KRISIA OSASUNBIDEAN

Nafarroako Gobernua «ezin sinetsita» dago, Sindikatu Medikoak orain 1.000 euroko soldata igoera eskatu diolako

Osasun Departamentua prest agertu da sindikatuarekin akordio bat lortzeko, «baina zentzuzko posizioetatik abiatuta». LAB, SAE, ELA, UGT eta CCOOrekin ere batzartu da gobernua, otsailaren 15eko grebaren aurretik, «jarrerak gerturatzeko»

Sindikatu Medikoaren agerraldi bat. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 7a
18:05
Entzun

«Harrituta eta ezin sinetsita». Horrela atera da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua Sindikatu Medikoarekin eginiko azken bilkuratik. Elkarte sindikalak beste proposamen bat egin die Osasunbideko arduradunei, otsailaren 1ean hasitako greba mugagabea bertan behera uztearen truke: hilean 1.000 euroko soldata igoera, urtean 14 nominatan, eta igoera hori atzerako eraginez aplikatzea, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Hortaz, ados jartzeko posizioak malgutu beharrean, gogortu egin ditu Sindikatu Medikoak. Aurretik, hilean 500 euroko soldata igoera eskatu zuen 2023rako, eta beste horrenbestekoa 2024rako. «Osasunbidean bigarren greba astea hasi dugun honetan, Sindikatu Medikoaren greba batzordeak erabaki du bere hasierako eskakizuna bikoiztea. Argi dagoenez, eta behin baino gehiagotan adierazi ditugun arrazoiengatik, ezin dugu exijentzia hori onartu», azaldu du Osasun Departamentuak ohar batean.

Osasunbideko zuzendari nagusi Carlos Artundok ere «harriduraz» hartu du Sindikatu Medikoaren azken proposamena. «Ezin sinetsita gaude, orain, grebaren erdian, esan digutelako jada ez direla hilean 500 euro, hilean 1.000 euro baizik. Gure bide orrian jasota dago Nafarroako medikuen lan baldintzak eta soldatak hobetzea, noski; gure asmoa da hori egitea, eta akordio bat lortu nahi dugu, baina zentzuzko posizioetatik abiatuta, betiere».

Hala ere, aldeek ez dituzte negoziazioak amaitutzat eman, eta bilera gehiago eginen dituzte aste honetan. Nafarroako Gobernuak eutsi egin dio urtarrilaren 30eko aurreakordio zirriborroan proposatu zuen eskaintzari: alegia, hilean 400 euroko soldata igoera mediku guztientzat, guardiengatik ordaintzen den lansaria %10 handitzea eta lan karga murrizteko neurriak —besteak beste, Lehen Arretako mediku bakoitzak egunean 32 paziente artatzea, gehienez—. Horren gainean, «ñabardurak eta hobekuntzak» egiteko prest direla berretsi du Osasun Departamentuak, «argi utzita gure helburua pertsonak direla, pazienteak, eta zerbitzuaren hobekuntza».

Bilera intersindikalarekin

Bestalde, Osasun Departamentuak bilera egin du gaur otsailaren 15erako greba deialdia egina duten beste sindikatuekin: LAB, SAE, ELA, UGT eta CCOOrekin, alegia. Proposamenak idatziz helarazi dizkiete elkarri, eta hitzartu dute datorren astelehenean berriz elkartuko direla, eskaintzak eta proposamenak aztertzeko. Bilera bukatuta, Artundo zuzendariak esan du «jarrerak hurbiltzen» saiatuko direla datozen egunetan, «otsailaren 15eko greba eragozteko balioko duen akordio bat lortze aldera».

Artundok aitortu du, ordea, «oso denbora gutxi» dutela akordio bat lotzeko: «Ahaleginak eta bi eginen ditugu, baina badakigu gauden egoeran gaudela, 2023ko otsaila dela, hauteskundeetarako oso denbora gutxi falta dela, apirilaren 2an Nafarroako Parlamentuak jarduera etengo duela eta, hortaz, estu ibiliko garela». Hala ere, «negoziatzeko aukera baliatu» nahi dutela berretsi du Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak, «medikuen soldatak ez ezik, gainerako langileei eragiten dieten auziak ere hobetzeko».

Osasunbideko sindikatuek otsailaren 15erako antolatutako grebari dagokionez, Artundok esan du «arrazoizkoa» dela eta denek partekatzen dutela «adostasunera iristeko nahia»: «Sendagileen kolektiboaren baldintzak hobetu behar direla esan dugun bezala, osasun arloko gainerako kolektiboen egoera ere hobetu beharra dago zenbait puntutan, horietako batzuk aspalditik, gainera. Hori da gure helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.