Albistea entzun

Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Laguntza humanitarioa iritsi da Siria ipar-mendebaldera, lurrikara gertatu eta lau egunera

Turkiatik Siria iparralderako pasabide bakarra dago zabalik. Damaskok ohartarazi du bere eskuetatik igaro behar duela laguntza orok, «terroristengana edo talde armatuengana» irits ez dadin; horrek, ordea, kanpoan uzten ditu oposizioak kudeatutako eremuak. Azken datuen arabera, 20.000tik gora dira hildakoak.

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko otsailak 9

Siriako gerrak guztia zipriztintzen du, baita lurrikara osteko laguntza humanitarioaren banaketa ere. Bi lurrikara handiak gertatu eta lau egunera heldu da Siria ipar-mendebaldera laguntza humanitariorako lehen konboia. Tarte horretan, Ipar-Mendebaldeko Administrazio Autonomoa bakarrik aritu da seismoek eragindako hondamena kudeatzen eta erreskate lanak antolatzen, milaka errefuxiatu eta iheslari bizi diren eremuan. Siriako presidente Baxar al-Assadek gogorarazi du bere eskuetatik igaro behar duela nazioarteko laguntza orok «terroristengana edo talde armatuengana» irits ez dadin, hau da, oposizioak kontrolatutako eskualdeetara.

Bien bitartean, Siria iparraldeko erietxeak kolapsatuta daude. Hiri askotan, boluntarioak dira zaurituak artatzen ari direnak. Lehendik ere osasun sistema ahula zuen eskualde horrek, eta kolera kasuak ere agertzen hasiak ziren. Lurrikarak okerragotu egin du egoera. «Hondamena da, hitzaren zentzu guztietan. Zaurituak beren burua artatzen ari dira, medikurik eta erizainik ez dagoelako», esan dio Abu Muhammad Sakhurrek CNNri; boluntario lanetan aritu da Sakhur azken egunetan.

Ikusi gehiago: Lurrikaren biktimei laguntzeko elikagai bilketa egingo du Zaporeak-ek, larunbatean

Gerra hasiz geroztik ez da azpiegiturarik berritu Siria iparraldean. Milaka lagunek hamar urte baino gehiago daramatzate behin-behineko kanpalekuetan bizitzen, giza laguntzaren menpe eta iturriko urik gabe. «98 kanpalekutan egiten dugu lan ura banatzen, ez dagoelako behar bezalako hoditeriarik», azaldu du Kieran Barnesek, gobernuz kanpoko Mercy Corps erakundeko kideak.

Gobernuak kontrolatutako eremuetara lehenago iritsi da laguntza. Besteak beste, Irakek, Errusiak, Txinak eta Saudi Arabiak bidali dituzte botikak eta elikagaiak. Damaskorentzat, baina, ez da nahikoa. Zigorrak kentzeko eskatzen du Siriako Gobernuak; izan ere, gerra hasi eta gutxira hainbat bahimendu ezarri zizkion Mendebaldeak Al-Assaden herrialdeari. Txinak babestu egin du Damaskoren eskaria, eta AEBei leporatu die «obsesio geopolitikoen arabera» jokatzea.

Hildakoak, gehiago

Bien bitartean, hondakin artean bila ari dira oraindik erreskate taldeak, nahiz eta 72 orduren buruan jendea bizirik ateratzeko aukera oso txikia izan. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan seismoak hondatutako eremuetan izan zen atzo, eta gauza bera egin du gaur ere. Gaziantepen (Kurdistan) izan da goizean, eta han kritikak entzun behar izan ditu. Oposizioak eta alderdi kurduek leporatzen diote laguntza gobernuaren gertuko alderdiek kudeatutako udaletarako lehenetsi izana, eta besteak bazter utzi izana.

Seismoak eragindako biktimen zenbaketa ere aurrera doa, eta dagoeneko 20.000tik gora hil dira, gehienak Kurdistanen. Oraindik ere jendea bizirik ateratzen ari dira hondakin artetik, nahiz eta gero eta gutxiago izan. Gaur bertan 8 urteko haur bat erreskatatu ahal izan dute Diyarbakirren. Kahramanmarasen (Kurdistan) dozenaka eraikin erori dira; tartean, hotel oso bat. Erori zenean barruan 60 bat pertsona zeudela uste da. Ez dute inor aurkitu. Tentsio egoerak ere sortu ditu horrek; izan ere, badira ordu batzuk gorpuak besterik ateratzen ez dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. ©VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Gorka Berasategi Otamendi

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
 ©JOAN CABASES

«Okupazio baten mende luzaro egonez gero, gorrotoa pizten zaizu»

Joan Cabases

Israelen sorrera ahalbidetu zuen gobernuan egon zen Barag. Ondoren, ordea, irauli egin zuen bere bizimodua eta palestinarrei laguntzen hasi zen. 22 urte daramatza horretan, eta argi du «indarkeria eta mendekuak» ez dutela bakerik eramango Ekialde Hurbilera.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. ©@JordanHallWX

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Gorka Berasategi Otamendi

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Rahul Gandhiren aldeko protesta isila, atzo, Mumbain. ©DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egiteagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu dute, eta parlamentuko behe ganberatik bota

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...