GAL

Garcia Danboreneari pentsio gehigarria kentzeko eskatu die Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gorteei

EH Bilduk soilik babestu du Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako legez besteko proposamena. Gainerakoek adierazi dute gaia Kongresuan eta Senatuan jorratu behar dela.

Miren Gorrotxategi, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 9a
14:19
Entzun

Ricardo Garcia Danboreneak diputatu ohi gisa jasotzen duen diru sariaren kontra egin du Eusko Legebiltzarrak, eta Espainiako Gorteetako Mahaiari eskatu dio hori eteteko. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin (25) egin du. EAJ (31) abstenitu egin da, eta PSE-EEk, PPk eta Voxek (17) aurka bozkatu dute. PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi izandakoa 1998an zigortu zuten, Segundo Mareyren bahiketagatik. Halere, hilabetean 2.063,75 euro jasotzen ditu Madrilgo gorteetatik, Espainiako Kongresuko diputatu izan zelako 1982tik 1989ra.

Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioak aurkeztu du legez besteko proposamena, salatzeko «estatu terrorista batek» pentsio gehigarria kobratzen duela. Miren Gorrotxategi eledunak azaldu duenez, legez besteko proposamenaren helburua ez da Madrilgo gorteen araudia aldatzea, ezta inoren eskubideak urratzea ere, biktimak «umiliatzen» dituen erabaki baten aurka egitea baizik. Uste du Garcia Danborenean pentsio gehigarria GALeko kideek izan duten «inpunitate jasanezinaren» adibide bat gehiago dela: «Gizarte demokratiko batek eta zuzenbide estatu batek izan behar dutenaren kontra doaz injustizia eta min gehigarri hauek».

2006ko Pentsio Parlamentarioen eta Bestelako Prestazio Ekonomikoen Araudiaren arabera —2011n indargabetu zen—, Espainiako gorteetan pentsio bat jasotzeko zazpi urte egin behar zituzten diputatu edo senatari. Halere, bada salbuespen bat. Baldintza hori bete ez duten diputatu eta senatari erretiratuek laguntza bat jasotzeko aukera dute hala eskatzen badute. Kongresuko eta Senatuko mahaikideen hiru bostenek babestu behar zuten erabakia, eta «arrazoitua» izan behar zuen, araudi beraren arabera.

Mahaiko kideek hartu beharreko erabaki bat zen heinean, «erabaki politiko bat» izan zela azaldu du Gorrotxategik, hura hartzeko parametro etiko eta demokratikoak zalantzan jarrita. Izan ere, gogoratu du Garcia Danboreneak diputatu lana eta «ekintzailetza kriminala» bateratu zituela urte haietan, eta ez dela egindakoaz inoiz damutu.

EH Bildu izan da proposamena babestu duen alderdi bakarra. Josu Estarrona parlamentariak ohartarazi du Garcia Danborenearenaren pareko kasuak «giza eskubideak urratu zituztenen indarkeriaren apologia» direla, eta, era berean, biktimen duintasunaren aurkako «eraso larriak» ere bai. «Agian, egindako zerbitzuengatik izango da; edo hura ez probokatzeagatik, ez dezan dena agerian utzi», adierazi du, pentsioa emateko arrazoiak hizpide hartuta.

Estarronak salatu du Garcia Danboreneak egindakoak justifikatu izan dituela behin eta berriz, eta gogoratu du Santi Brouard HASIko buruaren hilketarekin ere lotu zutela PSE-EEko kide ohia, nahiz eta epaileek ebatzi auzia preskribatuta zegoela. Erakunde publikoek GALen biktimekin izandako jarrera ere kritikatu du EH Bilduko kideak, «isiltasuna» nagusitu delako: «Instituzioek, estatu terrorismoa estaltzeaz gain, hori praktikatu dituenak saritu ditu».

Gainerako alderdiek legez besteko proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu izana kritikatu diote Elkarrekin Podemos-IUri, afera Madrilgo ganberen eskumenekoa delako. EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek adierazi du eztabaida parlamentu hartan planteatzea ez dela «oso ulergarria». Azaldu du EAJk ez duela ontzat jotzen Garcia Danboreneak pentsioa jasotzeko erabakia, ez diolako mesederik egiten elkarbizitzari eta biktimen errekonozimenduari. Halere, gehitu du pertsonek eskubideak dituztela, eta Kongresuko eta Senatuko mahaiei dagokiela halako erabakien inguruan eztabaidatzea: «Ez da gure eskumenekoa».

PSE-EEko kide Miren Gallastegik kritika gogorragoa egin dio Gorrotxategiri. Leporatu dio Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak egindako azken adierazpenei eman nahi zioten erantzun bat izan dela proposamena. Era berean, azaldu du Garcia Danborenearen «oinarrizko eskubidea» zela pentsioa jasotzea, eta PSE-EEko kide ohiaren «heriotza zigor zibila» nahi izatea txarretsi dio.

PSE-EEko, PP+Ciudadanoseko eta Voxeko ordezkariek bi «neurgailu» izatea leporatu diote Elkarrekin Podemos-IUri, ez dutelako ETArekin lotura izateagatik zigortutakoek pentsioak izatearen kontra egin. Era berean, PP+Ciudadanoseko Luis Gordillok salatu du Garcia Danboreneak jasotako indultuari eman nahi zaion «mendeku» bat dela pentsioa ezabatu nahi izatea.

2.063 euro

Garcia Danborenea 1998an zigortu zuten, Segundo Mareyren bahiketan izandako parte hartzeagatik. 65 egun egin zituen behin-behineko espetxealdian, epaiketaren aurretik. Gerora, zazpi urteko zigorra ezarri zitzaion arren, Espainiako Gobernuak indultua eman zion. Kongresuak eta Senatuak onartutako legedia baliatu zuen PSE-EEko kide ohiak gehiengo pentsiora iristeko osagarria eskuratzeko, eta, egun, 2.063,75 euro kobratzen ditu ganbera haietatik. Gaur egun, 39 dira halako laguntzaren bat jasotzen duten parlamentari ohiak, eta, horien artean, Garcia Danborenea da diru gehien jasotzen dutenen artean bigarrena.

Unidas Podemosek iazko azaroan aurkeztu zuen gaiaren inguruko lehen eskaera, Kongresuko eta Senatuko mahaietan. Eskatu zuen «parametro demokratikoak» erabil zitezela pentsio osagarriak ezartzeko. Halere, EH Bilduk eta EAJk urratsik ez egin izana leporatu diote. Estarronak konpromisoa eskatu die prozesu hark bidea egin dezan. Iturratek, berriz, azaldu du Gorteetako Mahaia ez dela bildu eskaera hori egin zenetik: «Inork ez du mahai bateratuaren bilerarik eskatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.