko kopla denak inguratu nituenean, neure buruari esan nion 80 urte bete aurretik horiek denak transkribatzen bukatu eta liburutegian utzi behar nituela”, azaldu du. Pentsatu eta egin. Zuzen eta garaiz bete du bere buruari jarritako erronka: atzo, Kandelario egunean, bete zituen Unanuek 80 urte.

Bertsolaritzako transkripzio eta bilduma lanak “itxita” utzi ditu zestoarrak; horretan jarraitzeko asmorik ez duela esan du, garbi, nahiz eta dohaintzaren berri izan ondoren jaso dituen bertso zahar gehiago. Hala ere, eta zer den zehaztu gabe, “entretenimendu berria” baduela gehitu du, irribarrez. “Badaukat denbora zertan pasatu”. Ikusteko dago entretenimendu berriak fruiturik emango duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.