Tortura

Joxe Arregiri omenaldia egin diote Zizurkilen, haren heriotzaren 42. urteurrenean

Gaur bete dira 42 urte Arregi Espainiako Poliziaren torturapean hil zenetik; haren omenez antolatzen da Torturaren Aurkako Eguna. Atzo egin zioten omenaldia Zizurkilen.

Joxe Arregiri egindako omenaldia, Zizurkilen. JON URBE / FOKU
2023ko otsailaren 13a
08:16
Entzun

Joxe Arregiren heriotzaren 42. urtemuga da gaur. 1981eko otsailaren 13an hil zen Espainiako Poliziaren eskuetan, atxilotu eta bederatzi egunera. Horrezkero, gaurko egunez, otsailak 13, ospatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako eguna. Egiari Zor fundazioak omenaldia egin zuen atzo, Arregiren jaioterrian, Zizurkilen (Gipuzkoa). Poliziaren esku pairatutako torturen ondorioz hildakoak gogoan izateko eguna izan zen atzo. «Tortura bezalako giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten milaka pertsonen eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko», adierazi zuen fundazioak.

Tortura «zigortu gabeko krimen sistematikoa» dela salatu zuen fundazioak. Euskal Herrian dokumentatutako 5.329 tortura kasu ere izan zituzten hizpide. «Hala ere, denok dakigu torturaren benetako dimentsioak zenbaki horiek gainditzen dituela eta zenbaki batzuez haratago eragina izaten jarraitzen duela», gehitu zuen fundazioak.

Kriminologiaren Euskal Institutuak Hego Euskal Herriko torturen ikerketa baten emaitzak eraman zituen argitara, urtarrilean. Haren arabera, gutxienez 5.181 tortura eta tratu txarren kasu izan dira 1960-2015 epean Hego Euskal Herrian; horietatik 1.068, Nafarroan. Dena dela, azpimarratu zuen oraindik amaitzeko dagoela ikerketa hura.

1981eko otsailaren 16an, Juan Kruz Unzurrunzaga Zizurkilera joan zen, Arregiren omenaldian parte hartzera. Egun hartan otu zitzaion haren gorpua hilobitik atera eta argazkiak egitea, bertsio ofiziala indargabetzeko asmoarekin. Unzurrunzagak 2009an kontatu zion BERRIAren Igandea gehigarriari nola atera zituzten argazki horiek, Zizurkilgo hilerrian bertan. Erreportajearekin batera egindako bideoa, hemen:

Arregi atxilotu zutenean, 73 polizia izan ziren harekin. Madrilgo Probintzia Auzitegiak horietatik bosti soilik hartu zien deklarazioa, bi besterik ez zituen auzipetu «tratu txarrak» egotzita. 1989ko urrian, Espainiako Gorenak bi polizia horiek zigortu zituen: lau eta hiru hilabeteko atxiloaldiak, eta hiru eta bi urteko lan etenaldiak. Ostean, Felipe Gonzalezen gobernuak indultatu egin zituen, baita indultua eman ere biei. Ez hori bakarrik: bai bi auzipetuak, bai deklaratu zuten beste hiru poliziak mailaz igo zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.