Lur Albizu. Nafarroako Sortuko koordinatzailea

«Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Hiru urteko etenaldiaren ostean, Plaza Hutsa egingo du Sortuk Burlatan bihar. Militantziaren bilgune horretan, herrigintzari buruz gogoeta egin eta ildo bat ezarri nahi diete aurretik ezarritako sei eremu estrategikoei.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hiru urteko etenaren ostean, Burlatan egingo da bihar hirugarren Plaza Hutsa, 09:00etan hasita. Sortuk ez alferrik zuen hautatu plaza hutsaren irudia, bere proiektua «jendez eta edukiz» betetzea lortu nahi baitu. Lur Albizu Etxetxipia Nafarroako Sortuko koordinatzailearen arabera (Artazu, 1993), militantziaren elkargune izan nahi du aurtengoak, herrigintzari buruz gogoeta bultzatzeko, eta helburu bat zehazteko alderdiak lehenetsitako sei eremu estrategikoetan: feminismoa, euskara, lan eta bizi baldintzak, hezkuntza, ekologismoa eta migrazioa.

Pandemiaren ondorioz, aurreko bi urteetan ez da egin Plaza Hutsa. Politikagintzaren oinarrizko lanean aritzen zaretenontzat zer eragin izan du izurriak?

Guztioi eragin digu. Herrigintzan eta militantzian eragin du, baina kalkulatu gabe dugu ondorioa. Bat-batean mundua gelditu zen, eta bizitza komunitarioa geldirik geratu zen. Egia da konfinamendu garaianzaintzari lotutako esperientzia interesgarriak izan zirela, eta komunitatea sortzeko ideia hori landu zela. Dena den, asko eragin du gure gorputzean eta buruan. Atzeragotik bazetorren indibidualizaziorako joera areagotu du. Bizi itxaropena murrizten den heinean, errazagoa da bakoitzak bere bizitza egitea, albokoari erreparatu gabe.

Horrek kezkatzen zaituzte?

Bai, neoliberalismoaren ezaugarri inportanteenetariko bat da. Oraintxe herrigintza eta ikuspegi komunitarioa ahuldu ditu, eta gure lana da gu kolektibo hori indartzea. Urteotan militantzia ere asko aldatu da. Iraganean proiektuari oso lotuta zegoen, agian gehiegi; orain, berriz, gu hori eraikitzea konplexuagoa da, ni-ari lotuagoa dagoelako. Ez zait iruditzen ona edo txarra dela. Aukera gehiago ematen ditu espezializaziorako, eta bakoitzaren bizitzara moldatuagoa da. Plaza Hutsean, interesen eta lanaren arabera banatutako sei eremu daude. Horretan asmatzen ari garela uste dut.

Bide bat finkatu nahi duzue. Norantz?

Estrategia independentista eta herrigintza lotzen ditugu: hau da, herrigintzak zer ekarpen egingo dion estrategia independentistari, eta independentismoak herrigintzari. Nazio bulkadaren ideia ere badago erdigunean: batetik, nola lortzen dugun hainbat eremutatik abiatuta beste bulkada erraldoi bat ematea Euskal Herriak bizirik iraun dezan; bestetik, eraldaketa sozialerako esparru inportanteenetariko bat da herrigintza.

Herrigintzaren aro berri baten beharrez hitz egiten duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?

Herrigintza asko egin da Euskal Herrian, eta egiten da. Ehun komunitario hori anomalia politiko bat da, baina moldatu egin behar da, eta erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin. 1960ko hamarkadan, intuizioz asmatu zen ildo batzuk jorratzean (ikastolen sorrera, helduen euskalduntze alfabetatzea...). Orain anbizio horrekin heldu behar diegu 2023ko erronkei. Ahultze komunitario horrek itxaropen galera handi bat ekarri du, eta guk esaten dugu herrigintzak behar duela bultzada oso handia eremu batzuetan, joera hori aldatzeko eta anbizio politikoa igotzeko.

