ander perez zala
Analisia

Sturgeonen dimisioa: ezuste bat, eta galdera asko

2023ko otsailaren 15a
14:05
Entzun

Nicola Sturgeonek dimititzea aukeren artean zegoen, baina ez zen espero hain azkar jakinaraztea, eta are gutxiago egungo testuinguruan. Galdera asko daude orain; besteak beste, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala egoera nahasi samarrean geratu baita, Sturgeonen ordezko argirik gabe, eta Eskoziako hurrengo lehen ministroa aukeratzeko barne prozesu zehatzik gabe. Mugimendu independentistak, gainera, irteerarik gabeko kale itsu batean ikusi du bere burua Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, eta sentsazio hori areagotu egin du Eskoziako gobernuburuaren erabakiak. Erabaki garrantzitsu asko hartzeko garaia dator.

SNP garai politiko bat definituko duen eztabaida batean sartuko da orain, independentzia lortzeko estrategia nolakoa izango den argitu beharko baitu. Berez, Sturgeonek iragan urtearen amaieran azaldu bezala, hurrengo pausoa martxoaren 19an ematekoak dira, ezohiko konferentzia batean erabakiko baitute —baliteke hitzordu hori atzeratzea— nola bilakatuko dituzten 2024ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak de facto erreferendum. Halere, Eskoziako lehen ministroak iradoki du, gaur emandako prentsaurrekoan, bide orri hori alda litekeela; eta horretan zerikusi handia izango du karguan haren ondorengoa izango denak, edo, behintzat, alderdi barruan izango duen babesak.

Erabakia edozein dela ere, Sturgeonek hutsune politiko handia utziko du: Eskoziako lehen ministroaren karguan denbora gehien egon den politikaria da, eta ospe handia du boto emaileen artean eta bere alderdian. Errealitate horrek, ordea, ez du ezkutatzen ibilbiderik gabe geratu zela. Independentzia erreferendumari irtenbide bat ez aurkitzeaz gain, ez baititu Eskoziako arazo nagusiak konpondu; hau da, zerbitzu publikoak, segurtasuna eta drogen erabilera eta horren kontsumoarekin loturiko heriotzak. Zalaparta handia eragin du joan den abenduan Eskoziako Parlamentuak onarturiko trans lege proiektuaren inguruko eztabaidak ere —gerora Londresek blokeatu egin zuen lege hori—, eta baliteke hori izatea Sturgeonen arazoen mukurua.

Eskoziako lehen ministroaren dimisioak pixka bat gehiago txikitu du bigarren erreferenduma egiteko itxaropena. Baliteke orain nazio hori garai politiko berri batean sartzea, Sturgeonen agurrak argituko baitu SNPren arrakasta —eta independentziaren aldeko babesa— zenbateraino dagoen lotuta Alderdi Kontserbadorea Erresuma Batuko agintean egotearekin eta Alderdi Laborista oposizioan. Interesgarria da, batez ere, zer egingo duen bigarren indar politiko horrek, Komunen Ganberarako hurrengo hauteskundeetan gehiengo osoa lortu eta agintera itzultzeko moduan baitago, egungo inkestek diotenaren arabera.

Urteotan, Erresuma Batuaren batasuna arriskuan egon da batez ere SNPk bere burua eta independentzia aurkeztu dituelako kontserbadoreen agintearen alternatiba bakar gisa. Laboristek 2024an irabaziz gero, ikusteko dago Keir Starmerrek —alderdi horren buruzagi eta, aldaketarik ezean, Erresuma Batuko lehen ministro izateko hautagaiak— zer estrategia erabiliko lukeen unionismoaren aldeko kopurua igotzeko; horretarako, baliteke Galesko sekzioak —alderdiaren gotorlekuak— zeresan handia izatea, baita Eskoziakoak ere, SNPren 2007ko garaipenera arte han ere indartsu izan baitziren laboristak.

Printzipioz, ez dirudi Eskoziako alderdi independentistarik garrantzitsuenak bere nagusitasuna galduko duenik. Hori bai, orain argi geratuko da SNPk eta Eskoziako Alderdi Berdeak sinatu zuten lankidetza akordioak iraungo ote duen ala Sturgeonen agurrak hankaz gora jarriko ote duen koalizio gobernu horren egonkortasuna. Eragina edozein dela ere, agerian geratu da Eskoziako lehen ministroak eta gobernuak errealitate egonkor eta sendo bat finkatu zutela Eskoziako politikan, eta hori, dimisioaren ondorioz, desagertzear egon daitekeela.

Independentziaren aferak, ordea, ez dirudi aldaketa handirik izango duenik; batez ere, Erresuma Batuan sakoneko erreforma politikorik egiten ez badute. Unionismoa, behintzat, pozik dago, 2014ko independentzia erreferendumetik honako albisterik pozgarriena izan baita Eskoziako lehen ministroaren dimisioa, interesen eta estrategiaren ikuspuntutik.

Erresuma Batutik ateratzearen aldekoentzat, berriz, kolpe gogorra izan liteke; Sturgeonen agerraldia entzuten ari ziren bitartean Eskoziako lehen ministroaren egoitzaren kanpoan zeudenen aurpegiak ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Twitter sare sozialean erabiltzaile batek esan modura: «Badirudi 2014a dela berriz ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.