Enpresak

Elecnor taldeak 157 milioi euro inbertitu ditu Erriberako lau parke eolikotan

Parke horiek eraikitzen ari da egun, eta maiatzetik irailera bitartean jarriko dira abian. Orotara, urtean 431 gigawatt-ordu ekoizteko ahalmena izango dute.

Maria Txibite, Itziar Gomez kontseilaria eta Enerfin enpresako arduradunak. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2023ko otsailaren 22a
15:36
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Erriberan izan da goizean, Corellatik gertu den Corral del Molino I parke eolikoan. Elecnor taldea, Enerfin enpresaren bitartez, beste hiru parke eoliko eraikitzen ari da, gainera: udalerri horretan, Tuteran eta Fontellasen.

Bisitan, Txibitek azpimarratu du Nafarroak energia berriztagarrien aldeko «apustu handi eta irmoa» egin duela. Elecnor taldeak 157 milioi euro inbertitu ditu proiektu horretan, eta diru laguntza zuzenen eta zerga kenkarien bidez babes publikoa izan du. 2020an bertan foru intereseko inbertsio gisa deklaratu zuen gobernuak.

Txibiterekin batera izan dira Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, inguruko herrietako alkateak eta Enerfin enpresako arduradunak —hala nola Jose Castellanos zuzendari nagusia—.

Lau parke eolikoak maiatzetik irailera bitartean jarriko dira abian. Orotara, 24 haize errota dira, eta urtean gehienez 122.000 sendiren argindar kontsumoaren pare ekoizteko ahalmena dute —431 gigawatt-ordu, alegia—. Haize errota horien instalazioari eta argindar ekoizpenari esker 107.700 tona CO2 isurtzeari utziko zaiola dio gobernuak.

Lau parke horiez gain, 2001etik beste parke bat kudeatzen du Elecnor taldeak Tuteran (Montes del Cierzo), eta haren instalazioak berritzeko eta handitzeko baimena eskatua du.

Txibiteren arabera, «Nafarroan sektoreko erreferenteetako bat» bihurtu da Enerfin, eta «hori azpimarratzeko modukoa da». Gaineratu duenez, lau parke eolikoak eraiki bitartean 400 enplegu zuzen sortu dituzte.

Enerfineko zuzendari Jose Castellanosek adierazi du konpromisoa dutela «luzarorako inbertitzaile» izateko. «Zailtasunak egongo badira ere, ez dugu konpromiso hori apaltzeko asmorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.