Euskal presoak

Baldintzapean aske geratu da Francisco Jose Ramada euskal presoa

Ramada ospitaleratu egin zuten iaz, bihotzeko arazo batengatik. Etxerat-ek jakinarazi du Ainhoa Gartzia Alcalara lekualdatu dutela, epaiketa batean lekuko gisa deklaratzeko.

Sarek urtarrilaren hasieran antolatutako manifestazioa, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 17a
17:36
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi du Francisco Jose Ramada euskal presoari baldintzapeko askatasuna eman diotela. Ramadak 59 urte ditu, eta horietatik 22 egin ditu kartzelan; iazko otsailetik hirugarren graduan zegoen.

Ramada ospitaleratu egin zuten iazko urtarrilean, Martuteneko kartzelako (Gipuzkoa) patioan izandako bihotz krisi baten ondorioz. Hala, hilabete geroago presoari hirugarren gradua ematea adostu zuten espetxeko tratamendu batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Ramada 2020ko ekainean Euskal Herriratu zuten, Murtzia I. presondegitik (830 kilometrora) Iruñera lekualdatuta. Azkenik, 2021ean Martutenera mugitu zuten.

Etxerat-ek beste informazio baten berri ere eman du. Elkarteak jakinarazi duenez, Ainhoa Gartzia presoa Zaballako kartzelatik (Araba) Alcalara (411 kilometrora) lekualdatu dute. Azaldu dutenez, Gartziak lekuko gisa deklaratu behar du martxoaren 2an, Murtziako epaitegi batean.

«Ezin dugu ulertu antzeko arrazoiren batengatik lekualdaketa bat behartzea, bideokonferentziaz deklaratu beharrean», kritikatu du Etxerat-ek. Elkartearen esanetan, COVID-19ak eragindako pandemiak bideokonferentziaz egindako deklarazioak normalizatu zituen kartzeletan, eta oraingoan ere formula bera erabili zitekeen. Hala, Gartziaren abokatua lanean ari da, euskal presoa lehenbailehen Zaballara itzuli dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.