Funtzio publikoa
Nafarroako Gobernuak baztertu egin du bere langileei soldata gehiago igotzea
«Baliabideak mugatuak dira», argudiatu du Javier Ramirez Funtzio Publikoko kontseilariak. Soldatak inflaziora parekatzea da hilaren 15eko grebaren eskakizunetako bat.

Langile publikoen ordezkariekin elkarrizketatzeko prest dagoela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak, baina dagoeneko ezezko batekin erantzun die haien eskaera nagusietako bati: ez du soldatak gehiago handitzeko «asmorik».
Soldatak dira, hain zuzen ere, hilaren 15erako Nafarroako sektore publikoko bost sindikatu nagusiek antolatutako grebaren arrazoietako bat. ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek beste eskaera batzuk ere plazaratu dituzte: gobernuak autogobernu eskumenak erabiltzea; enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea; arreta hobetzea, enplegua sortzea eta gazteak kontratatzea.
Javier Remirez lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilariak baliabide eskasia argudiatu du sindikatuen eskaria atzera botatzeko. «Sentiberak gara langile publikoen eskaerekiko, baita haien lan baldintzak hobetzeari buruz ere; langile publikoen baldintzak hobetzea zerbitzu publikoak hobetzea da, baina baliabideak mugatuak dira, eta Nafarroako aurrekontu orokorrek zehazten dituzte».
Remirezek nabarmendu du urtarrilaren 1ean %2,5 handitu zituela bere langileen soldatak. Prezioak, ordea, horren gainetik handitzen ari dira, eta erosteko ahalmena galtzen ari dira Nafarroako administrazioko 29.000 langileak. Zehazki, Nafarroak %6,4ko inflazioarekin bukatu zuen 2022. urtea.
2022an ere, soldatak inflazioaren azpitik handitu ziren: 2022ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak ordainsaria %2 igo zuen, eta azaroan beste %1,5 onartu zuen, atzerako eraginez, prezioen igoera ikusita.
Remirezek nabarmendu du legealdian %12 handitu dituztela langile publikoen soldatak, eta 2019an osagarri bat eman zietela aldi baterako 9.000 langile publikoei.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.