Bilboko bi dendatan jasandako tratu arrazista salatu dute emakume ijitoek

Manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean, Amuge eta Romi Berriak elkarteek deituta, antitziganismoa gaitzesteko. 18:30ean abiatuko dute mobilizazioa, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzatik.

Tamara Claveria eta Manuela Vega, gaur, Amugeren egoitzan egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 13a
15:30
Entzun

«Erosketa arratsalde lasaia izan behar zuen, baina zapuztu egin zitzaigun. Emakume ijitook ez genuke tratu umiliagarria jasan behar emakume ijito izateagatik». Irmo mintzatu da Manuela Vega Manzanares Bilboko lurrin denda batean pairatutako jazarpenari buruzz, gaur goizean Amuge andre ijitoen elkartearen egoitzan eginiko agerraldian. Halako bi arrazakeria kasu salatu dituzte, eta, Romi Berriak taldearekin batera, gaur arratsaldean kalean protesta egitera deitu dute: Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzatik abiatuta, manifestazioa egingo dute 18:30ean, antitziganismoa gaitzesteko. «Halako jokabideak normalizatuta dauzkagu, baina albiste bihurtu behar ditugu, ez daitezen berriro gertatu», adierazi du Tamara Claveria Amugeko arduradunak.

Amuge elkarteak berak 2020an ohartarazi zuen supermerkatuetan eta merkataritza guneetan andre ijitoek jasaten duten arrazakeriaz: proba bat egin zuen Bizkaiko hainbat dendatan, eta %80tan izan ziren emakume ijitoen aurkako jarrera kriminalizatzaileak eta tratu diskriminatzailea. «Orduan ia-ia txantxetan hartu genuen, baina halakoak gertatu egiten dira: jazartzen zaizkigu, zaborra bagina bezala tratatzen gaituzte, eta traumatikoa da guretzat». Horren seinale, bi kasu salatu dituzte, biak Bilboko erdigunean gertatutakoak: Vegak eta haren lagunek —horietako bat adingabea— jasandakoa, dendari bat tartean zela; eta beste bi emakumeri poliziek egindakoa.

Vegak azaldu duenez, dendara sartu eta berehala nabaritu zuten «presentzia bat», gizonezko langile batena. «Korridoreetatik guri jarraitzen hasi zen. Galdetu genion ea arazorik al zen, eta harrokeriaz barre egin zuen. 'Tokatu zaizue', esan zigun. Galdetu genion zergatik, ea emakume ijitoak ginelako al zen, eta erantzun zigun baietz, emakume ijito batzuek lapurtu egin ziotela behin». Hori grabatua du Vegak, baina, hala ere, haien aurka bihurtu zen kexa egitea: «Iskanbila piztea egotzi ziguten. Inguratu egin gintuzten, eta denda osoa geratu zitzaigun begira; gizartearen arbuio guztia sentitu genuen orduan». Erreklamazio orriak bete zituzten, baina ez dute erantzunik jaso.

Claveriak eman du beste kasuaren berri: «Ez dute jendaurrean atera nahi, lotsatuta daudelako, baina gizarteak lotsatu behar luke halakoengatik». Arropa denda batean gertatu zitzaien, 30 eta 35 urte arteko bi andreri. «Segurtasun langilea jarraika hasi zitzaien. Ordu laurden inguru egin zuten han: arropa izari bat eskatu zuten; tratua ez zen ona izan. Beste denda batera joan ziren, eta, bost minuturen buruan, sei polizia agertu ziren». Claveriak argitu du beste dendan aurrez ez zitzaiela inor hurbildu, eta alarmak ere ez zuela jo. «Atxiki egin zituzten, aldageletara eraman, eta, azalpenik eman gabe, zorroak miatu zizkieten; arropa ere miatu zieten, eta biluztera behartu zituzten, barruko arropan geratu arte». Poliziek muga bat gainditu zutela nabarmendu du: «Gure gorputzak ezin dira ukitu».

«Oso gogorra da denda batera sartzea, edonork lasai egiten duen zerbait egin nahi izatea, eta gure eskubideak horrela urratzea», ondorioztatu du Claveriak. Vegak erantsi du halakoek ondorioak izaten dituztela emakumeengan: «Antsietatea, larridura, beldurra... Ez dugu dendetara joan nahi, halakorik ez jasateko; Internet bidez egin beharko ditugu erosketak».

Bide juridikoa aztergai

Bi kasuon berri jasota, nola jardun aztertzen ari da Amuge, abokatuekin batera. Salaketa jarria dute Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurka daukan Eraberean sarean ere. Izan ere, Amugek gogora ekarri du ezaugarri etnikoei lotutako identifikazioak «eraso arrazistatzat» hartzen dituena NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta Hego Euskal Herrian indarrean den tratu berdintasunerako legeak ere propio aipatzen duela segurtasun indarrek ez dituztela «soslai diskriminatzaileak erabili» behar.

Baina, epaitegietan egin daitekeen bideaz gain, gizartean egin beharrekoaz ere mintzatu da Claveria: «Arropa dendan miatu zituzten emakumeak negarrez egon ziren, laguntza eske, baina ez zitzaien inor hurbildu». Diskriminazio hori amaitzeko, elkartasuna eta aliantzak galdegin ditu, eta horretarako, beharrezko jo du jokabide arrazistak ez ukatzea: «Emakumeek diote dendetako langileek eta poliziek jarrera arrazista bat izan dutela, baina, hori aurpegiratzen dietenean, langileek eta poliziek mehatxu egin, eta esaten diete salatu egingo dituztela arrazista deitzeagatik. Arrazakeria da, bai, eta horretaz konturatu behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.