Finantzak

Kutxabankek %5,25 igo die soldata bere langileei, datorren asteko grebaren atarian

Urtarrileko %1,5eko igoerari beste %3,75 gehitu dio, eta gutxienez 1.300 euroko soldata igoerak egingo ditu. Greba deialdiari eusten diote sindikatuek, soldata igoera ez beste aldarrikapen batzuk dituztelako.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 17a
17:07
Entzun

Inflazio handia dela eta, Kutxabankek erabaki du beste %3,75 handitzea bere langileen soldata. Dagoeneko aplikatzen zen %1,5eko igoerari beste %3,75 bat gehituko die aurrezki kutxen bankuak. Bere kabuz hartutako erabakia da, sindikatuekin egindako negoziazioak akordiorik gabe amaitu direlako.

Hain zuzen ere, sindikatuek grebara deitu dute datorren asteko ostiralerako. Astelehenean emango dituzte azalpenak, baina ELAk azaldu du grebak ez duela zerikusirik soldatarekin, eta beste aldarrikapen batzuk daudela tarteko.

Ikusi gehiago:Kutxabankek ere helegitea jarri dio bankuen zergari

2021. urtearen amaieran 5.205 langile zituen Kutxabank taldeak; horietatik 3.448 ziren Kutxabankekoak bertakoak eta beste 1.757ak, aldiz, Caj­asurrekoak.

Haien lan baldintzak lan itun propio batek finkatzen ditu. 2021-2024 eperako dago indarrean, eta esaten du urtero soldatak KPIaren arabera eguneratu behar direla, baina gehienez %1,5eko igoera batekin. Sinatu zutenean, ordea, ez zuten espero inflazioa hain epe laburrean hainbeste handitzea —%6,4 izan zen 2021 amaieran, eta %5,6 2022 amaieran—, eta erosahalmen galera handia eragiten ari zen langileen artean, bankuak irabaziak handitu arren.

Gutxienez, 1.300 euro urtean

Egoera banku guztietan antzekoa izanik, finantza erakundeen bi patronalek —bankuen AEB eta kutxa ohien CECA— Espainiako sindikatuekin aurten soldatak %5,25 igotzea adostu zuten —hitzartutako %1 gehi %4,25, haien kasuan—. Bide horri heldu dio Kutxabankek ere, baina aldaketa batekin. CECAk eta AEBek hitzartu dute soldatak gutxienez mila euro handituko direla sari apalenak dituztenentzat; Kutxabanken kasuan, berriz, gutxienez 1.300 handituko dira.

Sindikatuen ustez, motz geratzen da eskaintza, besteak beste ez duelako konpentsatzen 2022ko galera. 2022ko abenduan egin ziren azken hauteskunde sindikalak, eta ELAk lortu zituen ordezkari gehien (39), CCOOren aurretik (36). Pixkanakak hogei ditu, hamalau ALEk, hamar LABek eta zazpi Asprok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.