Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek grebara deitu dute bihartik ostiralera bitarte

Osakidetzaren «immobilismoa eta konponbiderik eza» salatzeko deitu dute lanuztera SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek.

Transfusio eta Giza Ehunen zentroko langileen protesta bat, iazko apirilean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 13a
10:53
Entzun

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek lau eguneko grebara deitu dute, bihartik ostiralera bitarte, langileentzako baldintza hobeak eskatzeko. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek deitu dute lanuztera, Osakidetzaren «immobilismoa eta konponbiderik eza» salatzeko. Sindikatuek ohar batean adierazi dute irteera «negoziatu» eta «eraginkorra» nahi dutela, eta helburu horrekin deitu dutela Osakidetza Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluko bilera batera. Bihar izango da batzarra, 14:30ean. Sindikatuek gogoratu dute hilabete asko daramatzatela zentroaren zuzendaritzari negoziazioa eskatzen, baina artean ez dutela erantzunik jaso. Nolanahi ere, Osakidetzarekin negoziatzeko prest agertu dira.

Gogoratu dute Transfusio eta Giza Ehunen Zentroak ezinbesteko zerbitzua eskaintzen duela odol eta ehun hornidura bermatzeko. Alabaina, salatu dute langileek «diskriminazioa» sufritzen dutela, Osakidetzako gainerako lankideek baino %4 gutxiago kobratzen baitute antzeko eginkizunak egiteagatik. Oroitarazi dute Eusko Legebiltzarrak ere Osakidetzari galdegin diola egoera hori amaitzeko.

Sindikatuek bi urte luze daramatzate gatazkan, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoari eutsiko diote Osakidetzak egoera desblokeatu eta langileen baldintzak gainerako beharginekin parekatu arte. Mobilizazio dinamika horren barruan, manifestazio batera deitu dute etziko, Bilbon. Bilboko Plaza Biribiletik irten eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren egoitzaren aurrean amaituko da. Zentroko langileak eta herritarrak deitu dituzte manifestaziora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.