Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

NATOk esan du Errusiak beste erasoaldi bat hasi duela

Azkeneko 24 orduetan hogei bat misil jaurti ditu Moskuk Khersonen. AEBek berriro eskatu diete beren herritarrei «berehala» alde egin dezatela Errusiatik edo ez daitezela hara joan. Erresuma Batuaren arabera, Errusiak gotorleku defentsiboak indartu ditu Zaporizhian.

Joan den ostiraleko misilek Kharkiven txikitutako azpiegitura bati ateratako argazkia
Joan den ostiraleko misilek Kharkiven txikitutako azpiegitura bati ateratako argazkia EFE

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 13

Errusia erasoaldi handi bat egitekoa da, zenbait herrialdetako zerbitzu sekretuek azken asteetan ohartarazi dutenez. Ez dute zehaztu non, baina, bitartean, Donbasstik, gerrako fronte nagusitik kanpo ere erasoak gogortu ditu. Joan den ostiralean 70 bat misil jaurti zituen Ukrainaren luze-zabalean, eta, azken 24 orduetan, Kherson hirian zentratu du erasoaldia: hango udalaren arabera, Errusiako indarrek hogei bat misil jaurti dituzte, eta horiek trenbideak, zubiak, enparantzak eta, besteak beste, etxebizitza blokeak jo dituzte.

Horrekin lotuta, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak gaur nabarmendu du Errusiaren «beste erasoaldi baten hasiera» gertatu dela jada, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea «milaka eta milaka tropa gehiago» bidaltzen ari dela frontera. Gainera, Ukrainari gerra hegazkinak entregatzeko aukerari atea ireki dio. «Horri buruz hitz egiten ari gara». Aliatuei eskatu die, bide batez, erregaiak eta munizioa eramateko mugimenduak azkartzeko, modu horretan Ukrainak bizitzak «salbatu» ditzan. Mendebaldeko aliantza militarreko estatuetako Defentsa ministroek bilera dute bihar eta etzi, Bruselan. Hizpide izango dute Kievi ematen ari diren laguntza militarra.

Aintzat hartu behar da Kherson izan zela Errusiak inbasioaren ondoren okupatu zuen hiri nagusia, baina azaro hasieran handik erretiratu zela. Herrialdearen hegoaldean dago, Ukraina bitan zatitzen duen ibaiak bustitzen du —Dnieperrek—, eta leku estrategikoa da. Izan ere, handik igaro behar da lurretik heltzeko Errusiak 2014an anexionatutako Krimeako penintsulara; gainera, Errusiaren azken intentzioa baldin bada Ukraina ekialdea eta hegoaldea hartzea eta Donbass eta Transnistria artean lurreko korridore bat egitea —modu horretan Itsaso Beltzerako sarrerarik gabe utziko luke Ukraina—, ezinbestekoa da hura kontrolpean edukitzea.

Ikusi gehiago: Gerra hauspotuz

Khersonen, Dnieper ibaiaren ekialdean, errusiarrak dira nagusi, eta, Kieven arabera, ia egunero eraso egiten diote mendebaldeko aldeari. Areago, Ukrainako indarrek nabarmendu dute azken orduetan ibaia gurutzatu eta mendebaldeko aldera iritsi nahi zuten Errusiaren ontzi batzuk suntsitu dituztela.

Bonbardaketetan pertsona bat hil dute, eta trenbide azpiegituran arazoak eragin ditu; izan ere, gaur, egun osoan, Lvivetik eta Kievetik datozen trenak ezingo dira Khersonera iritsi. Eta trenbideak aipatuta, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri zuen atzo beste herrialde batzuetatik Ukrainako gerra frontera iristekoak diren armak eta munizioak trenez garraiatzeko lerroak blokeatu dituela; nolanahi ere, ez zuen zehaztu non blokeatu dituen.

Gerra fronteak, aurrera

Azken erasoen ondorioz gerra fronteak mendebalderantz bi kilometro aurrera egin dituela kaleratu du, gaur, Errusiako Interfax berri agentziak, Errusiako buruzagi militar baten adierazpenak aipatuz. Hori bai, ez zuen zehaztu frontean non egin duen aurrera. Ukrainaren ekialdeko eta hegoaldeko gerra fronteak 1.300 kilometro ditu ia, eta, Erresuma Batuko Gobernuaren informazio zerbitzuen azken txostenaren arabera, Errusiak, «ziurrenik», gotorleku defentsiboak indartu ditu Zaporizhia eskualdean, hegoaldean.

Ikusi gehiago: Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

Bestetik, AEBek berriro eskatu diete beren herritarrei «berehala» alde egin dezatela Errusiatik edo ez daitezela hara joan, atxilotuak izateko arriskuan daudela argudiatuta. Hori ohartarazi dute AEBek Moskun duten enbaxadaren webgunean. Azkeneko bost hilabeteetan bigarren aldiz eskatu die Washingtonek estatubatuarrei Errusiatik alde egiteko. Irailaren 28an ere ohar hori bera plazaratu zuen; hain justu, Errusiak 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu eta gutxira. Errusiak, berriz, garrantzia kendu die ohartarazpen horiei. «Ez da lehen aldia», adierazi du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...