Udal politika

Labriteko pasarelaren obretan legez kanpoko gainkostua egon dela salatu du Iruñeko EH Bilduk

Koalizioaren arabera, hasierako aurrekontuarekiko aldea handiagoa da legeak baimendutakoa baino, eta, horri ihes egiteko, Enrique Maiaren udalak zatikatu egin du ordainketa

Behin konponduta, asteazkenean inauguratu da Labriteko pasarela. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2023ko otsailaren 24a
14:26
Entzun

Iruñeko Labriteko pasarela berritzeko adjudikazio kontratua 593.000 eurokoa izan zen. Duela hamar urte egindako obren okerra zuzentzeko, ordea, gutxienez 1,45 milioi euro ordaindu direla ondorioztatu du EH Bilduk, eta ondorioz %70 inguruko gainkostua egon dela salatu du Joseba Asiron hautetsiak. «Hori da zentzugabekeria honen erradiografia».

Iruñeko udaletxean eskainitako prentsaurreko batean, Asironek eta Borja Izagirrek azaldu dute desbideratze hori estaltzeko Iruñeko Udalak obrarekin loturiko hiru kontzeptu bereizi dituela: obra ziurtagiriak, aldamioen alokairua eta beste ordainketa txikiago batzuk.

Izagirrek aipatu duenez, kontratu publikoen legeak zehazten du kontratu publikoetako gainkostuek interes publiko bati erantzun behar diotela eta egindako aldaketa guztiek ezin dute %50eko muga gainditu. «Hortxe datza espediente honen iruzurra». EH Bilduk susmatzen du ordainketak hiru bloketan banatu dituztela muga horren azpitik ibili diren itxurak egiteko .

Hamarkada bateko gorabeherak

Berez, 2010eko abenduan inauguratu zen Labriteko pasarela, Yolanda Barcina alkate zelarik, udal hauteskundeetarako sei hilabete eskas falta zirela. Agintaldi hartan Enrique Maia izan zen Hirigintza hautetsia, eta hark eman zion baimena obrari. EH Bilduk gogora ekarri duenez, obra «presaka» egin zen, halako azpiegiturek behar dituzten erresistentzia eta segurtasun probak egin aurretik.

Ondorengo agintaldian, Maia alkateak ez zuen ezer egin, eta Joseba Asironen agintaldian, 2016an, udalak segurtasun akats larriak atzeman zituen. «Gure agintaldian udaleko teknikariek egindako lan guztia zaborretara bota du UPNk agintaldi honetan, eta zentzugabekeria hau guztia 1,4 milioi euro kostatuko zaigu», salatu du Asironek.

2010eko obra beste 635.000 euro kostatu zela kontuan harturik, pasarelak guztira bi milioi euroko kostua izango du iruindarrentzat, EH BIlduren arabera. Azken urteetan egin diren beste pasabideen aldean, bi edo hiru aldiz handiagoa.

Ordainketen bereizketa

EH Bilduk nabarmendu du ondorio horiek guztiak «ikerketa baten emaitza» izan direla, eta, udal organoetan aurkeztutako fakturak aztertuta, ikusi dutela ordainketa bereizteko saio bat egin duela udalak.

Alde batetik, obraren ziurtagirien kostua dago —gaur-gaurkoz, 699.000 eurokoa—, eta horri gehituz gero obrarekin loturik dauden baina bereizi egin dituzten lanen faktura 870.000 eurokoa da: «Zifra horiekin, desbideratzea %46,7koa, eta oraindik beste ziurtagiri baten faktura falta da. 150.000 euro ingurura iritsiko da, eta legezko %50eko muga gaindituko», adierazi du Izagirrek.

Iruñeko Udalak, baina, publikoki adierazi du erreparazio obra horiek 807.000 euro kostatu direla. Egiazko informazioa ezkutatzen ari direla salatu du EH Bilduk, eurek jada atzemandako 870.000 euroko faktura horri aldamioen kostua gehitu behar zaiolako, gainera: «Mundu guztiak daki obra bat egiteko proiektuak segurtasun arloko aurrekontua jaso behar duela eta bertan sartzen direla aldamioak, eta udalak bereizi egin du hori», esan du Izagirrek. Aldamioetarako aurrekontuan 40.000 euroko kostua jaso zen, baina 143.300 eurokoa izan da.

Azkenik, pasabidea konpontzeko lanetan 105 egun ematea jaso zuen proiektuak, eta, azkenik, ia urtebete (350 egun) behar izan da.

Aseguru etxeen auzia

Udalak argudiatu du erantzukizun prozedura bat irekiko duela konpontzeko lan horiengatik, eta aseguru etxeei ere erreklamatuko die ordainketa. Alta, Asironek aipatu duenez, Enrique Maiaren udal gobernuak «urritik ezkutatu egin ditu aseguru etxeek udalaren erreklamazioaren aurka jarritako alegazioak». Halaber, 2021eko maiatzean aseguru etxeetako adituek 817.000 eurotan baloratu zuten obraren kostua, eta «antiekonomikotzat» jo zuten.

Hori guztia ikusirik, Asironek salatu du ez Enrique Maia alkateak eta ez haren udal gobernuko inork ez duela erantzukizunik hartu. «Euren erantzukizun politikoa ezkutatzea beste helbururik ez du iruzur horrek guztiak», salatu du Asironek. «Gauza larriak dira: diru publikoa xahutu dute, eta legez kanpoko praktikak egin dituzte». Denborak EH Bilduri arrazoi eman diola gaineratu du.

Aurrera begira, berriz ere batzorde berezi bat sortzeko eskaera egingo dute, eta, aurrera atera ezean, hurrengo agintaldian konpromiso irmoa hartuko dute udal gobernura iristean pasarelarekin lotutako «euro bakoitza zorrotz kontrolatzeko».

Navarra Sumaren erantzuna

Eskuineko koalizioak ukatu egin du EH Bilduren salaketa. «EH Bildu etsi-etsian dabil, baina ez da ordainketarik bereizi, eta ez zaio kontratuen legea betetzeari utzi».

Navarra Sumak aipatu du Nafarroako Kontuen Ganberak ez zuela arazorik ikusi obraren kostuaren %80 ikuskatu ostean. Koalizioak nabarmendu du Joseba Asironen udal gobernuak Pio XII.a etorbidearen obratan kostuaren %22 desbideratu zuela, «orduko legeak %20ko muga ezartzen zuen arren». Navarra Sumaren arabera, Asironek bere udalaren aurkako hainbat epai izan zituen, eta «deigarria» egiten zaio orain hori leporatzea «organo ikuskatzaileak arazorik ez dagoela dioen honetan».

Navarra Sumak gehitu du EH Bilduk gaur «lorpen gisa» aurkeztutako faktura guztiak «gardentasun osoz» pasatu zitzaizkiola. «Udalak publikoki eman du gastu guztien berri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.