UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

«Eskubideen» alde aritzea xede, akordioa berritu du Elkarrekin Podemosek

Udal eta foru hauteskundeetan koalizioan aurkezteko hitzarmena aurkeztu dute Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Alianza Verdek.

Juantxo Lopez Uralde, Pilar Garrido eta Iñigo Martinez Zaton.
jon olano
2023ko otsailaren 13a
17:21
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eskubideak lortzen jarraitzeko», hauteskundeei begirako akordioa sinatu dute Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Alianza Verdek. Hiru alderdiek nabarmendu dute «euskal ezkerraren koalizioa denboran irauteko, sakontzeko eta zabaltzeko asmoarekin» sortu zela, eta norabide horretan eman dutela udal eta foru hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko pausoa.

Hitzarmena Ahal Dugu-k Bilbon duen egoitzan izenpetu dute, eta bertan izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Ezker Anitzako Antolakuntza idazkari Iñigo Martínez Zaton eta Alianza Verdeko koordinatzaile federal Juantxo Lopez de Uralde.

Nabarmendu zutenez, ituna hiru alderdien «eskuzabaltasunean» oinarritzen da, «ezinbestekotzat» jotzen baitute «euskal ezkerraren koalizio bateratu bat osatzea», eta gaineratu dute akordioaren atea ez dagoela itxita: «Ezkerreko gainerako erakunde sozialak eta politikoak gonbidatzen ditu gizarte bidezkoago, feministago eta ekologistago lortzeko bidean laguntzera». Berariaz aipatu dute Equo; harekin, beste alderdi batzuekin eta zenbait udaletako taldeekin hitz egiten ari dira, «hauteskunde hautagaitzak indartzea ahalbidetuko duen esparru politikoa zabaltzeko».

Sinatzaileek goretsi egin dute Espainiako Gobernua, eta gogora ekarri dituzte hark onartutako zenbait neurri, lan erreforma kasu. Orain, horien asmoa da«herritarren bizitza hobetzen» jarraitzea, eta, horretarako, balioa eman diote Irungo, Errenteriako (Gipuzkoa), Galdakaoko eta Durangoko (Bizkaia) udal gobernuetatik egindako lanari: «Tokiko begiradarekin egingo dugu, Euskadiko tokiko errealitate desberdin eta pluraletatik hurbil, eta jendeari entzunda, euskal ezkerretik alternatiba politiko bidezkoago bat proposatzeko».

Gehienak, Ahal Dugu-koak

Hiru indarrek ondutako akordioaren arabera, Ahal Dugu-koak izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako eta udal hautagaitzen %80ko zerrendaburuak. Beste herri batzuetan, Ezker Anitzakoak izango dira zerrendaburuak: esaterako, Barakaldon, Sopelan, Zornotzan, Ermuan, Plentzian (Bizkaia), Aretxabaletan eta Bergaran (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.