Ekialde Hurbila

Hiru palestinar hil ditu Israelek azken 48 orduetan

Israelek esan du erregularizatu egingo dituela Zisjordanian bere legedia bete gabe kolonoek eraiki dituzten bederatzi kokaleku.

Israelek gaur hil duen palestinarra. ALAA BADARNEH, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko otsailaren 13a
11:38
Entzun

Israelen oldarraldiak ez du etenik, eta azken 48 orduetan hiru palestinar hil ditu tiroz; urtea hasi zenetik 47 dira hil dituen palestinarrak. Bart goizealdean hil du azkena, Nablusen, Zisjordanian. Amir Ihab Bustami zuen izena, eta 21 urte zituen, Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. WAFA albiste agentziaren arabera, polizia operazio bat egin du Israelgo armadak lurralde okupatuetan, eta hildakoaz gain, zazpi pertsona zauritu ditu. Israelek esan du bost palestinar atxilotu dituela operazio horretan, urrian izan zen eraso batekin lotuta. Gainera, Gazan ustez Hamasenak diren zenbait azpiegitura bonbardatu dituela jakinarazi du.

Atzo arratsaldean, berriz, 14 urteko gazte bat hil zuen Israelek. PANeko Osasun Ministerioaren arabera, Qusai Radwan Waked zuen izena, eta Jeninen hil zen, ospitalean, Israelgo soldaduek sabelean tiro eginda. Israelek argudiatu du ostiralean hiru israeldar hil zituen erasotzailearekin lotuta palestinar batzuk atxilotzeko operazioa zela atzokoa, eta harriak eta lehergaiak bota zizkietela eta tiro egin zietela soldaduei. Ostiraleko erasoan, palestinar batek autobus geltoki bat jo zuen autoarekin, Jerusalem okupatuan, eta heldu bat eta bi haur israeldar hil zituen, 6 eta 8 urtekoak. Poliziak ustezko erasotzailea hil zuen gero.

Larunbatean hildakoak 27 urte zituen, eta Metkal Sulaiman Rayyan zuen izena. Zisjordania hil zuten hori ere, Qarawat Beni Hassan herrian, iparraldean. WAFAren arabera, kolono israeldar batek buruan tiroa jota hil zuen. Zenbait hedabidek azaldu dute kolono israeldarrek antolatuta egin zietela eraso herri horretako palestinarrei, ondoko kokaleku batetik. Israelgo armada ondoren joan zen; haren hitzetan, israeldarren eta palestinarren arteko liskar bat sakabanatzera joan zen. Israelek esan du Poliziak ikerketa bat abiatu duela hilketa argitzeko.

Nazioarteko hainbat eragilek ohartarazi dute urtea hasi zenetik ugaritu egin direla kolono israeldarren erasoak, batik bat urtarrila amaituz geroztik. Israelgo Gobernuak, ordea, kolonoen kontrako neurriak hartu beharrean, iragarri du Zisjordanian eraiki dituzten legez kanpoko bederatzi kokaleku erregularizatuko dituela. Argudiatu du ostiraleko erasoari erantzuteko neurria dela hori.

Nazioarteko araudiaren arabera, Zisjordaniako kokaleku guztiak legez kanpokoak dira, baina horietako batzuk Israelek ere jotzen ditu legez kanpokotzat, kolonoek ez dutelako bete kokalekuak eraikitzeko prozedura. Israelgo Gobernuak gaineratu du baimenak emango dituela datozen egunetan legezko kokalekuetan etxebizitza gehiago eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.