Albistea entzun

AEB

Biden: «Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu»

Estatuaren egoerari buruzko agerraldia egin du AEBetako estatuburuak. Besteak beste, Ukrainako gerraz eta droga trafikoaz aritu da.

AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. /
AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. / Jacquelyn Martin/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko otsailak 8

Azken asteetan zeresan handia eman du Txinak ustez espioitzarako bidalitako globoak —joan den asteburuan eraitsi zuen AEBetako Gobernuak—, eta hori bera baliatu du AEBetako presidente Joe Bidenek Estatuaren egoerari buruzko agerraldian Pekini oharra luzatzeko: «Badut konpromisoa Txinarekin elkarlanean aritzeko, AEBen eta mundu osoaren interesen alde egiteko bada, baina ez zaitezte erratu, argi utzi genuen joan den astean: Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu». Hala ere, buruzagi demokratak zehaztu du bi herrialdeen artekoa «norgehiagoka bat» dela, eta ez «gatazka bat».

Lehiaketa hori irabazteko lasterketan, AEBak «indartsuago egiteko» inbertituko duela iragarri du Bidenek, berrikuntzaren eta etorkizunean «erabakigarria» izango den industriaren alde egingo duela. Alde horretatik, armada «puntako teknologiarekin» hornitzea defendatu zuen, hura inork AEBen aurka egiteko baliatu ez dezan.

Etxeko auzietan ekonomia, droga trafikoa eta immigrazioa izan ditu hizpide estatuburuak. Auzi horiek ixteko, oinarrizkotzat jo du bi alderdi nagusien arteko elkarlana, eta hala helarazi die oposizioko kideei ere —iaztik, errepublikanoek gehiengoa dute Kongresuko behe ganberan—: «Ez du zentzurik borrokatze hutsagatik borrokatzeak, gatazkak pizte hutsagatik gatazkak elikatzeak eta boterearen jabe izate hutsagatik botereari eusteak. Lan bat amaitzeko mandatua dugu. Aurreko Kongresuan elkarlanean aritu ahal izan baginen, ez dago arrazoirik orain ere gauza bera ez egiteko». Hala, eskatu zien errepublikanoei babes zezatela aberatsenei zergak igotzeko eta ahulenei laguntzeko bere lege proposamena.

Demokratek nahi duten batasunik ez zen islatu, ordea, Kongresuan. Buruzagi demokratak fentanilo trafikoa geldiarazteko beharra aipatu zuenean, oposizioak «muga da!» eta «zure ardura da!» oihukatuz erantzun zion —fentaniloaren kontsumoa nabarmen handitu da AEBetan, eta 70.000 hildako baino gehiago eragiten ditu urtero—. «Ekoizpena, salmenta eta trafikoa geldiarazteko ahalegin handiagoa egin behar dugu. Makina gehiago jarri behar ditugu mugan drogak aurkitzeko», esan du Bidenek.

Ukrainari ere egin dio keinua buruzagi demokratak, esanez herrialdea babesten jarraituko dutela «behar den denboran». Gogora ekarri du AEBak izan zirela Ukrainari babesa ematen lehenengoetarikoak duela urtebete Errusiak erasoaldia hasi zuenean: «Egin dugu. AEBek hobekien egiten dutena egin dugu, zuzendu».

Etxe Zuriaren nazioarteko politiken zutabeetako bat bilakatu da Ukraina azken hilabeteetan. Orain arte, 27.500 milioi euro bideratu ditu Washingtonek Kievi laguntzera. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski bera joan den abenduan izan zen AEBetan.

Hitzaldi luzeena

Bidenek 73 minutuko agerraldia egin du, orain arte AEBetako Kongresuan egindako luzeena. 80 urteko buruzagiaren osasuna kezka iturri izan da haren agintaldiaren hasieratik, besteak beste jendaurrean hainbatetan nahastu izan delako. Hala gertatu da aldi honetan ere. Hitzaldiaren hasieran, okertu egin da hainbat aldiz, baita esaldiak aldatu ere. Baina, aurrera egin ahala, gero eta erosoago aritu da, batez ere errepublikanoei erantzuteko garaian.

Alderdi Errepublikanoak, berriz, gogor erantzun zion estatuburuaren hitzaldiari. «Muturreko ezkerraren menpe» egotea egotzi zion Arkansasko gobernadore Sarah Sandersek: «Bidenen administrazioa interesatuagoa dago politikoki zuzenak diren ameskerietan, estatubatuarrek egunero bizi duten errealitate gogorrean baino».

Donald Trump presidente zela gobernuko bozeramaile izandakoak leporatu zion gobernuari herritarrei «itolarria» eragitea erregaiaren prezio garestiaren pean, eta «arrazakeria bultzatzea».

Sandersek ez ezik, Trumpek berak ere erantzun zion Bideni, eta leporatu herrialdea «hirugarren mundu gerrara» daramala. 2024rako presidentetzarako bozetarako hautagaitza lortzeko kanpaina betean dabil buruzagi errepublikanoa, eta babesak lortzeko baliatu du estatuaren egoerari buruzko hitzaldia ere. «Albiste ona da irauli egingo ditugula Joe Bidenek sortu dituen krisi, hondamendi eta zoritxar guztiak. Gure herrialdea handi egiteko itzuli nahi dut AEBetako presidentetzara, eta hondamendi hau geldiarazteko», adierazi du presidente ohiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera: Patiño gobernuaren negoziatzaileburua, Petro herrialdeko presidentea eta Rueda Bakerako goi mandataria, atzoko agerraldian, Bogotan. ©EFE

Kolonbiaren eta ELNren arteko bake negoziazioak «krisian» daude

Ander Perez Zala

Bogotak gerrillari eskatu dio zera argitzeko: elkarrizketak baliatzen ari den bere burua indartzeko ala egiazki borondatea duen gatazka amaitzeko. Gobernuarentzat, giltzarri da su etena adostea
Jendetza Madras hiriko kaleetan, Indian, iaz. ©IDREES MOHAMMED / EFE

India izango da herrialde populatuena munduan

Maddi Iztueta Olano

Txinako biztanleriak behera egin du azken urteotan, eta, adituen arabera, egun gutxi barru haren postua hartuko du Indiak. Munduan biztanle gehien dituen herrialdea bilakatuko da: 1.428 milioi lagun.

Donald Trump presidente ohia, martxo hasieran, Marylanden, Kontserbadoreen Ekintza Politikorako Konferentzian. ©JIM LO SCALZO / EFE

Trump auzitara eroskeriagatik

Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi

2016ko bozen atarian pornografian aritzen den aktore bati ordaintzea egotzi diote AEBetako presidente ohiari. «Jazarpen politikoaren biktima» dela salatu du buruzagi errepublikanoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...