Euskal presoak

Mikel Barrios baldintzapean aske utzi dute, eskumuturreko telematikorik gabe

2017an txilotu zuten Barrios. Urtebete egin zuen espetxean, eta, kontrol judizialpean aske geratu ostean, 2020ko ekainean espetxeratu zuten berriro. Hilabete gutxira geratu zen aske kontrol judizialpean; 2020ko urritik zeraman zigorra etxetik betetzen.

Mikel Barrios.
2023ko otsailaren 9a
15:27
Entzun

Baldintzapean aske da Mikel Barrios euskal presoa, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, eta ez du eskumuturreko telematikorik eraman beharko. 2020ko urritik etxean ari zen betetzen bost urteko zigorra, eskumuturreko telematikoarekin.

Preso iruindarra 2017an atxilotu zuten, Berlinen, ETAko kide izatea leporatuta. Euroagindu baten bidez frantziaratu ostean, Osnyko espetxean gelditu zen preso; urtebete igaro zuen bertan. 2018ko urrian kontrol judizialpean aske utzi zuten, haren aurkako epaiketa iragan bitartean.

Bost urteko zigorra ezarri zioten 2020ko ekainean, eta Mont-de-Marsango espetxean sartu zuten. Lannemezangoan ere izan zen. Erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, eta, Parisko Dei Auzitegiaren erantzunaren esperoan, urrian libre utzi zuten berriz kontrol judizialpean, eskumuturreko telematikoarekin. Bost urteko zigorra berretsi zuen auzitegiak 2021eko urtarrilean, helegiterako bide posiblerik gabe. Orain, Barriosek bete beharreko neurriak amaitutzat eman dituzte, eta baldintzapean erabat aske da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.