Tortura

EH Bilduk dio Espainiak tortura modu sistematikoan erabili duela euskal independentismoaren aurka

Torturaren Aurkako Egunaren harira, ekitaldiak eta aldarrikapenak egin dituzte.

Tortura kasuak salateko Sortuk egindako ekimena, Arrasaten. SORTU
2023ko otsailaren 13a
12:07
Entzun

Torturaren Aurkako Eguna da gaur, otsailak 13, eta, horren harira, hainbat ekitaldi eta aldarrikapen egin dituzte. Besteak beste, Joxe Arregiri omenaldia egin diote Zizurkilen, haren heriotzaren 42. urteurrenean. 1981ean hil zen Espainiako Poliziaren eskuetan, atxilotu eta bederatzi egunera –hain zuzen, horrezkero ospatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna–.

Unai Urruzuno EH Bilduko mahai politikoko bozeramaileak salatu duenez, Espainiako Estatuak tortura euskal independentismoaren aurka erabili du modu «sistematikoan». Adierazi du hori posible izan dela Espainiak zigorgabetasunean oinarritutako egitura oso bat antolatu eta diseinatu zuelako, eta argi esan du: «Espainiako Estatuan tortura ez da ikertu, ez da jazarri, eta kasurik gehienetan torturatzaileak, arduradun polizialak eta arduradun politikoak zigorgabe atera dira; are gehiago, kasu batzuetan sarituak ere izan dira». Horrek torturatuak bigarren mailako biktima gisa tratatzea eragin duela azpimarratu du. «Beharrezkoa da torturaren biktimek ere haien egia, justizia eta erreparazioa edukitzea».

GKSk ere egin ditu adierazpenak. Salatu dute burgesiak eta haren menpeko gobernuek behin eta berriro erabili dutela tortura, batez ere «langile mugimendu iraultzaileari» aurre egiteko. «Tortura ez da salbuespenezko praktika bat izan, dominazio burgesaren berezko osagaia baizik». Militantziarako eskubide politikoen defentsa eta amnistia aldarrikatu dituzte.

Sortuk, berriz, 111 aulki beltzez estali ditu Arrasaten, han izandako tortura kasuak salatzeko, eta nabarmendu dute lanean jarraituko dutela egia argitara ateratzeko bidean. Halaber, Goiena taldean gutun bat idatzi dute Arrasateko bi euskal preso ohik, Saioa Altzua Galparsorok eta Amaia Arrieta Gonzalezek. «Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, komisaldegitik iritsi den kidea jasotzea. Bai, jasotzea. Batzuetan, lurretik jasotzea. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, kartzelara iritsi berri den kidea artatzea. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, gure kide iritsi berrien testigantza latzak entzutea, zaintzea eta goxatzea».

Gainera, Aske antolakundeak mobilizazio bat egin du Intxaurrondoko kuartelaren atarian, han egindako torturak gogorarazteko: «Hemen bertan eman diren eta ematen jarraitzen duten jazarpen kasuak salatzeko beharrean gaude, jazotakoak iraganaz haratago berriz gertatzeko baldintzak indarrean daudelako oraindik, eta tortura horiek pairatu dituzten pertsonek ez dutelako inolako errekonozimendurik edo zilegitasunik». Kuarteleko sarreran zenbait kartel itsatsi dituzte, Hemen torturatu da, torturari ez eta 5.657 torturatu ziotenak.

Aske antolakundeak egindako mobilizazioa Intxaurrondoko kuartelaren atarian. ASke

Bestalde, Egiari Zor fundazioak torturaren errealitatea argitara ateratzeko urratsak eskatu dizkie instituzioei asteburuan. Agerraldian, torturaren erabilera «sistematikoa» salatu zuten haiek jasan dituzten ehunka euskal herritarrek.

Gutxienez 5.181 tortura kasu Hegoaldean

Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketen arabera, 1960tik 2015era bitarte gutxienez 5.181 tortura eta tratu txarren kasu izan dira Hego Euskal Herrian. Duela sei urte argitaratu zituen institutuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion datuak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Jaso zutenez, 4.113 tortura kasu izan dira 1960tik 2014ra bitartean: Espainiako Poliziak egindakoak, 1.792; Guardia Zibilak egindakoak, 1.785; eta Ertzaintzak egindakoak, 336.

Nafarroan 1979tik 2015era arte izandako tortura kasuak jasotzen dituen txostena eman dio aurten institutuak Nafarroako Gobernuari. Torturak eta tratu txarrak salatu dituzten 676 pertsona identifikatu dituzte aldi horretan, eta uste dute gutxienez 825 kasu izan direla. Horri 1960tik 1978ra artekoak gehituz gero, 1.068 kasu bildu dituzte guztira. Orain arte argitara emandakoak kontuan hartuta, beraz, 5.181 kasu dira denera.

Halere, nabarmendu zuten egindako ikerketa amaitu gabe dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.