Albistea entzun

Alderdiak

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira.
Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. SORTU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2023ko otsailak 4 09:18

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, gaur, Burlatan (Nafarroa). Hiru urteko etenaldiaren ostean egin du Sortuk Plaza Hutsa herrigintzaren topalekua. «Herrigintza aro berri bat hauspotzeko konpromisoa hartu genuen duela urtebete V. kongresuan, eta horri ekiteko abiapuntua marraztu dugu», adierazi du alderdi independentistak ohar baten bidez. Estrategia independentistaren eta herrigintzaren arteko loturetan sakondu dute Plaza Hutsean, Sortuk nabarmendu duenez.

«Euskal Herrian ehun sozial eta parte hartze politiko izugarria dago.Uste dugu herri honetan dugun altxor handienetako bat dela hori, eta horretan sakonduko dugu, Euskal Herriak merezi duen nazio bulkada komunitario erraldoi hori martxan jarri ahal izateko eta egungo erronkei erantzun ahal izateko», adierazi du Lur Albizu Etxetxipia Nafarroako Sortuko koordinatzaileak.

Ikusi gehiago: «Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Euskal Herriko hainbat herritako denetariko egitasmoetan jarduten duten pertsonak elkartu dira Burlatan, eta sei tailer egin dituzte «Euskal Herriaren eraikuntzan estrategikoak diren eremuetako egoerak, aukerak eta erronkak» aztertzeko.

Hezkuntzari buruzko tailerrean, Finlandiako eta Reggio nell'Emiliako (Italia) hezkuntza sistemak aztertu dituzte. Migrazioari buruzkoan, berriz, haren eta «euskal nazio egitasmoaren» arteko harremanaz aritu dira. «Migrazioen aurrean ezker abertzalearen posizio historikoa aztertu eta gaurko errealitateari atxikiz, gure estrategia eguneratu eta zehazteko lehen urratsa egin dugu», nabarmendu du Sortuk.

Tailer feministan zaintza eskubidea unibertsalizatzeaz hausnartu dute, eta pobreziaren eta bazterketa sozialaren inguruko tailerrean horri aurre egiteko «ezinbestekoak» diren politika publikoez jardun dute. Klima larrialdiari ere heldu diote, «Euskal Herriko begiradatik». Euskarari buruz egin duten hausnarketan, «auzi linguistikoa politizatzearen eta problematizatzearen garrantzia» ondorioztatu dute Burlatan bildutakoek.

Plaza Hutsean «ereindakoa» jarraipena izatekoa da. Sei alor horien inguruko sareak martxan jartzeko asmoa adierazi du Sortuk, «ezker abertzaleko ehunka herrigile iraunkorki saretu eta dagoeneko herrigintzan egiten ari garen lana biderkatzeko asmoz».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.