Memoria

Beste lau kereila aurkeztu dituzte erregimen frankistaren krimenengatik

Memoria Demokratikoaren Legeak nazioarteko itunak betetzera derrigortzen du, eta auzitegiei eskatu diete kereilak aintzat hartzeko, diktadurako torturek eta krimenek ez dutelako preskribatu. 

Gaur Madrilen eman duten prentsaurrekoa, CCOOren egoitzan. CEAQUA
joxerra senar
2023ko otsailaren 21a
15:15
Entzun

«Nire ekarpen txikia egin nahi izan dut». Maria Concepcion Edo Gilek kereila aurkeztu du Iruñeko epaitegian. Edo Gil 1973an torturatu zuen Polizia frankistak, eta, ia gehienetan bezala, tortura kasua ez da ikertu.

Harenarekin batera, beste hiru kereila aurkeztu dira frankismoaren azken urteetan zigortu gabe geratu ziren krimenen eta torturen aurka: Ferrolen (Galizia, Espainia), Moncho Reboirasen 1975eko hilketa salatzeko; Valentzian (Herrialde Katalanak), Vicent Almiñanak 1972an jasandako torturen ingurukoa; eta Madrilen, Julio Paquecok 1975ean jasandako torturei buruzkoa.

Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeak bultzatu ditu kereila horiek, eta gaur agerraldia egin du Amnesty International erakundearekin batera, CCOO sindikatuaren Madrilgo egoitzan.

Aurretik, beste laurogei kereila aurkeztu dira auzitegietan, eta guztiak ez dira tramiterako onartu, 1977ko Amnistiaren Legearen ondorioz delitu horiek preskribatu dutela argudiatuta.

«Torturak ezin du preskribatu»

Zigorgabetasunaren aurka, zirrikitu oro baliatu nahi dute, eta horietako bat da onartu berri den Memoria Demokratikoaren Legea. Bigarren artikuluak dioenez, Espainiak sinatutako giza eskubideen inguruko nazioarteko adierazpenen arabera interpretatu behar da Amnistiaren Legea.

«Torturak ezin du preskribatu, eta ezin da amnistiatu», azpimarratu du Amnesty International erakundeko Daniel Canalesek. «Ondorioz, kereila hauek aurkeztuta, espero dugu agintari judizialek legeak dioena aintzat hartzea eta nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen araberako erantzuna eman dezatela».

Canalesek gogora ekarri duenez, «isiltasuna, ahanztura eta zigorgabetasuna dira biderik azkarrena delituak berriro gerta daitezen». Espainiari dagokionez, Amnesty Internationalek azaldua du frankismoan eta trantsizioko lehen urteetan tortura «sistematikoa eta masiboa» izan zela, eta delituok zigortu gabe geratu zirela. Nazioarteko erakundeek estatuari egin dizkioten eskaera guztiei «entzungor egin izana ere kritikatu du.

Edo Gilen lekukotza

Edo Gilek bere kasua azaldu du. Langileen aldeko eskuorriak banatu eta etxera itzulitakoan «hasi zen amesgaiztoa», 1973an. Etxe barruan norbait zegoela jabetu, eta eskaileran arrapaladan jaitsi zela; erori egin zen, eta atxilotu egin zuten. «Buruan eta hanketan min hartu nuen, eta mediku bat eskatu nuen, eta erantzun zidaten polizia etxean bazirela nahikoa mediku».

Polizia etxean, berehala hasi ziren kolpeak eta irainak. Gorputz guztian jo zutela salatu du. «Inozoa ni, urdailean ez jotzeko eskatu nien, eta haiek bereziki sabelaldean jo ninduten». Maskuria eta uteroa tokiz mugitu zioten, indarkeria haren ondorioz. Pistola buru gainean jarri, eta tiro egitearekin mehatxu egin zioten.

«Emakume gisa ere erabili egin ninduten», laburbildu du. «Biluzteko eta titiburuak erakusteko agindu zidaten, haiek uki zitzaten», salatu du.

Torturak etenik gabekoak izan ziren bost egunez, eta, gaineratu duenez, espetxeratu osteko egunetan odol jarioak izan zituen. Zaurien ondorioz, ospitalean egon zen hilabetez. Abokatuak aske uzteko eskatu zuen, eta garai hartako epaileek ez zuten aintzat hartu eskaera.

Ordutik oinazeak eta lesioak

Bost eguneko torturek oinaze fisikoak eta psikologikoak utzi dizkiote. Kontatu duenez, bizkarrean hartutako kolpeen ondorioz, ordutik oinazea eta lunbalgiak ditu. Halaber, oinetan hartutako jipoiaren ondorioz, bizi osorako lesioa eragin zioten —izaera traumatikoko nekrosi bat—, baita poliartrosia ere. Esan duenez, lo arazoak ditu, halaber. «Ordutik ez dut lortu jarraian lo egitea».

Orain arteko kereilek ez dute arrakastarik izan, baina aurkeztera animatu da Concepcion Edo Gil. «Beharrezkoa eta garrantzitsua da tortura eta tratu txarrak jasan genituen preso politikoek horren berri ematea». Haren esanetan, «ahalik eta gehiena» baliatu behar da Memoria Demokratikoaren Legeak ireki duen zirrikitua.

Esan du belaunaldi gazteek ez dakitela modu basatian jazarri zitzaizkiela frankismoaren aurka borroka egin zutenei. «Ez dakite sindikatu bateko kide izate hutsagatik torturatua izan zintezkeela». Haren ustez, nazioarteko adierazpenak sinatu ditu Espainiak, eta betebeharra du krimen horiek guztiak ikertzeko, eta nabarmendu du beraiek hori egitera bultzatu nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.