Zentsura

Voxek Fermin Muguruzari eraso dio sare sozialetan, Goya sarietan jasotako izendapenagatik

Donostiako Zinemaldiko Jose Luis Rebordinosek babesa erakutsi dio Muguruzari sare sozialetan

Fermin Muguruza, Belodromoan, bere 'Black is beltza II: Ainhoa' filmaren estreinaldian. JAGOBA MANTEROLA
2023ko otsailaren 10a
16:38
Entzun

Sevillan (Espainia) ospatuko da Goya sarien gala, bihar. Hain zuzen ere, Fermin Muguruzaren Black is beltza II: Ainhoa da animaziozko film onenaren sarirako izendatu dituztenetako bat. Muguruzaren filmak izendapena jaso izana salatu zuen atzo Voxek, jendaurrean egindako agerraldi batean. «Gure hiriko alkateak, Antonio Muñozek, erabaki beharko luke hiltzaileen edo biktimen alde dagoen». Hiriko alkateari kargu hartuz abiatu zuen diskurtsoa Sevillako Voxeko bozeramaile Cristina Pelaezek. «Hiria agertoki gisa jarri du zinemagile filoetarra omentzeko». Agerraldian, alderdiaren zenbait jarraitzaileren testigantzak ageri dira Muguruzaren filmak izendapena jaso izana salatzen.

Sare sozialetan ere hitzez eraso diote Muguruzari Voxen hainbat jarraitzailek.

Iruzkin horiek guztiak gaitzetsi ditu Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek bere Twitterreko kontuan, eta babesa eman dio Muguruzari: «Donostiako Zinemaldiko zuzendari naizen aldetik, babesa adierazi nahi diet F. Muguruzari eta Zinemaldian estreinatu zuen Black is Beltza 2: Ainhoa filmari, Goya sarietako izendapenaren harira ultraeskuina egiten ari zaion jazarpen kanpaina dela eta».

Espainiako muturreko nazionalismotik erasoak jaso ditu Muguruzak lehen ere, azken filmaren harira.

Fernando Savater filosofoak zutabe gogor bat idatzi zuen urrian Madrilgo agerkari digital batean musikari eta zinemagilearen aurka. Besteak beste, Muguruzaren eraginak euskal gazteak «bahituta» dauzkala idatzi zuen Savaterrek.

Ikusteke dago zer eragin izango duen neofrankisten erasoa Goya sarien banaketan. Gogoratu behar da Muguruzak 2003. urtean txistuak jaso zituela Madrilen eginiko Musikaren Sarietan, euskarazko kantarik onenari emaniko garaikurra jasotzeko orduan Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatu zuelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.