Zorroztu egingo dituzte arma zuriak eramateagatik jarritako isunak

Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek atzo hitzartu zuten 50.000 biztanletik gorako udalerrietan isun horiek gogortzea. Debekatutako arma bat eramateagatik 1.500 euroko zigorra ezarriko dute. Gasteizko Udalak ikerketa soziologiko bat egingo du gaueko aisialdian arma zuriak zergatik eramaten diren aztertzeko.

Ertzaintza Donostiako Alde Zaharrean, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 10a
11:35
Entzun

Azken asteotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait tokitan gaueko aisialdiko lokaletan arma zuriekin izandako erasoek sortutako oihartzun mediatikoaren ondotik, gogortu egingo dituzte debekatutako arma zuriak eramateagatik egun jartzen diren isunak. Batzarra egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek gaia aztertzeko, eta han adostu zuten 50.000 biztanletik gorako udalerrietan isunak zorroztea. Hortaz, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon eta Irunen sartuko da indarrean erabakia.

Aurrerantzean, beraz, debekatutako arma bat eramateagatik ezarritako isuna 1.500 eurokoa izango da (900 eurokoa da orain), eta araututako arma zuri bat baimendu gabeko leku edo egoera batean eramateagatik 1.000 euroko isuna jarriko da (602 eurokoa da orain). Astungarriak ezarriko dira, gainera, kasu hauetan: armak eramaten badira establezimendu publikoetan, aisialdiko lokaletan eta jende asko biltzen den lekuetan; arma daraman pertsona edari alkoholdunen edo drogen eraginpean baldin badago edo «indarkeria» erabiltzen badu; arma eskuan hartzen badu; armarekin mehatxu egiten badu; edo arma «axolagabekeriaz» erabiltzen badu. Kasu horietan guztietan, isuna %100 igoko da. Adibidez, pertsona bati diskoteka batean edo inguruan araututako labana bat atzematen badiote, 2.000 euroko isuna jarriko diote. Baina, horrez gain, edari alkoholdunen eraginpean badago, isuna 3.000 eurokoa izango da, eta arma eskuan baldin badu, 4.000 eurokoa.

Adingabeei dagokienez, arma zuririk ezin dutenez eraman, arau hauste larritzat joko da, eta zigorra gogortuko da kasu horietan ere. Hala, gaur egun 100 eta 600 euro artekoa bada isuna, aurrerantzean 300 eta 600 euro artekoa izango da.

Delituak %19 igo dira
Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek atzo egindako batzarrean, mahai gainean izan zituzten Ertzaintzak eta udaltzainek azken egunotan konfiskatutako arma zuriei eta objektu arriskutsuei buruzko datuak. Behin-behineko datuen arabera, 2022an Ertzaintzak 440 salaketa jarri zituen baimendu gabeko egoeratan arma zuriak eramateagatik. Udaltzaingoak, berriz, urte osoan 528 salaketa jarri zituen arrazoi beragatik. Orotara, beraz, 968 salaketa jarri ziren iaz, 2019an baino %19 gehiago. Urtarrilean soilik, Ertzaintzak 100 pertsonaren aurkako salaketak jarri zituen arma zuriak eramateagatik edo erakusteagatik.

Ikerketa soziologikoa

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur iragarri du Gasteizko Udalak ikerketa soziologiko bat egingo duela aztertzeko pertsona batzuek zergatik eramaten dituzten arma zuriak gaueko aisialdian. Haren ustez, aurreko asteburuan hiriko diskoteka batean izan zen labankadaren moduko gertaerak hainbat ikuspegitatik jorratu behar dira: polizia ikuspegitik, arlo judizialetik, sozialetik, eta soziologikotik, besteak beste. Azterketa soziologikoa gazteen artean egingo dute, jakiteko zergatik hartzen dituzten armak gaueko aisialdiaz gozatzera ateratzen direnean. «Helburua da prebentzio lan horrek zantzu batzuk ematea arazo hori lehenbailehen eten ahal izateko». Gaineratu du eraso horiek «ezohikoak» direla, baina, hala eta guztiz ere, ezinbestekoa dela «irmo» jokatzea, eta «zero tolerantzia» behar dela horien harira. «Bakar bat ere ez dugu onartuko», adierazi du.

Horrekin batera, eskerrak eman dizkie instituzioei, poliziei eta epaileei, aisialdiko jardueretan arma zuriak eramateagatik edo erakusteagatik ezartzen diren zigorrak gogortzeko eskaerei erantzuteko garaian egindako lanagatik.

Izan ere, arma zuriak eramateagatik ezarritako zigorrak zorroztearekin batera, bestelako kontrol neurriak ezartzea aztertzen ari da Segurtasun saila. Josu Erkoreka sailburuak asteon iragarri duenez, gobernua aztertzen ari da segurtasun pribatua izateko betebeharra diskoteka guztiei ezartzea. Gaur egun, 700 lagun baino gehiagoko edukiera dutenak daude behartuta.

Justizia alorrean ere neurriak hartzeko prest daude hainbat epaitegi. Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak herenegun jakinarazi zuen Bilboko epaitegiek epaiketa azkarrak egingo dituztela arma zuriekin egindako erasoetan, Poliziak eskatzen duen kasuetan eta legeak aukera ematen duenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.