GERRA UKRAINAN

Itun nuklearretik ateratzearen ondorioez ohartarazi du Moskuk

Medvedeven arabera, «oihartzun handia» izango du munduan, eta, «bereziki», AEBetan. Kremlinek Kharkiveko industria azpiegiturak bonbardatu ditu, eta Moskuk salatu du Errusiako herri bati eraso egin diotela.

Ukrainako armadako soldadu bat morteroa jaurtitzen, asteon, Donetsk inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 22a
13:28
Entzun

Errusiak behin-behinean eten du AEBekin sinatua zuen itun bakarra, arma nuklearrak kontrolatzeari buruzkoa, eta Moskuk erabaki horren ondorioez ohartarazi du. «Oihartzun handia izango du munduan, eta bereziki AEBetan», idatzi du Telegramen Dmitri Medvedevek, Errusiako presidente ohi eta Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak. Vladimir Putin Kremlineko buruak atzo jakinarazi zuen bertan behera utzi duela START Berria akordioa, eta Errusiako Behe Ganberak erabakia aho batez onartu du gaur.

Putinek AEBak egin ditu deliberatutakoaren erantzule, eta Kremlinaren inguruko buruzagiek babesa adierazi diote. Viatxeslav Volodin Behe Ganberako presidentearen arabera, Washingtonek Errusiaren segurtasun eskaerei muzin egin zien, dituen obligazioak bazter utzi ditu, eta egotzi dio «nazioartearen egonkortasunerako» arkitektura «txikitzea». Medvedeven esanetan, Errusiak akordioa eten behar izan du, AEBek eta NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko herrialdeek «gerra deklaratu» diotelako. Dena den, Moskuk aurreratu du «bete» egingo dituela itunak arma nuklearrentzat zehazten dituen mugak, eta AEBei jakinaraziko diela euren armategian «aldaketarik»egiten badute.

Ikusi gehiago: Errusiak eten egin du arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen ituna

Hain zuzen, Medvedev Errusiako presidentea izan zen 2008tik 2012ra, eta 2010eko apirilean sinatu zuen ituna Pragan, Barack Obama AEBetako presidente zenarekin (2009-2017). Duela bi urte 2026ra arte luzatu zuten, eta horretan jasota dago, besteak beste, gehienez 1.550 jaurtigai nuklear izan ditzaketela bi herrialdeek, eta ezarria du lurreko eta itsaspeko misil eta bonba jaurtitzaile nuklearren gehienezko zenbatekoa ere: 700 unitate. Horrez gain, bi estatuei debekatzen die arma horiek beren eremuetatik kanpo ezartzea. Gainera, batak zein besteak aukera du bestearen armategi nuklearra urtean hemezortzi aldiz ikuskatzeko. Finean, helburua da bi potentziek mugak ezartzea beren arma nuklearren kopuruari.

Iazko abuztuan, Errusiak jakinarazi zuen bertan behera utziak zituela AEBak bere armategian egitekoak ziren ikuskaritzak, argudiatuz kontrakoa gertatzen denean Washingtonek oztopoak jartzen dizkiela ikuskaritzei. Horregatik nabarmendu zuen Putinek, atzo, «absurdoaren antzerkia» dela NATOk Errusiari ituna betetzeko egindako eskaera. AEBak eta Errusia dira buru nuklear gehien dituzten herrialdeak: Zientzialari Estatubatuarren Federazioak iazko azaroan kaleratutako datuek diotenez, AEBek 5.428 dituzte, eta Errusiak, berriz, 5.977; hau da, munduan dauden buruen %90.

Horrekin guztiarekin lotuta, Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek adierazi du ez duela baztertzen etetea AEBek START Berria akordioa. «Zaila da zer egingo duten aurreikustea, baina aurrez hitzarmen asko bertan behera utzitakoak dira».

Bitartean, Txinak protagonismo geroz eta handiagoa du gatazkan. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin eta Putinekin bildu zen atzo Txinako diplomaziaburu Wang Yi. Bilera hasi baino lehen, estatuburuak nabarmendu du bi herrien arteko elkarlana «oinarrizkoa» dela «nazioarteko orekari eusteko». Wangek, berriz, ohartarazi du «beste herrialde batzuek» ez dutela aldatuko Errusia eta Txinaren arteko harremana, eta berretsi dio Putini Pekinek «modu eraikitzailean» jokatuko duela, Ukrainako gatazkari irtenbide politikoa bilatzeko ahaleginean. «Gure harremanek aurrera egin dute dinamikoki, eta, nazioarteko gatazkak gorabehera, elkarren defentsan hitz egiten jarraitu dugu», azaldu du Lavrovek, Pekinek balizko «bake proposamen bat» aurkeztu bezperan.

Beste urrats bat

Putinek akordiora itzultzeko jarri duen baldintzetako bat da Erresuma Batuaren eta Frantziaren armategiak ikuskatzeko moduan egotea. Londresek 225 buru ditu, eta Parisek, 290. Hain justu, atzo azpimarratu zuen horien buru nuklearrak Errusiara begira daudela. Nolanahi ere, zenbait adituk nazioarteko hedabideetan adierazi dutenez, are arriskutsuagoa litzateke Putinek urrats bat gehiago egitea, eta bertan behera uztea arma nuklearren mugimenduei buruzko ohiko txostenak eta datu trukeak.

Gerra frontean, Ukrainak salatu du Errusiak Kharkiv hiriko industria azpiegiturei eraso egin diela misilekin, eta, horren ondorioz, bi zibil zauritu dituztela. Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod (Errusia) eskualdeko gobernadoreak jakinarazi du Shebekino herriko merkataritza gune bat bonbardatu dutela, eta pertsona bat zaurituta ospitaleratu dutela. Khersonen, berriz, bi pertsona hil dira Errusiak egindako bonbardaketetan.

Bestalde, Errusiak Nazio Batuen Erakundeari leporatu dio Zaporizhiako zentral nuklearrean (Ukraina) dauden IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileen txandakatzea blokeatzea. Instalazioa, Europako zentral nuklearrik handiena, Errusiaren kontrolpean dago iazko martxorik, eta Ukrainako Atzerri Ministerioak salatu zuen, igandean, Errusia txandakatze hori blokeatzea. Orduan kaleratutako oharraren arabera, hilaren 7an zen egitekoa txandakatzea. Hiru aldeak segurtasun eremu bat ezartzea negoziatzen ari dira; izan ere, inbasioa hasi zenetik bonbardaketak ohikoak izan dira instalazioaren bueltan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.