Albistea entzun

Memoria historikoa

EP-IUk eta Jaurlaritzak akordioa lortu dute memoria demokratikoaren legearen inguruan

Biktimen errolda bat sortuko da, erreparazio «osoa» bermatuko zaie biktimei, eta memoriaren aurkako sinboloak kentzeko plan bat onduko du Gogora-k, besteak beste.

Frankismoaren biktimei omenaldia Bilboko hilerrian, artxiboko irudian
Frankismoaren biktimei omenaldia Bilboko hilerrian, artxiboko irudian Aritz Loiola/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko otsailak 8

EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuaren inguruan akordioa lortu dute Elkarrekin Podemos-IUk, EAJk eta PSE-EEk. Miren Gorrotxategi eta Jon Hernandez legebiltzarkideek eman dute akordioaren berri gaur goizean: azaldu dutenez, Jaurlaritzarekin erdietsitako akordioari esker, jatorrizko testua «hobetzea» lortu eta memoria historiko «justuagoa» eta «hobea» bermatuko dute.

EP-IUk lege proiektuari aurkeztutako zuzenketa nagusiak txertatuta geratuko dira testuan. Jon Hernandezek azpimarratu du ezinbestekoa zela Jaurlaritzaren lege egitasmoa «hobetzea», eta helburu horrekin aurkeztu zituela EP-IUk 60 zuzenketa baino gehiago. 1936ko estatu kolpearen eta ondorengo diktadura frankistaren biktimen «egia, memoria, justizia eta erreparazioa» lortzea izan da taldearen helburua.

Lege egitasmoa tramitazio fasean dago oraindik Eusko Legebiltzarrean. Lantaldea eratuko dute aurki, eta han taldeen zuzenketak eztabaidatuko dituzte. Hernandezek azaldu du Elkarrekin Podemos-IUren baiezko botoa izango duela egitasmoak bilkuran bozkatzen dutenean, baina espero dutela tramitazio fasean hobekuntza gehiago jasotzea proiektuak.

Erreparazio «moralaz» harago
Akordioari esker legean aurrerapausoak lortu dituztela azaldu du Hernandezek. Erreparazioari dagokionez, akordioak jasotzen du biktimei erreparazio «osoa» aitortuko zaiela, jatorrizko testuan biktimen erreparazio «morala» baino ez baita aipatzen. Alde horretatik, biktimei kalte ordainak emango zaizkie, nahiz eta oraindik ez dituzten zenbatekoak zehaztu. Kalte ordain horiek ez dira egongo Jaurlaritzaren aurrekontuaren menpe, akordioan jaso dutenez. «Gobernua derrigortua egongo da kalte ordainak ordaintzera, aurrekontua gorabehera», zehaztu du Hernandezek.

Horrekin batera, biktima gisa izendatzeko kasuistika zabalduko dute, eta, hildakoak ez ezik, biktimatzat joko dira diktaduraren hasierako gerrillari antifrankistak eta boluntario internazionalistak ere. Biktimen errolda bat sortuko dute, halaber. Errolda horretan hildakoak ez ezik, gerratik eta diktaduratik bizirik irten ziren errepresaliatuak ere aintzat hartuko dituzte.

Justizian, nazioarteko araudiari so
Justizia arloan, berriz, hainbat aldaketa egingo dizkiote jatorrizko testuari. Batetik, nazioarteko araudiari jarraikiz, frankismoaren krimenak preskribaezinak izateko bidea jasoko da, eta, baliogabetuta dauden frankismoko zigorren kasuan, erreparazio juridikoa bermatzeko neurriak abiatuko dira. Halaber, legeak jasoko du administrazio publikoak behartuta egongo direla nazioarteko justiziarekin kolaboratzeko; adibidez, Argentinako kereilaren kasuan.

Memoria atalean ere hainbat aldaketa adostu dituzte. Legeari emakumeei buruzko artikulu bat gehituko diote, emakume izate hutsagatik errepresioa pairatu zutenentzako berariazko politikak jasotzeko. Memoriaren aurkako sinboloen eta elementuen kategoriak zabaltzeko proposamena ere jasoko du legeak: hala, frankistei ohore egiteko altxaturiko eraikin arkitektoniko eta eskultorikoak aintzat hartuko dira; elkarte memorialistekin elkarlanean egingo da hori. Gainera, Gogora institutuak sinbologia frankista desagertzeko plan bat ondu beharko du.

Azkenik, egiari dagokionez, hainbat aldaketa jasoko ditu legeak. Besteak beste, giza eskubideetan, 1936ko gerran eta diktadura frankistan aditua den talde zientifiko bat sortuko da, eta haren egitekoa izango da gerran eta frankismoan izandako giza eskubideen urraketen txosten bat egitea. Horrekin batera, 1936ko gerraren lekukotzen artxibo bat sortuko dute, eta udal bulegoak sortuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aholkularitza eta dibulgazioa egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...