Euskal presoak

Asier Karrera espetxera itzuli da, epaileak hirugarren gradua kenduta

Karrerak 23 urte daramatza preso, eta aurten beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Gradu erregresioak salatzeko mobilizazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko otsailaren 11
17:12
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Asier Karrera euskal presoak Martuteneko espetxera (Gipuzkoa) itzuli behar izan du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak haren hirugarren graduaren kontra egin ostean. Karrerak 23 urte daramatza preso, eta aurten beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Karrera hirugarren graduan zegoen urritik, espetxeko tratamendu batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala ebatzita. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, ordea, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta orain iritsi da auzitegiaren epaia.

Etxeratek «haserrea eta ezinegona» adierazi ditu, erabakiak Karreraren eskubideak urratzen dituela argudiatuta. Halere, kasua ez da salbuespen bat. Urtarrilean Asier Rodriguez presoak Basauriko kartzelara (Bizkaia) itzuli behar izan zuen, gradu erregresioaren ondorioz. Iaz ere beste zortzi gradu erregresio agindu zituen Auzitegi Nazionalak, eta 2021ean beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.