Ingurumena

Euskal Herria Bizirik ekimena sortu dute, landa eremua babesteko

Manifestazio bat egingo dute maiatzaren 20an, Gasteizen. Indarrak metatzeari ekin diote.

Euskal Herria Bizirik plataformak Donostian egindako prentsaurrekoa. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko otsailaren 21a
16:22
Entzun

Euskal Herria Bizirik ekimena sortu dute Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako hogei eragile ekologistak, natura ondarea eta landa eremua defendatzeko eta azpiegituren proiektu handien aurka egiteko. «Natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, eta gure habitata babesteko, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe», adierazi du Judith Arriolabengoa Euskal Herria Bizirik ekimeneko kideak, gaur, Donostian egindako agerraldian.

Indarrak metatzeari ekin diotela esan du Rebeca Gonzalez de Alaiza ekimeneko kideak. Horretarako, manifestazio bat egingo dute maiatzaren 20an, Gasteizen, Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik lelopean. Manifestazioa «borrokan jarraitzeko pizgarri bat» izatea nahi dutela azaldu du Gonzalez de Alaizak.

Gainera, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eragileen atxikimendua lortzeko helburua ere badu ekimenak. Larunbat honetan, esaterako, bilera bat egingo dute Nafarroako zenbait eragile ekologistarekin Ziordian (Nafarroa). Apirilaren 22an Erdiz Bizirik plataformak Iruñean egingo duen manifestazioa ere babestu du Euskal Herria Bizirik-ek.

Euskal Herriko hainbat txokotan martxan jartzekoak diren trenbide proiektu eta azpiegiturek, zentral eolikoek, fotovoltaikoek, erraustegiek, berotegi industrialek eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikek landa eremuari kalte egingo diotela azaldu du Elsa Bravo ekimeneko kideak, gaurko agerraldian: «Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak berenganatzen dituzte, eta gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemak desagertzea dakar».

Bravok nabarmendu du ingurune naturala eta laborantza lurrak mantentzea «ezinbestekoa» dela bizitza bermatzeko. «Horiek hondatzen baditugu, atzera bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalak, landa eremuko ekosistemak, eta ekosistema sozialak ere bai», azaldu du.

Izan ere, Euskal Herria Bizirik ekimenak salatu du landa eremua eta hango bizimodua desegiten ari dela, eta hango biztanleen mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagertzen ari direla. Gainera, gaur nabarmendu dute proiektu handi horiek osasunari ere kalte egiten diotela, udalen eta kontzejuen subiranotasuna urratzen dutela, eta «eraso» egiten diotela elikadura subiranotasunari. «Baserri eta etxalde txikietako ustiatze ereduaren desagertzea oso gertu dugu», esan du Bravok.

Halako proiektu handiak egiten dituzten enpresena da egoera horren erantzukizuna, ekimeneko kideen arabera; gaineratu dute erakunde publikoek ere «lagundu» egiten dietela enpresa horiei. Legeak «korporazio handien interesetara» egokitzen dituztela adierazi du Arriolabengoak: «Horrela, diru publikoa patrika pribatuetara eramaten dute. Horrela xahutu da eta xahutzen ari da horrenbeste diru abiadura handiko trenean, erraustegietan eta zabortegi industrialetan».

Pertsonak, ez kapitala

Ekimenak nabarmendu du pertsonengan pentsatutako politikak nahi dituztela, eta ez «kapitalaren interesetan» oinarritutakoak: «Garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko dutenak, energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituztenak».

Euskal Herria Bizirik ekimena osatzen duten eragile ekologisten artean dira Enkarterri Bizirik, Enkarterrin Parke Eolikorik Ez, Karakate Bizirik, Gatikan Interkonexio Eolikorik Ez, Gipuzkoako Mendiak Aske, AHT Gelditu, Makatzak, Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaixo Bizirik, Sañu Bizirik, Soraluzeko Karakate Bizirik, Ekologistak Martxan, AHTaren Kontrako Asanblada, Larramendiko Arnasa, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Oletan Ere Ez, Karakate Bizirik Bergara, Lautadako AHTrik Ez eta Arabako Haranetako AHTrik Ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.