Enpresak

Iberdrolak inoiz baino diru gehiago irabazi du: 4.339 milioi euro

Espainiako adarraren mozkinak, ordea, %19 txikitu direla esan du argindar konpainiak, «zerga eta arauen ondorioz».

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako buruzagia. JJ GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 22a
09:25
Entzun

Energia garestiaren urtea irabazi oparoen urtea izan da Iberdrolarentzat, eta erraz hautsi ditu aurreko urteko markak. 2021eko 3.885 milioi euroren irabazia inoiz argindar konpainiak izandako mozkinik handiena izan zen, baina 2022an aise gainditu du: 4.338,6 milioi euro garbi irabazi zituen, aurreko urtean baino %11,7 gehiago. Emaitzak esperotakoaren gainetik daude, duela urtebete esan baitzuen 4.000 eta 4.200 milioi euro artean irabaztea zela helburua. 2023an %8-10 gehiago irabaztea espero du konpainiak.

CNMV Espainiako merkatuen gainbegiratzaileari igorritako agirian, Iberdrolak ziurtatu du bere adar guztiek hobetu dituztela aurreko urteetako emaitzak, Brasilen eta AEBetan bereziki. Baina bada salbuespen bat: Hego Euskal Herrian eta Espainian aritzen den adarraren mozkina %19 txikitu da, Iberdrolaren esanetan, «arau eta zerga neurrien ondorioz, eta enpresak ez duelako bezeroen bizkar jarri kostuen handitzea».

Arauei dagokienez, ekainaz geroztik indarrean dago Iberiar penintsulako merkatu bateratuan argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko prezio bat ematea. Horren ondorioz, iturri berriztagarriei eta nuklearrari ez diote argindarra ordaindu gasaren prezioan. Argindar konpainiei kalte egin die neurri horrek, eta mesede, berriz, bezeroei.

Zergei dagokienez, energia konpainiek tasa berezi bat ordaindu behar dute, haien irabazi handien zati bat gastu publikorako izan dadin. Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak atzo jakinarazi zuenez, 817 milioi euroren lehen ordainketa bat egin dute azken asteetan energia konpainiek, eta gainontzekoa irailean egingo dute. Zehazki, 2022an eta 2023an Espainian eta Hego Euskal Herrian egindako salmenten %1,2 ordaindu beharko dute zergan; merkatu arautuan egindako salmentak salbuetsita daude.

Zerga horren eta bankuek ordaindu behar dutenaren bilketa Espainiako Ogasunak egingo du, baina haren zati bat emango die geroago foru ogasunei, kontzertu eta hitzarmen ekonomikoetan agertzen diren ekarpenen neurrikoa: %6,2 Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari, eta %1,6 Nafarroari. Guztira aurten eta datorren urtean 500 milioi eurotik gora izatea espero dute.

Iberdrolak kalkulatu du 200 milioi euro ordaindu beharko dituela zerga horregatik, baina 2023ko kontuetatik aterako dela. Edonola ere, diru hori berreskuratzen saiatuko da. Izan ere, Gerardo Codes Iberdrolako zerbitzu juridikoetako zuzendariak iragarri du zerga horren aurkako helegitea jarri duela, «arbitrarioa eta baztertzailea» delako eta Europako arauen aurka doela uste dutelako. Epaileen erabakia datorren urtean espero du.

Iberdrolak ez ezik, hura partaide den Aelec argindar ekoizle handien elkarteak ere Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du zerga bertan behera gera dadin.

Inbertsioak ere, gora

Bilbon egoitza duen konpainiak ziurtatu du %13 handitu dituela bere inbertsioak, 10.730 milioi euroraino. Horietatik, %38 izan dira Europako Batasunean, %25 AEBetan, %20 Latinoamerikan eta %13 Erresuma Batuan. Inbertsioaren %90 energia berriztagarrietan eta sare adimentsuetan egin du.

Azaroan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin izandako bileran, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak nabarmendu zuen urteko lehen bederatzi hilabeteetan 2.300 milioi euroren ekarpena egin ziola konpainiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari, 2021ean baino %30 gehiago. Horretatik, 1.700 milioi euro izan ziren 600 hornitzaileri egindako erosketak, 400 milioi zergetan ordaindutakoak, eta gainontzekoak, berriz, inbertsioak.

Gas eta ikatz gehiago erre zuen

Iberdrolak argindarra sortzeko baliatutako iturrietan aldaketa esanguratsuak izan ziren 2022an. Ziklo konbinatuko zentralek %61 gehiago ekoitzi zuten eta %56 gehiago ikatza erretzen duten zentral termikoek, eta horrela konpentsatu zuten uda lehorrak eta beroak zentral hidraulikoen ekarpena %40 gutxitu izana. Parke fotovoltaikoen hedapenak %30 handitu zuen iturri horren ekarpena, eta antzera aritu ziren nuklearra (+%4) eta eolikoa (+%1).

Azken urteetan, energia berriztagarrietan inbertsio handiak egin ditu Iberdrolak, eta dagoeneko 40.000 megawatt-orduko potentzia dute. Hurrengo lau urteetan beste 7.675 MW gehitzeko moduan egongo direla iragarri du konpainiak, eta horien erdiak itsasoko parke eolikoetan egongo dira.

49 zentimoko dibidendua

Iberdrolaren akziodunek etekina aterako diete enpresaren emaitza onei. Urtarrilean, akzio bakoitzeko 0,18 euro ordaindu zieten, eta orain beste 0,31 ordaintzea proposatu du konpainiako administrazio kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.