Erresistentziatik ikuspegi eraldatzaile eta proposatzaile bat sortzea da erronketako bat. Nola egin badakizue, ala erantzunen bila ari zarete?

Haien bila. Dikotomien arazo bat dago. Aurreko aroak asko izan zuen erresistentziatik, baina asko eraikuntzatik ere; orain behar dugu asko eraiki, baina eraikuntza bera erresistentzia bat da. Adibidez, kontsumo ohiturak aldatzea izan daiteke erresistentzia modu bat, baina baita eraikitzekoa ere. Nire ustez, asko du hausnartzetik, baina asko praktikatik ere. Ez gara jabetzen zenbat proiektu diren martxan Euskal Herrian. Gakoa da nola ematen diogun horri indar handiago bat.

Euskara geldiune batean antzematen duzue oro har. Nola emanbulkada euskarari?

Euskarak lortu du eremu batzuetan estatus politiko bat, baina orain judizializazioaren lerro bat indartsu dabil. Nafarroan, adibidez, oso agerikoa da hori, UGTren eskutik. Arazo asko ditugu. Tokian tokiko dinamika interesgarriak daude, kimu berriak (Hordago, Errigora...), baina agortze zantzu batzuk ere antzematen dira. Iruditzen zait eskubideen planoan badugula zer egin eta zer esan, eta oso lotuta dago bereziki euskaltzaleok aktibatzearekin eta egituratzearekin.

Nafarroan legealdi honetan PSNk euskararen arloan ez du urratsik egin, eta gainerako indarrak ez dira gai izan hura mugiarazteko. Nola uztartu aktibazio hori, etsipenean erori gabe?

Nafarroan eskuinaren estrategia oso bat dago, eta PSN baldintzatuta dago. Inposizioaren ideiak min handia egin digu. Aurrerapauso batzuk eman dira, baina beste batzuk ez sumatzeak etsipen bat eragiten du, eta horri aurre egin behar diogu. Erronka da zer egin dezakeen herrigintzak politika publikoak bultzatzeko, eta instituzioetatik zer ekarpen egin daitekeen. Herrigintzaren bulkada horrek ekarri behar du aldekotasun bat eta gauza batzuk egiteari uztea. Adibidez, PSNri nahiko merke ateratzen zaio Mañeru ez sartzea eremu mistoan. Eremu sinbolikoan garrantzitsua.

Klima aldaketari buruz, mugimendu ekologista bateratu bat behar dela diozue. Nola lortu hori mesfidantza piztu gabe?

Alor guztietan egiten duguna da ikuspegiak zabaldu, eta eremu horietan dabiltzanek jakingo dute hori nola egin. Errespetu osoz. Ekologismo antolatuak badu gauza on bat: talde asko ditu. Beste kontu bat da bateratzen den edo ez, eta nola uztartzen diren tokiko borrokak Euskal Herriko ikuspegiarekin.

Sortu diren talde berrietako bat migrazioarena da.

Harrera sareetan edo koordinakunde antiarrazistan dabilen jendea gero eta gehiago da. Borroka berri indartsuenetarikoa da, eta esperientzia asko daude. Ezker independentista gisa, zor genion eremu horri nola ulertzen dugun migrazioaren fenomenoa, eta oso loturik dago azkenaldiko eztabaida batzuekin. Migrazioa errealitate bat izango da orain baino handiagoa. Duela 60 urte teorizatu genuen Euskal Herrian bizi zen oro euskal herritarra zela, baina ikuspegi hori oraingo egoerara moldatu behar dugu, jakinda gainera zer larrialdi dagoen eta Bidasoan badugula migratzaileak hiltzen diren muga bat. Erronka da eremu horretatik nola egiten dugun Euskal Herriaren aldeko bulkada, eta nola erakartzen eta batzen dugun borroka honetara Euskal Herrian bizi den jende pila hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.