Hezkuntza

Praktiketan dauden irakasleen amatasun baimenean «diskriminaziorik» ez egoteko eskatu diote Jaurlaritzari

EH Bilduk akordioa lortu du EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin Eusko Legebiltzarrean: indarrean den araudia aldatzea galdegin diote Hezkuntza Sailari.

Emakume bat haurdun. ORLANDO BARRíA / EFE
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 6a
17:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarrean duen agindu baten arabera, hezkuntzako lan eskaintza publiko bat gainditu ostean, irakasleen derrigorrezko praktikaldiak gutxienez hiru hilabete eta egun batekoa izan behar du, modu jarraituan, haurdun dauden emakumeen kasuan. Araudiak, baina, ez ditu kontuan hartzen haurdunaldian aurreikusi ezin diren egoerak, eta, beraz, erditze aurretik hartu litekeen bajari uko egitera behartzen ditu emakume asko; are, gaixotasun arrunt batengatik hartu ahalko luketen epealdi laburreko baimenari ere uko egiten diote andrazko askok. «Praktikak modu jarraituan egiteko obligazioaren ondorioz, hainbat emakumek baja hartzeari uko egiten diote; praktikan, diskriminazio argi bat pairatzen dute, amatasun baja hartzeko eskubidea urratua baitute», ohartarazi du Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak.

Koalizioak egoera hori zuzentzeko eskatu dio gaur Hezkuntza Sailari, legez besteko proposamen batean. Zehazki, galdegin dio ezabatu dezala Hezkuntza Sailaren 2020ko otsailaren 18ko aginduan ageri den «jarraitukoa» hitza, termino horrek sortzen dituelako «diskriminazio egoerak». EH Bilduren eskaerarekin bat egin dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta erdibideko zuzenketa batean adostu dute praktiketan dauden irakasleek amatasun baimena dela-eta pairatzen duten «diskriminazio egoera» amaitzeko. Hala, Hezkuntza Sailari eskatu diote etorkizunean irakasle izateko lan eskaintza publikoetara deitzen duenean, araudia alda dezala eta praktikak egiteko «malgutasuna» eman diezaiela lehiaketa oposizio fasea gainditu eta amatasunagatik baimen aldia baliatzen ari direnei edo beren osasunarekin zerikusia duten egoerak egiazta ditzaketenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.