Krisia Osakidetzan

Berriro elkarretaratu dira Donostialdeko ESIko langileak

Osakidetzaren proposamenak aztertu ostean, «zehaztasuna» falta zitzaiela adierazi zuten langileek. Aste bateko etenaldiaren ostean, gaur ekin diote berriro Donostia ospitalearen parean protesta egiteari.

Donostialdeko ESIko langileak, elkarretaratze batean, abenduan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 20a
11:51
Entzun

Joan den astelehenean, ezohiko irudia izan zen Donostia ospitalearen parean. Abendutik protestan diren Donostialdeko ESIko langileak ez ziren bertan elkartu, bide batez Osakidetzako buruek haien eskakizunei emandako erantzunak aztertzeko. Asteartean heldu zen langileen erantzuna: «zehaztasuna» falta zitzaien Osakidetzaren proposamenei.

Zehaztasunik izan ezean protestekin jarraituko zutela iragarri zuten, eta hala egin dute: asteleheneroko irudia berritu da Donostia ospitalearen atarian. Elkarretaratze isila egiteko bildu dira gaur goizean ESIko langileak. Eskatzen dute Osakidetzarekin izandako bileretan lortutako aurrerapausoak, ahoz baino gehiago, idatziz jaso ditzatela.

Izan ere, eskaerei zehaztasuna kentzen dieten hainbat eranskin daude langileek bueltan jaso duten erantzunean. «Ahal bada», «borondatea» eta antzekoak erabilita, langileak ez dira fio; hala, protestak ez etetea erabaki dute. Bost dokumentu trukatu dituzte bi aldeek gaurdaino. Langileek beren eskariak biltzen dituen laugarren txostena izenpetzea nahi dute. Bueltan beste bat jaso zuten, bosgarrena, Osakidetzarena. Akordioan, aurreko dokumentuko zehaztasun horiek jasotzea nahi dute, nahi eta nahi ez: «Hori lortu arte, erietxeko atean egongo gara».

Abenduaren 2tik dago krisian Donostialdeko ESIa: Osakidetzak kargutik kendu zituen, izan ere, Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa. Langileek, berriz, kargutik kendutakoak beren postuetara itzultzea galdegin zuten. Krisia, ordea, ez zen amaitu, eta, abenduaren 28an, bost eskakizun «zehatz» egin zizkioten langileek Osakidetzari. Asteetako negoziazioaren ostean, aurrerapausoak ikusi dituzte, baina eskakizun bi geratzen dira oraindik lortzeko: bata, langileen parte hartzea bermatzen duen organo bat sortzea; bestea, langileen egonkortasuna hobetzeko neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.