Migrazioa

Hizkuntzak duen zama

Nafarroako Gobernuak ‘Migrazioak eta kultur aniztasuna’ izenburuko komunikazio gida aurkeztu du, hedabideei migratzaileen inguruan hitz egiteko gomendioak eskaintzeko.

jarraia223911.jpg
itsaso jauregi 2
2023ko otsailaren 3a
10:31
Entzun

Hizkuntzak bere konnotazio inplizituak ditu: ez da gauza bera hitz bat erabiltzea edo bestea. Konnotazio horiek agerian uzten dituzten hitzak kazetaritzan murgiltzen dira, nahigabe edo nahita, eta hortik, gizartean. Konnotazio negatiboak dituzten terminoek migratzaileengan eragiten dute bereziki, eta, hori saihesteko asmoz, Nafarroako Gobernuak Migrazioak eta kultur aniztasuna komunikazio gida aurkeztu du.

Gidak hedabideentzat eta gizarte erakundeentzat gomendio eta jardunbide egokiak biltzen ditu. Hedabideek migrazioaren inguruan erabiltzen zuten hizkuntza ikusita, Patrizia Ruiz de Irizar Migrazio Politiketako foru zuzendaria bere taldekideekin batera 2018an lanean hasi zen. «Migratzaileei buruz hitz egiten duten berrien %50ek baino gehiagok ez dute pertsonez hitz egiten. Ez dute pertsona hitza erabiltzen», esan du Ruiz de Irizarrek. Gomendioak idazteko prozesuan hamabi gizarte erakundek parte hartu dute, Nafarroako SOS Arrazakeriak barne. Pertsonak «haiek» eta «gu» artean bereizteko joera kritikatu du Bea Villahizan Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko kideak: «Gizartean sakonean sartu den diskurtsoa da. Eskubide berak izan beharko luketen pertsonen gizatasuna desagertzen da, eta hori oso larria da».

«Magrebtar familia duen nafarra» edo «jatorri kolonbiarra duen euskalduna» dira hedabideetan ohikoak diren esaldiak, gizartea bitan banatuz: pertsona migratzaileak eta «hemengoak». Gida sortzeko helburu nagusietako bat bereizkeria hori amaitzea da, Ruiz de Irizarren arabera: «Albisteetan azpimarratzen da pertsona bat migratzailea dela, haren jatorrizko herrialdea aipatuz. Hala ere, beti migratzaile hitza erabiltzen dute, eta ez pertsona. Migratzaileak, alde batetik, eta pertsonak, bestetik».

Migratzaileak baztertzeko erabiltzen den beste metodo bat beldurraren diskurtsoa zabaltzea da, hark dioenez. Izua sortzeko asmoz, inbasio, uholde eta olatu handia bezalako terminoak erabiltzen dira, eta, hala, migratzaileak gehiago baztertzen. Migrazio Politiketako zuzendariaren arabera, aurreiritzi arrazistek elikatutako albiste faltsuek zuzeneko ondorioak dituzte migratzaileen bizitzan: «Beldurraren diskurtsoa transmititzen da, kriminalak balira bezala. Hesi hori eraistea ezinbestekoa da».

Nafarroako SOS Arrazakeria erakundean jada adituak dira hizkuntza zuzentzeko prozesuan, eta ohikoa da haientzat hedabideekin harremanetan jartzea migrazioaren inguruan erabilitako hizkuntza zuzentzeko helburuarekin. «Diskurtso belikoaren ondorioz, pertsona migratzaileak etsai ikusezin bihurtzen dira; aurpegirik gabe, duintasunik gabe», esan du Villahizanek.

Hitzak tentuz hautatzeak eguneroko zeregina izan behar duela diote, eta ahal den heinean mintzamolde neutroa erabiltzea gomendatzen du gidak, hedabideetan ohiko bihurtu diren espresioak saihestuta. «Ahotsik gabekoei ahotsa ematea» da baztertu beharreko esaldietako bat. Hedabideek askotan migratzaileen inguruan hitz egiten dute, baina protagonistak aintzat hartu gabe. «Haien gainean bai, baina haiek gabe», zehaztu dute gidan.

Haiekin hitz egin gabeko berriak irakurtzea ohikoa dela salatu du Ruiz de Irizarrek, komunikabideek askotan ez dutelako migratzaileen ahotsak kontuan hartzen: «Euren bizitzaren eta gertakarien protagonista izan behar dute. Baina oso ohikoa den paternalismoak irabazten du askotan; batzuetan, paternalismoz mozorrotutako arrazakeria da».

Migratzaileak «ahotsik gabeko pertsonak» ez direla azpimarratu du Villahizanek, baizik eta bozgorailutik baztertu izan dituztenak. «Pertsona guztiek ahotsa dute, eta pertsona migratzaileei ahotsa kentzen dion egiturari begiratu behar zaio». Migratzaileak ez daude mikrofonoez inguratuta, beraz. Mikrofono horien atzean dauden kazetarien artean pertsona migratzaile gutxi daudela esan du Ruiz de Irizarrek, eta horrek eragin zuzena duela kazetaritzan erabiltzen den hizkuntzan: «Erredakzioetan eta administrazioetan askotariko ahotsak falta dira». Kazetari migratzaileak errealitate plurala sortzeko «ezinbestekoak» direla adierazi du hark. Hala ere, errepresentazioaren egitura estrukturala seinalatu du Villahizanek, esan baitu klaseak, generoak eta, batez ere, arrazak baldintzatzen duela mikrofonoa eskuratzeko aukera.

Hiztegia moldatzen

Bien bitartean, gorroto diskurtsoa borrokatu eta ordezkatu behar dela esan du Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendariak, mingarria izan daitekeen hiztegia guztiz baztertuz: «Komunikabideek eta, batik bat, administraziook migrazioaz zabaldu behar dugun mezua positiboa izan behar da beti». Gidaren arabera, erakundeek eta eragileek aliantzak sortu behar dituzte diskurtso mota horietan kaltetua sentitzen den sektorearekin.
Borroka horretan instituzioen parte hartzearen falta sumatu du Villahizanek, batzuetan ez dituztelakoan egoera arrazistak salatzen: «Arazoaren oinarriei garrantzia eman behar zaie, eta horretarako erakunde arduratsuak behar ditugu, arrazakeriaren kausak zehazteko eta gorroto diskurtsoa baztertzeko gai direnak».Baina gizartean barneratuak dauden esamoldeak aldatzeko prozesua luzea da, eta aurten aurkeztutako gida pauso «txiki» bat dela dio Ruiz de Irizarrek; bien bitartean, gidak erredakzioetan leku bat aurkitzea espero du: «Komunikabideetako kazetariak gida irakurtzera eta erabiltzera animatzen ditut, hedabideen hizkuntza moldatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.