AEBek Txinaren bigarren globo bat atzeman dute Latinoamerikan

Pentagonoak Montanan atzeman zuen atzo ustezko lehen globo espioia; gaurko ordu txikietan, beste bat, Latinoamerikan. Ez du zehaztu non. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi du.

Montanan atzeman zuten globoa. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 4a
12:51
Entzun

Zeruari so daude AEBetan. Atzo, Pentagonoak jakinarazi zuen Txinako ustezko globo espioi bat atzeman zutela Montana estatuan. Gaur, ordu txikietan, Latinoamerikan zeharkatzen ari den beste baten berri eman du Pentagonoko bozeramaile Patrick Ryderrek —ez du zehaztu zein herrialdetan den globoa—. Aurkikuntza berriaren aurretik ja, «AEBetako subiranotasunaren eta nazioarteko legearen urraketa argi» gisa jo zuen Txinaren jokabidea.

Txinak argi utzi nahi izan du lehen unetik ez dela espioitza saiakerarik izan bere partetik. «Txina herrialde arduratsua da eta beti errespetatu du nazioarteko zuzenbidea. Ez dugu oinarririk gabeko espekulaziorik onartuko», adierazi du Wang Yi herrialdeko Kanpo Harremanetako bulegoko zuzendariak. Horiek horrela, globoak «ikerketa zientifikorako» darabiltzatela jakinarazi du Txinak, besteak beste, «meteorologia kontuetarako».

Gainera, globoak AEBetan amaitu izana nahigabekoa dela zehaztu dute: «Mendebaldeko haizeek eragin ondoren, eta [globoa] kontrolatzeko gaitasun mugatuarekin, programatutako ibilbidetik larriki desbideratu zen».

Bi herrialdeen arteko gaizki ulertuak saihestearren, Ryderrek eta Yik elkarrekin hitz egin zuten atzo. Horrek ez zuen saihestu, ordea, Pentagonoko bozeramaileak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi izana. Izan zuten elkarrizketan, hara joateko asmoa berretsi zion Yiri, «ahalik eta lasterren, baldintzek ahalbidetzen dutenean». 2018. urteaz geroztik, AEBetako Atzerri gaietako buruzagi batek herrialde hartara egiten duen lehen bisita litzateke Blinkenena.

Txinak, bere aldetik, zehaztu du ez zuela baieztatu Blinkenen Pekinerako inongo bisitarik. «Aldeetako batek ere ez du inoiz iragarri bisita bat egongo zenik».

Montanatik ekialderantz

AEBetan atzo atzeman zuten globoa «leku sentikorren» gainetik igaro zen—biztanleria dentsitate txikiena duten estatuetako bat da Montana, armamentu nuklearreko hainbat gune daude—. Dena dela, globoak ez zuen «arrisku militar edo fisikorik», Defentsa Departamentuaren arabera. Haatik, herrialdeko Indar Armatuetako buruzagi militarrak, Mark Milleyk, gomendatu zuen globoa ez eraistea, ez baitzuen arrisku militar edo fisikorik hango biztanleentzat. Bai ohartarazi zuen «berehala» hasi zirela lanean informazio konfidentziala babesteko. Halere, haren arabera, «ez dirudi globoak teknologia bereziki aurreratua duenik, ezta Pekinek beste bide batzuetatik —sateliteen bidez, esaterako— lortu ezin duen informazioa lortzeko gaitasunik duenik ere».

Globoaren mugimenduak «gertutik» aztertzen ari dira orain, eta baieztatu dute ekialderantz doala. Itxuraz, Alaskatik sartu zen, herrialdearen ipar-mendebaldetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.