Autogintza

UGTk aise irabazi ditu bozak VWen, eta ELAk bi kide gehiago lortu ditu

Bi sindikatuek ordezkari kopurua handitu dute, eta gainerakoek 2019ko emaitza errepikatu dute: CCOOk zortzi, LABek hiru, eta CGTk bi.

Langile bat bozkatzen, Landabenen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 16a
22:13
Entzun

«UGT!, UGT!». Oihuka, pozarren ospatu dute UGTko ordezkariek garaipena, Volkswageneko hauteskunde sindikaletako emaitza pantailatan azaldu denean. Aise irabazi dute.

Landabenen bozkatzeko eskubidea izan duten 5.000 langileetatik 4.345ek eman dute botoa, eta UGTk 1.612 lortu ditu. Alegia, jokoan ziren 31 ordezkarietatik hamahiru eskuratu ditu, 2019an baino bat gehiago. CCOO bigarren geratu da, zortzi ordezkarirekin. ELAk jauzia egin du, eta bi ordezkari gehiago ditu. LAB eta CGT, berriz, berdin geratu dira: bata hiru kiderekin, eta bestea birekin.

Kontuan izanik 2019an baino bi kide gehiago zeudela jokoan eta Confederacion de Cuadros ez dela aurkeztu, UGTk eta ELAk jakin dute abagune hori baliatzen, langileen batzordeko kide kopurua handitu baitute.

UGT: «Lau urte zail»
«Emozio, alaitasun eta ardura handia sentitzen dut». Horiexek izan dira UGTko Alfredo Moralesek esandako lehen hitzak. Beste lau urtez batzordeko buru izango da, eta onartu du pandemiaren eta hornidura krisiaren ondorioz «lau urte zail» utzi dituztela atzean.

«Ulertzeko zailak diren erabakiak hartu behar izan ditugu, baina fabrikak ondo funtzionatu du, eta etorkizun ona du». Uste du kanpaina zaila izan dela eta «uste baino emaitza hobeak» lortu dituztela. Pozik azaldu da, asteon VWek baieztatu duelako 1.024 milioi euro inbertituko dituela auto elektrikora egokitzeko. Dena den, ohartarazi du inbertsioa gauzatu arte eta 2026ra iritsi arte «basamortuaren zeharkaldia» geratzen dela, eta urte konplikatuak izango direla.

CCOOk botoen %28,4 bildu ditu: fabrikan zazpi kide, eta teknikoetan bat lortu ditu. Carlos Zalduendok goraipatu du «bigarren» direla oraindik ere. «Bai fabrikan, bai teknikoen artean boto kopurua handitu dugu, baina ez digu eman ordezkari kopurua handitzeko. Pena da, baina beti da ona boto kopurua igotzea».

ELA: «Alternatiba gara»

ELA izan da gehien igo den sindikatua, bi ordezkari gehiagorekin. Gainera, lehen aldiz, teknikoen artean delegatu bat erdietsi dute. Gogoan izan du, gainera, duela zortzi urte bi kide zituztela. «Txiripaz lortu genuen emaitza hura, 192 botorekin. Orain, berriz, 635 ditugu. Igoera ikaragarria da, ordezkariek egunero egiten duten lanaren eta sindikatuaren politikaren emaitza». UGTren eta CCOOren aurrean «alternatiba» direla gaineratu du.

LABek 460 boto eta hiru ordezkari lortu ditu. Raul Portilloren ustez, euren proiektua «berretsi» egin dute emaitzek. «Proposamen asko egin ditugu. Horietako batzuk aurrera atera dira, eta aldi berean lortu dugu enpresaren politika batzuk baldintzatzea. Zeregin horretan jarraituko dugu. Lehengo ahalmen bera eta gogo berberak ditugu».

276 botorekin, CGTk bi kide izango ditu. Oscar Añorberen arabera, espero zutena bete da. «Gure zoritxarrerako enpresak irabazi du, eta langileek galdu dute. Gu hiltzat jotzen gintuzten, eta onik atera gara. Beste lau urtez lanean jarraitzeko aukera ematen digu bederen».

Erronka handia aurrean
Ez da makala izango hautatu berri den langileen batzordeak aurrean izango duen erronka. Asteon, hauteskunde sindikalen bezperan, baieztatu du VWek 1.024 milioi euro inbertituko dituela 2027ra bitartean fabrikako instalazioak auto elektrikora egokitzeko. Ondorioz, datozen asteetan etorkizuneko plana deitu dioten industria proiektuaren nondik norakoak negoziatu beharko ditu batzordeak zuzendaritzarekin: hala nola zenbat iraungo duen fabrika egokitu bitarteko trantsizioak, zer ondorio izango dituen lanaldian eta produkzioan, zer formakuntza eta egokitzapen egin beharko dituzten langileek auto elektrikoaren produkzioak eragingo dituen aldaketei aurre egiteko...

Industria plan horretan, gainera, zehaztu egin beharko Landabenek zer modelo elektriko hartu beharko dituen bere gain, eta bakoitzetik zenbat ekoitzi gutxi gorabehera. Gainera, horrek fabrika barruan eta handik kanpoko hornidura parkean zer ondorioak izango dituen ikusteko dago. Kontuan izanda VWen hornitzaile diren enpresek 10.000 enplegu dituztela, giltzarri gerta daiteke auzi hori.

Hornitzaileez gain, fabrika barruan auto elektrikoranzko prozesuak ondorioak izango ditu lan baldintzetan, eta hori guztia hurrengo lan itunean jaso beharko dute. Hain zuzen ere, aurten amaitzen da lan ituna. Negoziazio kolektibo horretan sartuko diren gaietako bat izango da langileriaren gaztetzea. Egun, batez besteko adina 50 urtekoa da, eta erretiroa aurreratzeko formulak aztertu nahi dituzte sindikatuek, Espainiako Gobernuak errelebo kontratuarekin zer egingo duen zehaztu bitartean.

Beste gai garrantzitsu bat soldata igoerak eta lanaldia izango dira. Hala nola enpresan sartu berri direnen soldata mailak igo nahi dira. Autogintzako lanaldi handienetakoa dutenez, hori ere egokitu nahi dute. Katean sortu ohi diren lesio kopuruen ondorioz, lan osasuna hobetzeko neurriak ere aintzat hartu nahi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.