LURRIKARAK EKIALDE HURBILEAN

PKK-k alde bakarreko menia iragarri du lurrikarek astindutako eremuetan

Taldeak zehaztu du su etena «Kurdistango herriaren mina arindu eta zauriak sendatu arte» egongo dela indarrean. Dagoeneko 21.300dik gora hil dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan.

Zenbat herritar hilkutxak hobietan sartzen, herenegun, Diyarbakir hirian, Kurdistanen. REFIK TEKIN / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 10a
11:41
Entzun

Bi lurrikara bortitzek Turkia, Kurdistan eta Siria iparraldea astindu eta bost egunera heldu da PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren oharra: alde bakarreko su etena iragarri du seismoek hondatutako eremuetan. «Ekintza militarrak gelditzeko eskaera egiten diegu gure indar guztiei, Turkiako Estatua gure aurka etorri eta eraso egiten ez badigu, bederen», esan du Cemil Bayik PKK-ko buruzagietako batek. Zehaztu duenez, su etena «Kurdistango herriaren mina arindu eta zauriak sendatu arte» egongo da indarrean, data finkorik eman gabe, Firat albiste agentzia kurduak jasotakoaren arabera. Dagoeneko 21.300 pertsonatik gora hil dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan, gehienak Kurdistanen.

Ikusi gehiago: Lurrikaratik lau egunera iritsi da lehen giza laguntza Siria iparraldera

Erakunde kurduak kaleratutako oharraren arabera, Bayik, KCK Komunitate Kurduen Batasunako presidentekideak, ohartarazi du Ankararen jarrera «funtsezkoa» izango dela PKKren erabakian. Hain zuzen, Turkiako armadak areagotu egin ditu azken hilabeteotan PKKren aurkako operazioak —erakunde terroristatzat jotzen du—, gehienbat Kurdistango lurretan, gobernuaren eta erakundearen arteko su etena 2015eko uztailean hautsi zenetik.

Bayiken esanetan, lurrikarek «hondamendi handia» eragin dute, eta herritarrak egoera «oso larrian» daude. Hori bai, salatu du jendeak «askoz gehiago» sufritzen duela «Turkiako Estatu inbaditzaile eta hiltzaileak egindako politiken ondorioz». Dena dela, PKK-k doluminak eman dizkie biktimen senideei eta, milaka pertsona hondakinen azpian daudela gogorarazi du. «Neguan gaude. Euria eta hotza egiten du. Lehenbailehen erreskatatzen ez badituzte, hotzez hilko dira. Nazioarteak baliabideak bidali behar dizkigute. Erakunde demokratikoek mobilizatu egin behar dute gure herria salbatzeko», azpimarratu du.

PKK-ko goi kargudunak azaldu duenez, «zoritxarrez, lurrikarak nonahi gertatzen dira. Baina garrantzitsuena da herrialde askok neurriak hartzen dituztela kalte eta galera gutxiago jasateko». Japonia jarri du adibidetzat: «Han ez dira hainbeste eraikin erortzen, ezta hainbeste pertsona hil ere. Seriotasunez lan egiten dute». Haren arabera, Ankarak neurri zorrotzak hartu izan balitu, lurrikarek ez zuten halako triskantza handirik eragingo. Bide horretan, kritikatu egin du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea buru duen gobernuaren kudeaketa, «utzikeriaz» aritzeagatik.

Kurduen aurkako «garbiketa»

Bayikek gogorarazi du Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak hogei urte daramatzala agintean. «Lurrikaren aurkako neurriak ezartzeko zerga jarri zuen indarrean, baina inork ez daki zertarako erabili duen. Ez da herritarren alde lanean ari», adierazi du. Erdoganen jarrera gaitzesteaz gain, PKK-ko kideak salatu du Turkiako Estatuak bere baliabidek erabili dituela Kurdistango herri kurdua «garbitzeko». «AKPren politikaren ondorioz, ustelkeria azaleratu da, eta aberatsak gero eta aberatsagoa izateak herritar asko txiroagoa izatea eragin du.

Bestalde, erakunde kurduak kritikatu egin du Erdoganek lurrikarek hondatutako hamar probintziatan ezarritako hiru hilabeteko larrialdi egoera, eskualde horietan milaka kurdu bizi baitira. «Neurri horren helburua da lurrikararen ondorioak estaltzea eta herritarren mina isilaraztea».

Bigarren giza laguntza, Siria ipar-mendebaldera

Bien bitartean, erreskate taldeek etenik gabe jarraitzen dute suntsitutako eraikinen hondakinen artean dauden herritarrak ateratzen. Hori bai: orduak aurrera joan ahala, gero eta gutxiago erreskatatzen dituzte bizirik. Iragan astelehenean bi lurrikarak Ekialde Hurbila astindu zutenetik, 21.300dik gora lagun zendu dira; Turkian, 17.674, herrialdeko gobernuaren arabera; Siria osoan, 3.377, Kasko Zurien arabera. Horietako gehienak, ordea, Kurdistango eremuan hil dira.

Milioika herritar daude kalean, noraezean, hotzez. GKE gobernuz kanpoko erakundeek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak zailtasun handiak dituzte kaltetuetako eremuetara laguntza humanitarioa bidaltzeko; besteak beste, Kurdistanera eta Siria iparraldera, Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurkako indarren menpeko eremuetara. Al-Assad, hain zuzen, Alepoko ospitale batean izan da gaur goizean, SANA Siriako berri agentziak jakinarazi duenez; presidenteak lehen bidaia egin du lurrikarak jazo zirenetik, eta hondamendi eremu izendatu ditu herrialdeko lau probintzia. Eta Alepon bertan, MEP Munduko Elikadura Programak janari beroa eman die 5.000 siriarri.

Bestalde, Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi du giza laguntzaren bigarren konboia heldu dela Siria ipar-mendebaldera, Idlib hirira; besteak beste, arropa, berogailuak eta kanpalekuak bidali dizkiete 15.000 bat pertsonari. Ekialde Hurbileko MEPeko zuzendari Corinne Fleischerrek esan du erakundea gai izan dela laguntza «ia berehala» emateko, suntsitutako eremuetan erreserba humanitarioak baitzituzten gordeta. Oraingoz, elikagai beroak banatu dituzte 43.000 errefuxiaturentzat. MEPek aurreikusi du Siria ipar-ekialdeko 1,4 milioi laguni eman beharko diela janaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.